astekaria 2016/04/08
arrowItzuli

mundua

Bi mahai, prozesu bakarra

Jose F. Alamo

Bi mahai, prozesu bakarra

Gerrillak bukatzea posible da Kolonbian. Iragan martxoaren 30ean Kolonbiako Gobernuak eta ELN Nazioa Askatzeko Armadak iragarri zuten elkarrizketa publikoak abiatuko dituztela Kolonbiako Gobernuak eta ELN Nazioa Askatzeko Armadak. Mende erdi baino gehiagoko gatazka amaitu daiteke. Zortzi milioi biktima guztira. Hala ere, 2012an Habanan FARCekin abiatutako prozesuan gertatzen den moduan, erronkak handiak dira, eta zuhurrak izatea komeni da.

Bake prozesuaren aukera aztertzeko elkarrizketak 2014ko urtarrilean abiatu zituzten gobernuak eta ELNk. Ekuadorren, Brasilen eta Venezuelan hitz egin dute elkarrekin. Iazko urte amaierarako espero zen elkarrizketa publikoen hasiera iragartzea, baina Kolonbiaren eta Venezuelaren arteko mugako kontuzko egoerak iragarpena korapilatu zuen.

Agenda FARCekin egiten ari direnaren antzekoa da. Badu berezitasun bat: gizartearen parte hartze handiagoa. ELNren ordezkaritzak propio egindako eskaera da. Antonio Garci da ELNren ordezkaritzako buru. Lau hamarkada baino gehiago daramatza gerrillan. Gobernuak, berriz, Frank Pearl ekonomialari eta politikaria aukeratu du negoziazioa gidatzeko. Pearlek parte hartu du FARCekin egiten ari diren negoziazioetan ere. Negoziazio mahai nagusia Ekuadorren egongo da. Hala ere, Ekuadorren, Venezuelan, Txilen, Brasilen eta Kuban egingo dituzte saioak. Herrialde horiek dira prozesuaren bermatzaileak, Norvegiarekin batera.

Bi aldeek lelo bera dute: Bi mahai, prozesu bat. Habanan FARCekin aurreratutakoa baliatu nahi dute. «FARCen eta ELNren prozesuak ezberdinak dira, baina gatazkaren amaiera bakarra da», esan du Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteak. «Ez dugu beste Egiaren Batzorde bat hitzartuko, ez beste Bakerako Auzitegi bat, ez behin betiko su-etenerako beste prozedura bat eta ezta beste Nazioarteko Egiaztatze Batzorde bat ere», gehitu zuen.

Nahasmena dago ELNren egiturari buruz. FARCen urte berean sortu zen, 1964an. 1.300-2.000 gerrillari dauzkala uste dute; FARCek, berriz, 6.000 baino gehiago. Dena den, ELNk hainbat eskualdetan jasotzen duen babesak kopuru hori nabarmen handitu dezakete. ELN FARC baino politizatuago dago. Bere ideologiak nahastu egiten ditu marxismoa, kristautasuna eta muturreko abertzaletasuna. Lurraren eskubidea, ingurumenaren babesa eta aberastasunaren bidezko banaketa aldarrikatzen ditu.

Kide gutxiago

Fronterik aktiboenak ABC eremuan —Arauca, Boyaca eta Casanare—, Santander iparraldean, Chocon, Caucan eta Nariñon dauzka. Analistek uste dute azken hamarkadan kideen erdiak galdu dituela, baina hala ere eutsi egin die ekintzen maiztasunari. 2014an 386 bortizkeria ekintza egin zituzten, eta, hala, azkeneko bi hamarkadetako ekintza kopuru handienak berdindu, Bakea eta Adiskidetzea Fundazioaren arabera.

2009an, ihes egin zuen Gustavo Giraldo Pablito-k, ELNren Ekialdeko Gerra Fronteko buruak. Horrek taldea berrantolatzea eta indartzea ahalbidetu zuen, bai militarki, bai dirutan. Bahiketetatik, estortsiotik, legez kanpoko meatzaritzatik, kontrabandotik eta drogen salerosketatik lortzen du dirua.

Aintzat hartzekoak dira Cerac Gatazken Ikerketarako Baliabideen Zentroak duela gutxi kaleratutako ikerketa bateko datuak. Armadak areagotu egin ditu ELNren kontrako ekintzak 2012tik. Iazko kopurua 2006 eta 2011 arteko batez bestekoa halako lau izan zen.

ELNk ohi baino ekintza gehiago egin zituen 2008ko abenduan, orduko gobernuarekin negoziazio prozesu bat abiatzea aztertzeko elkarrizketek porrot egin eta gero. Alvaro Uribe zen Kolonbiako presidentea. Gaur egun bera da prozesuaren kontrako ordezkari nagusia. 2008aren ostean, ELNk errotik gutxitu zituen ekintza bortitzak, eta 2010 erdira arte indarrean jarri zuen su-eten birtual bat. Haren jarduera inoiz baino apalagoa izan zen; 2013 amaieran, aldiz, gero eta ekintza gehiago egiten hasi zen.

Bahiketa da ELNren tresna beldurgarriena. Hala ere, azken asteetan, elkarrizketen eta bake prozesuaren aldeko keinu gisa, aske utzi ditu bahitutako kaporal bat, ingeniari bat eta gobernadore ohi bat. Ez dago zehaztuta zenbat pertsona dauzkan ELNk bahituta. Ceracek 132 zibil eta lau militar zenbatu ditu 2010etik. «Gobernuarentzat ez da onargarria bake elkarrizketa batzuetan aurrera egitea ELNk hainbat lagun bahituta dauzkan bitartean», ohartarazi du Juan Manuel Santos presidenteak.

Oliobideen kontrako erasoak dira ELNren beste estrategietako bat. 1986 eta 2014 artean oliobideen kontrako 1.317 eraso egin zituzten, fiskaltzaren arabera. Eraso horiek 571.597 milioi litro petrolio isurtzea eta 18.200 milioi euro galtzea eragin zuten, iturri beraren esanetan. Fiskaltzak delitu horiek guztiak leporatu nahi dizkie ELNko arduradunei.

Habanako albisteen zain

Oraindik ez dute egunik zehaztu ELNrekin bake prozesua hasteko. Aurretik «gai humanitario» batzuk konpondu behar dira, gobernuko iturri batzuek zehaztu dutenez. Bitartean, FARCekin egiten ari diren negoziazioetan berrikuntza garrantzitsuren bat espero da. Are gehiago ikusita ez dutela azken akordiorik lortu horretarako aurreikusitako egunean, martxoaren 23an. Bi aldeen su-etena izan daiteke iragarpen garrantzitsu hori.

Iritzi publikoak sentipen kontrajarriak ditu: alde batetik, lasaitasuna, herrialdea gerrarik gabe dagoelako; bestetik, beldurra, beste talde kriminal batzuek har ditzaketelako orain arte FARCek eta ELNk bakarrik kontrolatu dituzten eremuak. Talde kriminal horien artean daude mafiako klanak, paramilitarren hondarrak eta droga salerosketarekin lotura dutenak. Usuga klanak egina du bere lehen indar erakustaldia, martxoaren 31n, Kolonbiako 36 herritan. Bost hildako eragin zituen. Bakea lortzeko bidea ez da erraza izango.

BERRIAn argitaratua (2016/04/06)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA