astekaria 2016/04/08
arrowItzuli

politika

Olatu handiari ufaka

Jokin Sagarzazu

Olatu handiari ufaka

Lehenengoz bildu zirenean, eskatu zieten galdera bat idazteko Euskal Herriaren estatus politikoari buruz. Eta gorde egin zituzten paperak. 27 pertsona zeuden bilera hartan, eskualdeko soziologiaren lagin moduko bat. Erronka: galdera bakarra adostea. Hiru hilabeteko prozesu baten ostean, herritarren eta eragileen iritziak jasota, eta hainbat eztabaida eginda, lagun horiek denak ohartu dira hitzartutakoa ez dela bilera hartara motxilan eraman zuten berbera. Inork ez du asmatu, ez du lortu berea gailentzea. Bihar emaitza, Legazpin (Gipuzkoa).

«Adosteak esan nahi du bakoitzak dituen exijentziak alde batera uztea, entzutea, elkar ulertzea, zubiak sortzea; funtsean, elkarbizitzan sakontzea». Ikuskera oso bat laburbiltzen dute Angel Oiarbideren hitzek. Gure Esku Dago mugimenduko kide ezagunetako bat da bera. Beasaindarra, Gipuzkoako Goierrikoa. 2007an eskualdean Nazioen Mundua egitasmoa abiatu zutenetik, hango 22 udalerrietan osatu dituzte erabakitzeko eskubidearen aldeko plataformak, eta urtebete inguru eman dute ekainean egingo duten galdeketa prestatzen, talde horiek denak biltzen dituen Elkarrekin elkartean. Oiarbidek azpimarratu duenez, biharkoa «beste pauso bat baino ez da». Galdera adostuta, aurrera begira jarriak dira, aldeko eta kontrako erantzunen argudioak lantzeko garaian. Ondoren iritsiko da emaitza, baina ez prozesuaren amaiera. « Horiek denak pausoak dira, baina helburua da urratsa egitea, aztarna uztea eskualdean».

Goierrin bezala, Gipuzkoako Azpeitian, Debagoieneko zortzi udalerrietan eta Arabako Aramaion, Bizkaiko Ispasterren eta Diman, eta Nafarroako Bakaikun egin asmo dituzte galdeketak ekainean. Denera, 150.000 herritar inguru bizi dira leku horietan, eta 16 urtetik gorakoek izango dute botoa emateko aukera. Lehen haize ufada izango da, datorren udaberrian etor daitekeen olatu handiaren aurrekoa. Asmo horrekin lanean dabiltza, behintzat, herri eta eskualde ugaritan —infografian, orain arte Gure Esku Dago mugimenduak baieztatu dituenak— .

«Independentzia hitza beti izan da zigortua Euskal Herrian, baina hitz horrek mobilizatzeko ahalmen handia daukala ikusten ari gara gure herrian». Lazaro Azkunerenak dira hitzak, Azpeitiko Hitzartu elkartekoa. Pozik da ekainaren 12rako iragarri duten galdeketari begira orain arte eginiko lanarekin. Herrian lortu duten mobilizazioa «handia» dela dio. Azaldu du herriko taldeek —kulturakoek, kirolekoek...— ekitaldiak antolatzen dituztela eta Hitzartu-koek horiek koordinatu baino ez dutela egin behar. «Natural-natural sortzen da dena; ez dugu buruhausterik ia».

Debagoienean ere nabari dute «gogoa». Eskualdean galdeketa egiteak, baina, koordinazio handiagoa eskatzen du. Oñatiko Lierni Olmedo ari da horretan. «Hilabetean 5.000 sinadura jaso ditugu galdeketa egitearen alde». Batzordeen lanean ere jarri du «termometroa»: «Ia egunero ditugu bilerak». Olmedok azpimarratu duenez, askotariko jendea ari da parte hartzen: andreak eta gizonak, gazteak eta adinekoak, eta joera politiko ezberdinetakoak: «Elkar ezagutzen ez genuenak». «Gai hau beti utzi dugu politikarien esku, baina konturatu gara gogo handia dagoela kalera ateratzeko».

Horretarako lagun izan dituzte Gure Esku Dago mugimenduko adituak. Herri galdeketak egiteko protokolo bat egin zuten iaz —gureeskudago.eus webgunean eskura daiteke, herriz herri atalean, materiala azpiatalean—. Baldintza juridikoak eta politikoak jasotzen dituen gida moduko bat da: besteak beste, galdeketak egin ahal izateko legezko elkarteak nola sortu azaltzen du. Ikuspegi tekniko batetik ere prozesua garatzeko aholkuak jasotzen ditu, eta galdeketa bera egiteko tresnak eskaintzen ditu. Printzipioak: gardentasuna, aniztasuna eta zilegitasuna. Eta helburua: herritarrak ahalduntzeko tresnak izatea herri galdeketak. Parte hartzea, mobilizazioa: herritarrek galdetuak izateko nahia dutela erakustea. 2014an eginiko giza katearekin abiatutako bidea ez etetea. «Galdeketa baino garrantzitsuagoa da prozesua, parte hartzea; benetan erabaki ahal izango dugun eguna etortzen denerako, prest egon gaitezen denok. Nik argi daukat prozesu honen ondoren jakitunagoak izango garela», azpimarratu du Oiarbidek.

Bihotza eta burua

Ehundu, adostu eta erabaki. Hiru ideia, hiru fase. Hala laburbildu dute prozesu osoa Goierrin. Erein, loratu eta uzta jaso, Debagoienean. Eta itzartu, hitzartu eta hitza hartu, Azpeitian. Azkenengo biak, jada, hirugarren fasean daude, behin galderak adostuta, berbera bietan; baita eguna ere.

Urtebete inguru behar izan dute horretarako. Gure Esku Dago-ren protokoloari jarraituz, batzorde sustatzaile bat osatu zuten aurrena, eta elkarte moduan erregistratu gero: Hitzartu eta Erain. Ondoren, galderaren batzorde bat sortu zuten, «ahalik eta pluralena», 15 eta 30 bat lagunek osatutakoak, hurrenez hurren. Haiek adostu dute galdera, aurretik eragileekin eta herritarrekin proposamen ezberdinak «kontrastatu» ondoren. «Herri batzuetan batzar irekiak antolatu ditugu; beste batzuetan, herritar taldeekin bildu gara, galdeketei buruz zer pentsatzen zuten jakiteko, zein helburu zituzten, zein ikusten zuten garai egokiena egiteko, eta zein galdera egokiena», azaldu du Olmedok. Aurretik galdeketak egin dituztenekin ere izan dira, Etxarri Aranazkoekin (Nafarroa) eta Kataluniakoekin. «Aztertu ditugu haiek eta beste batzuek eginiko galderak. Guk azkar eta arazorik gabe adostu genuen gurea. Eta ez genuen beharrik ikusi beste batzuen zain geratzeko», azaldu du Azkunek. Eta Olmedok: «Azpeitikoak erantzun ona izan zuela ikusi genuen, eta galdera eta egun berean egitea adostu genuen guk, arazorik gabe». Biek azpimarratu dute aho batez hartu dituztela erabakiak batzordeetan.

Galdera adostu ondoren, sinadurak biltzeari ekin zioten, aipatu protokoloari jarraituz. Azpeitiko eta Debagoieneko herritarren %10en babesa lortu nahi zuten, gutxienez, eta, hasi eta berehala gainditu zuten langa: hamar egunen bueltan. Orain, hirugarren eta azken fasean daude, herritarrak «aktibatzen eta informatzen», zenbait ekitaldiren bidez; bereziki, hitzaldi, mahai inguru eta eztabaida irekiekin. Galdeketa egunerako lantaldeak ere hasi dira osatzen; horretarako ere jende faltarik ez dutela izango uste dute Azkunek eta Olmedok.

«Herritarrek sentitu behar dute prozesu honetan pertsona aktiboak direla, eta ez ikusle hutsak», azpimarratu du Debagoieneko taldekoak, abiatu berri duten «eztabaida faseari» buruz. Galderaren bi erantzun posibleei buruzko aldeko eta kontrako argudioak elkarren ondoan «naturaltasun osoz» jartzea da helburua. «Bihotzak esango dizu bai edo ez, baina arrazionalki zalantzak izan ditzakegu; horiek argitzeko behar diren argudioak —ekonomikoak, politikoak, kulturalak...— elkarrizketan jarri behar ditugu», azaldu du Oiarbidek: «Horrek ez du inondik inora gizartea zatitzen, kontrakoa baizik».

Lan horretan hasiko dira Goierrikoak, bihartik aurrera. Aurretik, eta galdeketara iristeko bideaz, «berezitasun» batzuk azpimarratu ditu Oiarbidek. Han, adibidez, sinadura bilketa egin zuten, eta, gero, galdera adostu. Eta prozesu hori izan da «bereziki» ezberdina. Horretarako sortu zuten 27 lagunez osatutako batzorde bat, eskualdeko ezaugarri soziologikoak kontuan hartuta, halako prozesuetan aritua den lantalde baten laguntzarekin. Otsailean, batzar ireki bat egin zuten Idiazabalen, eta hara joandako 180 lagunekin eginiko eztabaidan ateratako ondorioetan oinarrituta adostu du galdera batzordeak. «Gurea eredu bat da, inperfektua, baina asko ikasi dugu bertatik», dio Oiarbidek.

Lehen galdeketa Etxarri Aranatzen egin zuten, apirilaren 13an bi urte. Herritar talde batek antolatu zuen, udalaren ahalegina auzitegiek baliogabetu ostean. A13 plataformak egin zuen dena, protokoloa, galdera, galdeketa... prozesu parte hartzaile baten bidez eta Kataluniako ereduari jarraituz. Honela gogoratzen ditu ordukoak Manu Gomezek, A13ko bozeramaileak: «Esperientzia aberasgarria izan zen herrian; iritzi ezberdinak naturaltasun osoz eta errespetuz tratatuak izan ziren». Harentzat, hauek dira hitz gakoak: zuzentasuna, gardentasuna eta zorroztasuna. Eta, bereziki, «ausardia».

Etxarri Aranatzen ostean egin zuten galdeketa Arrankudiaga-Zollon (Bizkaia), azaroan. Tartean, ekainean, Durango eta Iruñe arteko giza katea. Penatuta dago Gomez orduko olatua baliatu ez zelako; azpimarratu du Katalunian zortzi hilabeteko epean egin zituztela galdeketa ia denak —Bartzelonakoa salbu; denera, 20 hilabete—. Orain abiatzen den fase berriari itxaropenez begiratzen dio. Baina argi dauka: «Galdeketak ez dira denboran gehiegi luzatu behar: ezin gara tantaka joan; eurite bat izan behar du».

BERRIAn argitaratua (2016/04/07)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA