astekaria 2016/04/08
arrowItzuli

bizigiro

XABIER SALDIAS

«Erretiroa, obligazioz; baina musikarekiko debozioz»

Edu Lartzanguren

«Erretiroa, obligazioz; baina musikarekiko debozioz»

Hitz jarioa abestiekin tartekatzen du Xabier Saldiasek (Azpeitia, Gipuzkoa, 1951). Ez da harritzekoa: 1970ean hasita, 46 urtez aritu da herriz herri, plazaz plaza, kantatzen, batez ere Egan taldearekin. Urrian emango du azken kontzertua, Urnietan (Gipuzkoa).

Ez duzu Erramun Martikorenarena egingo; hau da, abesteari utziko diozula esan, eta, gero, berriz hasi kantuan euskaldun atsekabetuek otoi eskatu dizutelako, ezta?

Erretiroa hartzeko adinako kotizazioa uztailean beteko dut. Kontzertu sasoia beteko dut, denei agur esan, eta kito. Merezitako deskantsua hartuko dut.

Kabaret bizimodua izanda, hasieran gutxi kotizatu zenuen?

Dena gastatu egiten genuen. Lehenengo BEZ zerga 1985ean ordaindu zigutenean esan genuen: «Ei, gehiago pagatu zigutek!». Eta berehala: «Bana ezak hori ere!». Dena gastatu. Gero azaldu ziguten hori ogasunari ordaintzeko zela. «Bada, ordain diezaietela haiek zuzenean ogasunari». Ideiarik ere ez genuen. 25 urte bakarrik kotizatu nuen. Azken urteotan jarri behar izan dut erretiratzeko falta zena.

Erretiroa zergatik, agertokiko pizti hutsa izanda?

Erretiroa, obligazioz, baina musikarekiko debozioz. Plazarik plaza ibiltzea eta neu kamioiarekin joan eta ekipoa muntatu... horretatik erretiroa hartuko dut. Ezin duzu jende gehiago hartu eta lan horiek beste bati utzi, guk eskatzen dugun diruarekin ez dagoelako tarterik. Neu gidari, elektrikari, kontulari eta harreman publikotarako agente, dena egin behar. Zerbait gaizki ateratzen bada, gurpila zulatu edo bozgorailuetako bat apurtu, kopetilun jartzen zara. Nola hasiko zara gero jendea plazan animatzen? Animatzea besterik ez balitz, 90 urterekin ere, Compay Segundo bezala ibiliko nintzateke.

Zortzi anai-arreba zineten. Zortzikotea osatzeko moduan?

Gure bazkari guztiak kantatzen bukatzen genituen. Hiru ahotsetara. Izan ere, denok abesten genuen, gurasoek ere bai. Elkartean-edo abesten hasi eta jendea harrituta geratzen zen oso ondo egiten genuelako.

Olatz arrebarekin hasi zinen kantaldiak egiten. Benito Lertxundiren eta Nemesio Etxanizen bertsioak egiten zenituzten. Orduko giroak eskatzen zuelako?

Hemengo musika trikitia eta txistua baino ez zen. Ez Dok Amairu hasi zen kantugintzarekin, eta giro horretan aritzen ginen. Limako arratsak abesten genuen, esaterako. Jose Mari Iriondo osabak euskaratu zuen, eta baita Beatlesen Yesterday ere: Atzo bai... [kantuan hasi da, baina ez du gogoratzen nola jarraitzen duen] Alzheimer pixka bat daukat [barre]; sudokuak egiten ditut. Gauza polita egiten genuen.

Gero bakarka, 1968tik. Bigarren saria eman zizuten Arrasaten (Gipuzkoa), protesta kantuaren atalean. Zer egin behar da protesta kantuan bigarren geratzeko, lehenak baino epelago protestatu?

Iñaki Arriaranek antolatzen zuen han urtero jaialdi bat. Bi sari zituen: kantarik onena, eta kantaririk onena. Lehen saria eman zioten neure kanta bati: «Ez, ez, horrela ez / ez, ez gehiago, lanik ez / nire herriko langile...» [kantuan]

Lanik ez? Alferkeriaren aldarrikapena zen?

Ez, alferkeria ez. Era horretara lanik ez, nagusiaren menpean eta horrela... Ni orduan oso gorria nintzen. Tuterara [Nafarroa] joan nintzen ikastera, jesuitetan. Haiek ez zuten euskara batere bultzatzen. [Herbert] Marcuse irakurtzen genuen... Oso gorria egin nintzen. Baina gero pentsatzen dut: noski, gurasoek ordaintzen zuten, eta hura elitista zen. Ez nintzen konturatzen gurasoei zenbat kostatzen zitzaien hura ordaintzea. Orduan, noski, langileen arazoekin kezkatuta... Norberak ordaindu behar duenean, gauzak beste era batera ikusten dira.

Enpresa zientziak ikasten zenituen, baina zenbakiekin ez zinen oso trebea. Zergatik, orduan?

Orduan inork ez zizun erakusten zein aukera zeuden. Lau karrera zeuden: ingeniari —ezta pentsatu ere—, sendagile —ezta pentsatu ere—, enpresaritza? Aitak badu enpresatxo bat! Hor jarraitu nuen jesuitekin, gorroto banituen ere. Orain are gehiago gorroto ditut. Sekta bat dira, hierarkiakoa, klasista... Hor zelako gezurra dagoen ikasi nuen, eta, azkenean, erabat ateoa egin naiz.

Gazte, jaiaren errege, eta kontzertuetako sosak patrikan... Nork nahiko du, bada, ikasten jarraitu?

17-18 urte nituen. Jendea euskarazko kantak eskatzen hasi zen, eta Frantzesena lehengusuekin zebilen abeslariak ez zekien euskaraz. Hor sartu nintzen, eta horrela jaso nituen lehen sosak. Etxean eskatu beharrik ez! Orduan euskarazko berbena gutxi egiten zen, eta Azpeitikook erabaki genuen horretan hastea, 1970ean, Xabier Madina abeslariari laguntzen.

Azpeitiarrak izatea kasualitatea da? Lehen ere esan duzu azpeitiarrek ez dutela gogoko «oharkabean pasatzea».

Azpeitiarra dagoen tokian beti egongo da animazioa. Nabarmentzen gara. Azkenean, aspertu ere egiten dugu.

Gaizkien tratatu zaituzten lekua zeure herria izan dela ere esan duzu. Zergatik?

Azpeitira inauterietan joan, eta plaza beteta. «Ondo aterako da hau», esan genien geure buruei. Baina sokamuturra amaitu eta jende guztia etxera, geure kontzertuaren aurretik. Han zezenak musikak baino gehiago balio du. Ez dut ulertzen zezenena: parra egiten duzu —ez baduzu minik hartzen— edo galdu egiten duzu. Irabazi, zer? Azpeitiarrok xelebreak gara.

Beatlesen kanten bertsioak egiten zenituzten. Rolling Stones gaiztoegiak ziren zuentzat?

Melodia zuten kantak aukeratzen genituen. Musikariak Beatles dira. Rolling Stones musikarako belarririk eta sentimendurik ez dutenentzat dira. Beti melodiaren atzetik ibili gara, ahotsak eta polifonia. Guk, zuzenean, Queen taldeak baino hobeto kantatzen genuen. Ahots gehiago behintzat bai. Freddie Mercuryk agertokian maratoia korritzen zuen bitartean, guk Somebody to love edo We are the Champions lau ahotsera egiten genuen.

Baina zuk ez al duzu beti miretsi Freddie Mercury? Hil zenean disko oso bat grabatu zenuen haren kantekin. Zure bibotea bera ere ez al da hari eginiko omenaldia?

Ez, bibotea Mercuryk baino askoz lehenago utzi nuen, soldaduskan.

Queen diskoan gainditzerik ez dago, baina, zuzenean, kaka ziren. Bideoetan ikusten da: Bohemian Rhapsody maisulan horretako opera partean, atzera joaten ziren eta diskoa jartzen zuten, «hau zuzenean ezin dugu egin», esanez bezala, oso nabarmen. Guk hori eginez gero, jo eta fusilatuko gintuzten. Haiei, berriz, dena ameto.

Miresten dituzunak horrela larrutzen badituzu, zer ez duzu egingo etsaiekin?

Jendeak dena onartzen du; ez du irizpiderik, ala? Mercury eta Jagger, zuzenean kakaputza. Eta ez dut inoiz kritikarik entzun. Baboak zarete ala zer? Ez zarete konturatzen hau iruzur bat dela?

Zuk ez duzu inoiz arazorik izan ahotsean kontzertu asko jarraian eman ondoren?

Gene onak ditut. Ahotsik gabe geratu eta hurrengo egunerako sendatu egiten naiz. Zortzi ordu lo eginez gero, berpiztuta.

1990eko hamarkadan, urtean 200 bat kontzertu ematen zenituzten.

Zurrunbilo horretan sartu ginenean, zein egunetan bizi ginen ere ez genekien. Horretara baino ez geunden.

Diskorik ez zenuten atera 1985. urtera arte. Berbena taldeek bakarrik zuzenean aritu behar zutela uste zelako?

Orduan ez zen erraza diskoa ateratzea. Guk nahiko lan genuen, zertarako diskoa? Diskoetxeak berak proposatu zigun lau disko ateratzea. Gu orduan gazte rockzaleak ginen, baina, jendeak dantza egin zezan, baltsen bat sartu behar izan genuen. Ez geure gogoz. Behin batean Loiolan sartu genuen diskoan, betelan gisa, eta, hara, arrakastarik handiena berak! Ni psikologoa naiz: beti jakin dut jendeak zer nahi duen ulertzen. Guk beti rocka nahi eta, azkenean, erromeria-talde txartela jarri ziguten.

Penaz diozu? Jendeak ez zizuela utzi nahi zenutena izaten?

Gaztea zarenean gehiago nahi duzu. Baina gero otzandu egiten zara, eta erabakitzen duzu horretan jarraitzea jendeak hori nahi badu. Joselu Anaiak taldeak beti izan du bista argia: jendeak erabaki du rantxerak egin behar dituztela, eta kito. Ez da erraza horretaz jabetzea.

Zuek ondo jotzen saiatzen, eta, hara non, punkarekin jendea gaizki jotzen zutenak txalotzen hasi zen. Mingarria izan al zen?

Rock radikala etorri zenean, niretzat atzerapausoa izan zen. Berriro lehen ikasgaira atzera egitea zen: la, re, mi. Gu, zentsura dela eta, hitzetan beti metaforak, eta, gero, bat-batean, caca, culo, mierda-ka hasi ziren.

Zuek bertsioak, baina euskarara ekarriak. Mercuryk the show must go on kantatzen zuen lekuan, zu maisu on abesten zenuen zuk. Nola moldatzen zenituzten kantak?

Friends will be friends, lehenbailehen bihurtu genuen. Beti soinutik abiatuta, emaitza ona lortu arte. We are the champions, berriz, hi haiz txapeldun ona... Hori ez zen oso ondo atera, eta jendea berehala konturatzen da zein dagoen ondo eginda eta zein ez, eta berehala baztertzen du.

Banaketa gertatu zen taldean 1994an. Ego gatazka izan zen Eganen. Argi dago ego horietako bat zurea zela, ezta?

Diskoetxeak neurekin hitz egiten zuen, eta telebistan neu ari nintzen Hegan saioa aurkezten. Haiek ere nahi zuten euren buruak nabarmendu. Niregandik banandu eta bi urtera euren artean banandu ziren.

Gaurko abeslari gazteak ikusleengandik zu baino urrunago sumatzen dituzu?

Hor ikusten ditut euren kapelatxoak buruan, belarritakoak, eta parafernalia askorekin. Kapela daramate artistak direla esateko. Baina honetan gaur txaloak eta bihar tomateak jasotzen dituk, motel! Esna hadi! Gu beti egon gara horren kontra: 40 watteko bonbilla batekin jendea dantzan jarri izan dugu. Orain, musika begietatik sartzen da gehiago, belarrietatik baino.

Kostatzen da zu irudikatzea sofan etzanda, agertokitik urrun.

Niretzat politena lau lagun bilatzea litzateke eta Golden Apple Quartet bezalako taldetxo bat egitea. Baina, horretarako, zeure sentsibilitatea dutenak topatu behar, eta ahotsak ondo uztartuko dituen konpositore bat. Ustekabea hartzen ari gara egunotan: Berastegira urtero joaten ginen hasieran, baina gero hogei urte egon gara joan gabe. Orain berriz deitu digute. Ondo dago hasi bezala bukatzea.

BERRIAn argitaratua (2016/04/02)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA