gizartea
Prostitutak ez, haien bezeroak zigortzea erabaki du Frantziak
Maddi Ane Txoperena Iribarren Garikoitz Goikoetxea
Bi urte eta erdiko eztabaidaren ondotik eta Asanblea Nazionaletik Senatura behin eta berriro joan-etorrian ibili eta gero onartu zuten atzo behin betiko testua, Asanblea Nazionalean. Aldeko 64 boto eta aurkako hamabi izan zituen. 11 diputatu, berriz, abstenitu egin ziren. 577 diputatu ditu berez Asanblea Nazionalak, baina 87 soilik zeuden atzo testua bozkatu zuten mementoan.
Oro har, eskuineko parlamentariak legearen kontra aritu dira, eta ezkerrekoak, berriz, alde —ekologistak izan ezik—. Bezeroak zigortzeko asmoak eragin ditu eztabaidarik handienak. PS Alderdi Sozialistako diputatuen ustez, bezeroak zigortzearen helburua da ardura haiei ematea, prostitutei eman beharrean. Hala azaldu du Marisol Touraine Gizarte Gaietarako eta Osasuneko ministroak: «Gizonei ere badagokie hausnartzea zer egiten duten eta zein den beren jokamoldea». Maud Olivier diputatu sozialistaren erranetan, halaber, lege berriari «esker» prostitutak «biktima» gisa hartuko dituzte, eta ez «gaizkile» modura.
Prostituten eskubideen aldeko elkarte ugarik eta prostitutek berek gogor kritikatu dute neurria, ordea. Izan ere, salatu dutenez, bezeroak zigortuta sexu langileak ere jarriko dituzte arriskuan, eta are ezkutuagoa bilakatuko du beren lana. Jacques Toubon Frantziako Eskubideen Defendatzaileak ere gaitzetsi du bezeroak zigortzeko delitua legean sartu izana. Haren hitzetan, «proxenetismoaren eta emakumeen salerosketaren kontrako borroka» zailduko du neurriak, eta sexu langileak kalteberago eginen ditu sexu bidez kutsatzen diren eritasunekiko.
Baliabideak, zalantzan
Bertze hainbat neurri ere biltzen ditu legeak. Tartean, prostituzioa uzteko laguntza eman nahi die Parisek sexu langileei. Alta, zenbait diputatuk eta elkartek zalantzan jarri dute horretarako aski baliabide izanen ote den. Izan ere, kalkulu ofizialek diote Frantzian 30.000 eta 40.000 pertsona artean ari direla prostituzioan lanean —gehienak, emakumeak—. Horiei laguntzeko ezarri den 4,8 milioi euroko aurrekontua ez litzateke aski horientzat guzientzat.
«Sexua erosteko» delitua egiten duten bezeroak atzemateko baliabideak ere ez daude argi. Legeak ez du aurreikusten horretarako polizia gehiago ezartzea, adibidez.