astekaria 2016/04/08
arrowItzuli

bizigiro

EDUARDO STRAUCH URIOSTE

«Nire izatearen zati bat mendian dago»

Lander Muñagorri Garmendia

«Nire izatearen zati bat mendian dago»

Arkitektoa eta margolaria da Eduardo Strauch Urioste (Montevideo, Uruguai, 1947), baina ez du horrek ezagun egin. 1972. urtean Andeetan izandako hegazkin istriputik bizirik atera zirenetako bat da. 72 egun pasatu zituzten mendian, eta istorio hark film baterako ere eman zuen. Hark bere esperientzia kontatzen du munduan zehar eskaintzen dituen hitzaldietan, istripu hartatik bizipen onak atera zituelako. ETBren Origen programaren harira izan da Euskal Herrian, bere jatorriak ezagutzeko.

Istripu hartatik ezer positiboa atera ahal izan zenuen. Zer da positiboa den hori?

Han ikasi nuen zer den gizakia. Harritu egin zaitezke gizakiok zertarako gai garen, edozein egoeretara egokitzen gara, eta baita egoera latzenei aurre egiteko antolatu ere. Hori da atera daitekeen gauza on hori.

Mugan jarri zintuen egoera horrek. Zein muga dauzka gizakiak?

Nik uste ez daukala. Giza muga denak gainditu genituen, eta horregatik hasi nintzen hitzaldiak ematen.

Zein balio izan zenituzten mendian bizirik iraun ahal izateko?

Baliorik garrantzitsuena maitasuna da. Bizitzari diogun maitasuna, naturari dioguna, eta baita familiarekikoa ere. Maitasun horregatik guztiagatik ez dut uste eutsi ahal izan genuenik. Behin baino gehiagotan pentsatu genuen ea noiz hilko ginen, baina ondokoak laguntzen zintuen une horietan.

Zure %20 mendi haietan dagoela esan izan duzu eta ez duzula handik jaits dadin nahi. Zergatik?

Jende askok esaten dit erotuta nagoela, mendi haietara hamabost bider itzuli naizelako. Istripu osteko egunetan, asko edan nuen mendi haietatik, eta egun oraindik egoera hartako erreferentziak hartzen ari naiz. Horregatik dago nire izatearen zati bat oraindik mendi haietan.

Nola izan zen itzultzea?

Bizirik iraun genuenok pentsatu genuen mendi hartara itzuli behar genuela. Azkenean, hamahiru joan ginen, hiruk ezin izan zutelako. Gau bat igaro genuen han, eta oso hunkigarria izan zen. Lorik apenas egin genuen, lotan geunden denda mugitu egiten zitzaigulako. Denborarekin, nire familiarekin ere itzuli naiz, lagunekin... Emozio positiboak ditut han goian, eta, hara joaten naizenean, maite dudan pertsonekin joatea gustatzen zait. Azken finean, ni hobeto ulertzeko modu bat da han egotea.

Nostalgiarik izan duzula esan duzu. Posible da?

Helikopteroak gure bila iritsi zirenean, sekulako poza sentitu genuen; itzela izan zen. Nire izate osoa zegoen pozarren. Helikopterora igo, eta, hegazkinetik urruntzen ari ginela, ordea, sentipen arraroak izan nituen. Hegazkinaren hondakinak bistatik galdu genituenean, nostalgia handi bat sentitu nuen. Asko harritu ninduen horrek, baina ostera horretan pentsatzen jarri izan naizenean ulertu dut zergatik. Han gizarte txiki bat sortu genuen, gure arau eta gure hildakoekin. Gure bizitzako unerik indartsuenak han bizitu genituen, pentsaezinak diren uneak. Esan daiteke gure burua ere bertan ezagutu genuela. Horregatik da posible hori guztia.

Hitzaldietan beti errepikatuko dizuten galdera bat ere hor egongo da: nola apurtu zenuten giza haragia jatearen tabua?

Egia da pertsona batzuei asko kosta zitzaiela traba horri aurre egitea. Batzuk katolikoak ziren, eta ez zuten halako ezer egin nahi, baina, bizirik iraun nahi izanez gero, tabu horri aurre egin behar zitzaion. Astebete pasatu genuen txokolatea bakarrik jaten. Halako batean hasi ginen pentsatzen ahul geundela eta bizirik iraun nahi baldin bagenuen hildakoen haragia jaten hasi beharko genuela. Hala egin genuen, eta, familiarteko askok gaizki hartu bazuten ere, beste askok ulertu gintuzten.

BERRIAn argitaratua (2016/04/05)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA