astekaria 2016/04/08
arrowItzuli

mundua

Boko Haramen atzaparretan

Mikel Rodriguez

Boko Haramen atzaparretan

Kamerungo Poliziak joan den astean eman zuen berria. Herrialdearen iparraldean Nigeriako neska adingabe bat atxilotu zuen. Poliziaren arabera, lehergailuak zeramatzan gorputzari atxikita, eta aitortu zuen Boko Haram muturreko talde armatu islamista sunitaren izenean atentatu suizida bat egitekotan zela. Bertze aitortza bat ere egin zion: 2014ko apirilean Boko Haramek Chibok hirian bahitutako neskatoetako bat zela. Boko Haramen historian oihartzun handiena izan duen gertakaria izan zen Chibokekoa, arrastorik utzi gabe oraindik desagerrarazita dauzkan 219 neskatoren bahiketa —ihes egitea lortu zuten 57k—. #BringBackOurGirls (Itzuli gure neskak, ingelesez) traola zabaldu zen sare sozialetan, munduko agintarien eta pertsona ezagunen babesarekin. Marketin kanpaina zabala, lortu zuen babesaren adina kritika eragin zuena. Bi urte geroago, Nigeriako armadak eta aliatuek ez dituzte aurkitu Chibokeko neskatoak. Nigeriako agintariek aste honetan jakinarazi dute Kamerunen atxilotutako ustezko neskato suizida ez dela Chibokeko bahituetako bat. Hilaren 14an beteko dira bi urte bahitu zituztela. Ordutik, halako oihartzuna izan ez badute ere, bertze ehunka bahitu dituzte.

Horietako bahiketa masibo baten urteurrena bete zen martxoaren 24an. Iaz, egun horrekin, Nigeriako eta Txadeko armadek Damasak hiria berreskuratu zuten, ipar-ekialdeko Borno estatuan. Boko Haramek, baina, gutxienez 400 herritar eraman zituen: lehen hezkuntzako 300 haur, eta emakume helduak. HRW Human Rights Watch AEBetako gobernuz kanpoko erakundeak ohar bat argitaratu du aste honetan, bahiketa masibo horren urteurrenaren harira. Bertan zenbait testigantza bildu ditu. «Goiz zen, tiroak aditu nituenean», kontatu du Damasakeko emakume batek. «Senarrak alde egina zuen, eta 4 urteko semea eta 2 urteko alaba hartu, eta lasterka alde egin nuen. Boko Harameko gizonekin aurkitu ginen, ordea, eta karrikaren erdian gelditu gintuzten. Gero eta emakume eta haur gehiago ekartzen zituzten. Orduan, Zanna Mobarti eskolara eraman gintuzten. Ordutik, ez ditut ikusi seme-alabak».

Boko Haramen modus operandi-a atentatu suizida handiak eta milizia estiloko borroka dira. Baina ekintza militarretan helburutzat paratu du bahiketa masiboak egitea, eta, bereziki, emakumeak bihurtu ditu bahiketen helburu. Chibokeko nesken kasuan, Abubakar Shekau taldeko buruzagiak Interneten argitaratu zuen bideo batean adierazi zuen Boko Harameko kideekin ezkontzera behartuko zituztela. Sexu esklabotza da muturreko talde islamista sunitaren atzaparretan erori diren emakume anitzen patua. Iaz Damasakeko bahiketak gertatu ziren egunean, zenbait herritarrek ere horren testigantza eman zuten. Souleymane Ali merkatariaren emaztea eta hiru alaba bahitu zituzten. «'Esklaboak dira, beraz, gurekin eramanen ditugu', erran zidaten», kontatu zion Reuters agentziari. Iazko maiatzean, armadak jakinarazi zuen mila emakume eta neska adingabe inguru askatu zituela Boko Haramen aurkako erasoaldi baten ondoren. Gutxienez haietako 214 bahiketa aldian haurdun utzi zituztela erran zuten armadako iturriek. Armadak adierazi du urtebetean milaka gatibu askatu dituela. Azken operazio handia joan den astean egin zuen: Borno estatuko hamabi herritan 800 bahitu baino gehiago askatu zituztela adierazi zuen Sani Usman armadako bozeramaileak.

Bonba errefuxiatuei

Boko Haramen esku gelditutako neska adingabe batzuen bertze patu krudel bat izan da hil egin direla arma soil gisa erabili dituztelako; hau da, azken bi urteotan Boko Haramek eraso suizida dezente egin ditu lehergailuak gainean zeramatzaten neskatoak erabilita merkatuetan, errefuxiatuen guneetan eta jendea pilatutako bertze esparruetan. Iragan otsailaren 10ean bertan gertatu zen halako bat, Borno estatuko Dikwa errefuxiatuen eremuan: 58 lagun hil zituzten bi neska suizidak. «Ez dakit bertze neskek ba ote zekiten hil eginen zirela misioa betetzera joan zirenean», adierazi zion Hauwa izen faltsuko neskak Erresuma Batuko BBC kateari, duela astebete argitaratutako erreportaje batean. Hauwa Boko Haramek bahitu zuen, Dikwan beren buruaz bertze egin zuten bi neskatoak bezala, eta haiekin batera leherraraztekoa zen bera ere. Familia Dikwan zuen, eta agindua ez betetzea erabaki zuen.

Boko Haram 2002an sortu zen, Borno estatuko Maiduguri hiriburuan. Sekta baten gisan sortu zen, Mendebaldearen eragin kulturalari aurre egin eta islamaren balioak indartzeko helburuarekin. Saudi Arabiako ideologia wahabiaren eragina du Boko Haramek —islam sunitaren interpretazio fundamentalista bat—. Aldaketa erabakigarria 2009an gertatu zen; matxinada bat prestatzen ari zelakoan, Poliziak Boko Haramen aurkako operazio bat egin zuen, eta lehenbiziko borrokak hasi ziren. Mohammed Yusuf taldearen sortzailea atxilotu zuten, eta polizia etxe batean hil zen —exekutatuta, haren jarraitzaileen arabera—. Hor hasi zuen Boko Haramek Nigeriako Estatuaren aurkako gerra.

Ordutik, etengabe ugaritu dira taldearen erasoak eta hildakoak; kalkulu zabalduenen arabera, 17.000 eta 20.000 lagun artean hil dira gatazkaren ondorioz. NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, desplazatuak bi milioitik goiti dira. Nigeriako armadaren aurka ere salaketa larriak egin dituzte norbanako eta erakunde anitzek urte hauetan. Oposizioko hedabideetan armadak ipar-ekialdeko herrietan eta hirietan ustez egindako gehiegikerien bideoak argitaratu izan dituzte. HRWekin batera, nazioarteko politikan eragin handiena duen bertze gobernuz kanpoko erakundeak, AI Amnesty Internationalek, maiz salatu du Nigeriako armada, gehienbat azken bi urteotan. AIk 2015eko ekainean txosten bat argitaratu zuen, eta bertan armadari leporatu zion bi urtean 1.200 gizonezko exekutatzea, eta atxiloaldietan 7.000 preso hil zirela ere adierazi zuen. Muhammadu Buharik hauteskundeak irabazi ondoren hitzeman zuen txostena aztertuko zuela, baina joan den hilean AIk leporatu zion jaramonik ez egitea.

Dena den, Nigerian sortu eta gehienbat Nigeriari eragiten badio ere, Boko Haramena nazioarteko gatazka bat da. Aste honetan bertan, adibidez, Nigerren sei soldadu hil ditu. Badira hiru urte Kamerunen erasoak egiten dituela, eta Txad ere jo du iaztik. Hain zuzen, hiru herrialde horiek eta Beninek Nigeriarekin batera osatu dute Boko Haramen aurka esku hartzen ari den 8.500 soldaduko nazioarteko armada.

BERRIAn argitaratua (2016/04/01)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA