politika
Hauteskundeen aurrerapena
Enekoitz Esnaola
1. 1986an bost hilabeteren tartearekin izan ziren bi bozak —lehenik, Espainiakoak—, eta talde abertzale nagusiek EAEkoetan 10 puntu gehiago erdietsi zituzten; unionistek, 10 puntu gutxiago.
2. 1989-Espainia / 1990-EAE: abertzaleek erkidegoko hauteskundeetan estatalekiko +6 puntu, unionistek, -3 puntu.
3. 1993-Espainia / 1994 -EAE: abertzaleek +8 puntu, unionistek -9 puntu.
4. 1996-Espainia / 1998-EAE: abertzaleek +9 puntu, unionistek -5 puntu.
5. 2011-Espainia / 2012-EAE: abertzaleek +8 puntu, unionistek -9 puntu.
PSE-EE eta PP beheraka doaz EAEn, eta, Ahal Dugu-ren sarrerari esker, bakegintzaren eta estatus politiko berriaren ardatzak gauzatuz joateko aukera sendoak sor daitezke. Are sendoagoak erkidegoko bozak ez eginez gero Espainiakoekin batera. Zenbakiek diote hori. Urkullu lehendakariaren esku dago deialdia, data. EAJk legealdi honetan lehentasunezko harremana du PSE unionistarekin, baina horrek ez dio onurarik ekarri bakegintzan eta estatus politiko berrian. Eta PSEk aulki gehiago lituzke bi hauteskundeak egun berean balira, bestela baino.
Urkulluk bozak aurreratuz gero, erabakia kontrako eztarrira joango litzaioke EH Bilduri; eta han, bereziki, ezker abertzaleari, Abianeko estrategia berria garatzen hasteke dela. Baina hori ezker abertzalearen arazoa da, berak kudeatzen baititu bere estrategiako denborak, eta, kanpoko halako faktoreengatik, arriskua du berriro berandutxo edo atzetik ibiltzeko. Arraizek, aurrerapenak euren estrategiari mesederik egingo ez liokeela aipatzeke baina hain segur hori gogoan duela, Urkulluri eskatu dio ez ditzala bozak Espainiakoekin batera jarri, eta noiz izango diren oraintxe argitzea ere galdegin dio. Logikoa da azken eskaera ere, Urkulluk ezegonkortasun edo ez-ziurtasun egoera bat sortu baitu aurrerapenarena botata. Gainera, besteek ez bezala, EAJk jakin dezake noiz izango diren EAEko hauteskundeak, eta hori abantailarekin jokatzea da.