astekaria 2015/10/16
arrowItzuli

ekonomia

Diesel versus gasolina

Xabier Martin - Arnaitz Lasarte

Diesel versus gasolina

Auto elektrikoaren edo hibridoen aukerak baztertu badira, erosle batek hainbat aldagai kontuan hartu beharko lituzke normalean urtetarako bereganatuko duen autoa diesela edo gasolina izango den erabaki aurretik. Azken urteetan gasolioa gailendu da Europako merkatuan, baina geroz eta argiagoa da urtero milaka eta milaka eroslek ez dutela hautu egokiena egiten kontzesionarioetan, merkatuaren joeraren inertziak bultzaturik erabakitzen dutelako, benetan komenigarriena dena bigarren mailan utzita. Hona hemen motor bat ala bestea aukeratzeko kontuan hartuko beharko liratekeen oinarrizko aldagaiak.

URTERO EGINDAKO KILOMETROAK

Urtean 15.000 kilometro baino gutxiago eginez gero, gasolina motorreko autoa erosi beharko litzateke, oro har. Dieselak 2.000-3.000 euro garestiagoak dira, parekide diren potentziako motorrak alderatuz gero. Dieselaren aldeko inbertsioari etekina ateratzeko, 15.000 kilometro egin behar dira urtean gutxienez. Gasolina garestiagoa da gasolioa baino, eta, gainera, dieselak kontsumo txikiagoa dauka; baina hasierako inbertsioari buelta emateko, gutxienez 200.000 kilometro inguru egin behar direla diote adituek. Hortik behera, nekez aterako dio erosleak etekina diesel autoari, besteak beste gasolinaren eta gasolioaren arteko aldeak asko txikitu direlako prezioan. Hamar zentimoren aldea dago gaur egun gutxi gorabehera; orain hamar urte, %20ren aldea zena %8 inguruan geratu da.

EROSOTASUNA MARTXAN

Egungo dieselak ez dira garai bateko motor baldar eta zaratatsuak, baina oraindik ez dira iritsi gasolina motor batek eskaintzen duen erosotasun mailara. Gidatzean gasolina suabeagoa da, dardara gutxiagokoa, eta motorraren indarra berehala sentiarazten dio gidariari. Diesel berriak, ordea, asko hobetu dira arlo horretan, eta hirigunetik kanpo ibiltzean ez dago horren besteko alderik. Hiri barruan, berriz, eta auto txikietan batez ere, nabarmena da bataren eta bestearen aldea erosotasunari dagokionez.

PREZIOA ETA MANTENTZEA

Esanda dago diesela garestiagoa dela, azken urteetan izan duen garapen teknologikoa askoz ere handiagoa delako. Azken belaunaldiko diesel motor batek eraginkortasun harrigarria eskaintzen du potentziaren eta kontsumoaren aldetik, baina motorren konplexutasun horrek berak mantentze garestiagoa eskatzen du tailerrean. Pieza gehiago dauzka, konplexuagoak, eta horrek matxura arriskua handitzen du. Gasolina motorra askoz ere soilagoa da, eta merkeagoa tailerreko mantentzeari begira.

ERREGAI KONTSUMOA

Dieselak gasolinak baino gutxiago kontsumitzen du. Horregatik eta gasolioa merkeagoa delako gailendu zaio azken hamar urtean gasolinari. Baina horretan ere aldeak txikitzen hasi dira. Hiru zilindroko gasolina motor berrietan kontsumoa izugarri txikitu da, eta auto txikietan apenas dagoen alderik. Hiri barruan, eta 15 kilometro baino gutxiagoko tarteak eginez, ez da nabarituko ia alderik. Diesel motorraren olioa berotzeko tarte nahikoa dagoenean, bai. Neurri handiko autoetan ez dago zalantzarik: diesela eraginkorragoa da, pisua eramateko potentzia handiagoa daukalako kontsumo txikiagoarekin. Auto txiki eta ertainetan, berriz, gasolina motor berrien abantailak handiagoak dira, betiere urteko kilometrajea 15.000tik beherakoa bada.

ASEGURUA ETA ZERGEN PREZIOA

Ibilgailuaren asegurua haren prezioarekin bat dator: autoa zenbat eta garestiagoa izan, orduan eta aseguru garestiagoa. Dieselak -motor parekidearekin eta luxu bereko autoetan betiere- salneurri garestiagoa duenez, aseguruan ere gehiago pagatu beharko da. Horrez gain, potentziarekin lotzen dituzte udal askok ibilgailuen zergak, eta, hor, zilindro bolumenak finkatuko du prezioa. Baina gero eta zabalduago dago kutsaduraren arabera gainkostuak ezartzea zergetan, eta hor ere diesela galtzaile ateratzen da argi eta garbi.

BERRIAn argitaratua (2015/10/10)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA