astekaria 2016/04/08
arrowItzuli

politika

LAU URTE, ETA ZAURIA IREKIRIK

Gotzon Hermosilla

LAU URTE, ETA ZAURIA IREKIRIK

Lau urte igaro dira gomazko pilota batek Iñigo Cabacasen bizitza errotik moztu zuenetik, eta, oraingoz, etsigarria da ikerketen eta auzibideen emaitza: senide eta lagunek oraindik ez dakite nork jaurti zuen Cabacas hil zuen pilota; gertaerak ez dira argitu; ez da epaiketarik egin, eta horretarako egunik ez da oraingoz finkatu.

Instrukzio fasean dago oraindik auzibidea, hots, zenbait proba eta ikerketa ari dira egiten, batez ere familiaren akusazioaren eskariz, bi norabidetan: tiroa nork bota zuen jakiteko, eta Cabacasen heriotza ekarri zuen operazioaren erantzuleak nortzuk diren zehazteko. «Hasieratik esan dugu prozedura honetan hainbat erantzukizun maila daudela», adierazi du Jone Goirizelaiak, sendiaren abokatuak. «Badago agindu orokorrak eman zituztenen erantzukizuna, han bertan operazioa zuzendu zutenena, eta emandako aginduak gauzatu zituzten agenteena. Gure ikerketen helburua da hiru maila horietan bakoitzak zer egin zuen eta nolako erantzukizuna duen zehaztea».

Aginduak eman zituztenen artean, batzuk identifikatu dituzte; esaterako, Ugarteko esaten zaion Ertzaintzako agintaria, «hasieratik prozedura osoan agertzen dena eta ardura orokorra zuena», Goirizelaiaren esanetan. Lekuko gisa deklaratu zuen Ugarteko-k; ertzainen arteko elkarrizketen grabazioetan, entzuten da «guztiarekin sartzeko» agintzen diela bere menpeko ertzainei. Horren gainean ere erantzukizun politikoak dituztenak ere badaudela pentsatzen du Goirizelaiak, «baina hori zigor prozedura batean lotzea oso zaila izaten da».

Pilota batek zaurituta

Iñigo Cabacas Lizeranzu Bilboko Kirruli herriko tabernaren inguruetan zegoen 2014ko apirilaren 5eko gauean, Athletic Schalke 04 taldeari gailendu zitzaiola ospatzen. Handik gutxira, Basurtuko ospitalera eraman behar izan zuten, larri zauriturik, burezurra hautsita. Lekukoek adierazitakoaren arabera, inguruetan inolako istilurik egon ez arren, Ertzaintzaren patruila batzuk bertaratu ziren, eta han bildutakoei oldartu zitzaizkien, pilotak jaurtikiz. Hiru egun luze koman eman ondoren, apirilaren 9ko goizaldean hil zen Cabacas. Autopsiak frogatu zuen pilotakada batek hil zuela.

Cabacas Ertzaintzaren gomazko pilota batek hil zuela egiaztatu zenetik, pilota hori nork bota zuen jakitea izan da ikerketaren helburuetako bat. Goirizelaiak dioenez, familiarentzat bereziki garrantzitsua da datu hori jakitea, «horrela gertatutakoari azalpen bat eman ahal izateko», baina zenbait hedabidek ere horri eman diote garrantzia, eta epailearen ahaleginak horretarako bideratuak izan dira nagusiki. Orain arte, ahalegin horiek ez dute emaitzarik izan.

Hori garrantzitsua izanagatik ere, ez da argitu beharreko auzi bakarra, Goirizelaiaren ustez. «Ebazpen judizial ugari daude, Katalunian bereziki; kasu batzuetan, ezinezkoa izan da zaurien eragile zuzena zein izan den zehaztea, baina halakoetan epaileek argi adierazi dute hori ez dela oztopo arduradunei beste maila bateko erantzukizunak egozteko».

Justizia «zentzu zabalean» ulertu behar dela uste du abokatuak: «Eta horrek esan nahi du egia azaleratu behar dela, hots, zer gertatu zen eta zergatik; gertatu zena beharrezkoa ote zen argitu, egoera horretan eta baldintza horietan, han istilurik ez zegoela eta pilotak zer distantziatatik jaurti zituzten kontuan hartuta. Justizia ere egin behar da, hau da, arduradunak epaitu eta han bakoitzak zein erantzukizuna duen ebatzi. Eta, azkenik, berriro ez gertatzeko bermeak behar dira, eta hor garrantzitsua da gertaeren ostean Segurtasun Sailak beharrezko ikerketak egin ote zituen jakitea».

Gertaerak argitzeko zeregin horretan, «deigarria» suertatzen zaio Goirizelaiari fiskalak orain arte izan duen jarrera: «Lau urteotan diligentzia bakar bat ere ez du eskatu; batzuetan, agertu ere ez da egiten; agertzen denean, ez du galderarik egiten, eta, galderak egiten dituen aldi bakanetan, badirudi xedea dela ertzainak ez inputatzeko bideak bilatzea. Jarrera hori ez dator bat [Juan Kalparsoro EAEko] fiskal nagusiak egiten dituen adierazpenekin».

Segurtasun Sailaren jarrera

Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailaren jarreraz ere zalantza handiak ditu abokatuak: «Nik ez dut auzia argitzeko laguntzarik ikusi. Egin duten gauza bakarra izan da zerbait eskatu dietenean horixe bidali, hau da, epailearen eskaeren zain egon da beti, baina ez du auzia argitzeko baliagarri izan daitekeen ezer egin. Are gehiago, kasu batzuetan eskatutako frogak bidaltzeari uko egin diote, konfidentzialak direlakoan, eta birritan eskatu behar izan diegu. Beste aldetik, barne ikerketarik ez dute egin; keinu bat egin zuten hasieran, baina bertan behera utzi zuten auzia epaitegietara igaro zenean».

Jaurlaritzaren jarreran ere «kontraesanak» daudela uste du akusazio partikularraren abokatuak. «Beste kasu batzuetan, behin baino gehiagotan adierazi dute erantzukizuna aitortu behar dela, barkamena eskatu, besteei eragindako sufrimendua aitortu eta abar. Hemen badute aukera ezin hobea hori guztia egiteko, baina orain arte ez da horrelakorik egon».

Auzia epaitu gabe egotea eta oraindik epairik ez izatea ez da «aitzakia», Goirizelaiaren aburuz, halako keinurik ez egiteko: «Auzi medikuek argi esan dute Iñigo pilota batek hil zuela; beraz, erantzukizun bat badago. Hori txarto dagoela aitortzeko ez da epaiaren zain egon behar».

Espainiako Zigor Kode eta Prozedura Kriminalaren Lege berriek epe batzuk ezartzen dituzte, instrukzio faseak gehiegi luza ez daitezen. Horren arabera, epaileak ekaina baino lehen eman beharko luke itxitzat instrukzio fasea, eta erabaki epaiketara jotzen duen ala ez. Baina legeak berak aurreikusten du epeak luza daitezkeela beharrezkoa bada; beraz, ez da guztiz segurua noiz erabakiko den epaiketa egitea edo ez egitea, are gutxiago kontuan hartuta akusazio partikularrak diligentzia gehiago egiteko eskatu duela.

Diligentzia horietako batek garrantzi berezia du: apirilaren 11n ertzain batek deklaratu behar du; hain zuzen ere, Cabacasen heriotza gertatu zen unean han istilurik ez zegoela eta esku hartzeko arrazoirik ikusten ez zuela adierazi ziena Ertzaintzako buruei. «Ertzain horren deklarazioak gauza asko argi ditzake», esan du abokatuak, «eta horren arabera gerta liteke diligentzia gehiago eskatu behar izatea». Orain arte, bost ertzain daude ikerturik auzibide horretan: Ertzaintzaren erdi mailako agintari bi, horietako bat aipirilaren 11n deklaratu behar duena, eta hiru agente.

Hain zuzen, Ugarteko-ren jarrerak zeresan ugari eman du azkenaldion. Salaketa jarri du Cabacas Lizeranzu sendiaren abokatuaren, Gara egunkariaren eta Naiz atari digitalaren kontra, eta 777.000 euroko kalte-ordainak eska dizkie, auziak «kalte psikologikoak eta ibilbide profesionalaren amaiera» ekarri dizkiola argudiatuta. Otsailaren 18an, adiskidetzeko ekitaldia egin zuten bi aldeek; Goirizelaiak eta bi hedabideen ordezkariek ez zuten onartu eskaria.

«Bere inputazioa baldintzatzea» beste helbururik ez du salaketa horrek, Goirizelaiaren ustez. «Presioa egin nahi du, baina pentsatzen badu horrekin helburua lortuko duela, guztiz erratuta dago». Salaketa «adierazpen askatasunaren kontrako erasoa» ere badela uste du Goirizelaiak, horrekin «akusazio partikularrari zer egiten ari den publikoki azaltzeko aukera» ezerezean utzi nahi dutelako.

Baina, batez ere, «ikuspegi etikotik» iruditzen zaio Goirizelaiari arbuiagarri jarrera hori. «Sekulako dirutza eskatzen du ustez egindako kalte batengatik, kontuan hartu gabe pertsona bat hilik dagoela eta nolako sufrimendua pairatzen ari diren pertsona horren senitartekoak».

BERRIAn argitaratua (2016/04/02)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA