astekaria 2015/10/16
arrowItzuli

ekonomia

SUSAN GEORGE

«Demokraziaren aurkako zinezko erasoaldia da TTIP»

Maddi Ane Txoperena Iribarren

«Demokraziaren aurkako zinezko erasoaldia da TTIP»

Alternatiben herrixkaren karietara hitzaldia eman zuen atzo Susan Georgek (1934, Akron, AEBak) Donibane Garazin, Noel Mamerekin batera. Luganoko txostenekin ezagun egin ondotik, transnazionalen boterea ikertu du Georgek Usurpatzaileak liburuan. AEBen eta EB Europako Batasunaren arteko TTIP akordioarekin enpresa transnazionalek are botere handiagoa izanen dutela dio, eta klima aldaketa ere indartuko dela. Herritarren mobilizazioan badu itxaropena, halere.

Azkenaldian gero eta ezagunago egiten ari den TTIP merkataritza akordioari buruz hitz egin duzu hitzaldian. Baina bertze akordio bat erdietsi dute berriki, TPP: AEBak, Japonia eta bertze hamar herrialde bilduko dituena. Zein ondorio izan ditzake?

Geopolitikoki AEBek munduaren erdigunean ezarriko ditu TPPk, eta haren aldeko erabateko abantailazko egoera sortuko dute. TTIP ere izenpetzen baldin badute, orduan zinez AEBak talde baten erdigunean kokatuko dira, zeina munduko Nazio Produktu Gordinaren bi herenen jabe den eta gutxi gorabehera merkataritza trukeen hiru laurdenaren jabe. Horrek erran nahi du AEBak izanen direla bertzeei baldintzak ezarriko dizkietenak, eta bereziki Txinari. Hasieratik bistakoa izan da, eta erran ere egin dute: akordio horrekin AEBen helburuetariko bat Txina baztertzea izan da, edota Txina AEBek nahi dutena egitera behartzea. Hori da haren maniobra geopolitikoaren helburua.

Merkataritzaren arloan, eta herritarrenean, akordioa energia fosilentzako lizentzia bat izanen da: oso gauza txarra. Enpresa garrantzitsuenei boterea emanen die salaketak ezartzeko legeak hobetzen saiatzen diren gobernuen aurka. Gisa bereko hitzarmenetan gertaturiko ondorioen zerrenda luzeak ditugu: ingurumena babesten saiatu izan diren gobernuak epaitu dituzte, haustura hidraulikoa edota eremu babestuetan petrolioa bilatzeko zulaketak ekiditen saiatu direnak, adibidez. Veolia enpresak, erraterako, Egiptoren aurka salaketa ezarri zuen, Egiptok gutxieneko soldata handitu zuelako. Gobernu horiek guziek TPP izenpetu izana katastrofikoa da, gobernu horiek berak izanen baitira gisa horretako epaiketen biktima.

Bestalde, hain segur botiken prezioa emendatuko da, AEBetako farmazia enpresa handiak botika generikoen aurkakoak baitira. Asian TPParen aurka egin duten anitzen arrangura handietako bat hori zen. Eta segur aski, hala gertatuko da: gradualki emendatu eginen dira medikamentuen prezioak, eta, beraz, artamenduak urrituko dira. Zeren eta, Japonian izan ezik, bertze herrialde horietako anitzetan klase pobre handiak baitaude.

Ezin dugu aurreikusi gertatuko den guzia, baina transnazionalek prestaturiko akordio bat da, bururaino sekretupean egin dutena. Negoziatzaileak dirudienez iritsi dira edukia ezagutzera; AEBek konbentzitu egin dituzte. Baina Asiako GKEetatik jaso dudana biziki negatiboa da.

Eta, orain, TPP akordioa lortu dutela, TTIP ere errazago izenpetuko dute?

Bistan da! Presioa ikaragarri emendatuko dute, bereziki estatubatuarrek. Jakin behar da, bestalde, —TPP ez dakit, baina TTIP bai—, bizirik dagoen akordio bat egin nahi dutela. Erran nahi baita edukia aldatzen ahalko dutela izenpetu ondotik ere. Orain gauzak aski erraz azalduko dituzte, hasiera batean herriak elkarren artean adosteko, eta gai zailagoak berantagorako utziko dituzte. Mobilizazioa baretuko denean ekinen diete haserretzen duten gaiei, adibidez GEO Genetikoki Eraldaturiko Organismoen gaiari, edota AEBetan bai baina Europan onartuak ez dauden produktu kimikoei. Gai horiek, ordea, biziki arriskutsuak dira Europako laborantzarentzat, eta bereziki laborari txiki eta ertainentzat.

Baina, tira, nik ere ez dakit! Zeren eta oraingoz filtrazioetan oinarritzen baikara soilik. Filtrazio horietako baten arabera, Europak AEBei proposatu die laborantza ematea AEBetako merkatu publikoen truke. Maila guzietan: estatu mailan zein federalean, eta hain segur herri mailan ere. Ezin dut egiaztatu, baina horrek erakusten du, zoritxarrez, europarrak prest leudekeela milioika laborari sakrifikatzeko. 13,5 milioi laborari dauzkagu Europan oraindik; AEBetan bi milioi bertzerik ez, eta oso lehiakorrak, prezioak biziki apalak baitira eta laborari handiak diruz lagunduak. Gure laborari txiki eta ertainek ez dute iraunen.

Zure azken liburuan aipatzen duzu transnazionalek hartzen dituztela erabaki handiak eta gobernuek ez dutela jada botererik. Zilegi ez den autoritate bat dela diozu. Azal dezakezu?

Baina gobernuak beharrezkoak dira, e! Enpresek ez dute gogorik haien artean negoziatzeko... Dena den, enpresak ados dira haien artean: badaramatzate hogei urte guzia adosten, eta hori dago haien buruetan. Gero, gobernuei dagokie, eta behar balitz herritarrei, horri uko egitea. Europako 3,26 milioi pertsonak Ekimen Herritar bat izenpetu dute, auto-antolatua, TTIPari eta Kanadarekin egindako CETA hitzarmenari aurre egiteko. Ekinbide aitzindaria da Europako historian. Autoantolatuta egin dute, Europako Batzordeak uko egin baitzion ofizialki antolatzeari. Halere, Batzordeak onartuko lu keen ekinbide baten baldintza guziak bete dituzte, eta irizpide horiek kontuan hartuta, 23 herrialde iritsi dira beren kuotara. Falta diren bakarrak hiru herrialde Baltikoak, Malta eta Zipre dira. Bertze guziak, mendebalde eta ekialde, beren kuotara iritsi dira: aitzindaria da!

Jendeak TTIPek dakarrena entzuten duenean —elikadurari dagokiona, epaitegiak pribatizatzearena, botikak, produktu kimikoak, herritarren egunerokoan eraginen duten halako gauzak— segidan izenpetzen dute. Herritarrak ikaratu egiten dira! Duela urte bat ari garela izenpeak biltzen, baina segituko dugu, eta bertze ekintza batzuk ere eginen ditugu, TTIPen aurkako zinezko Europako sare bat baitugu orain. Segitu behar dugu hitzarmen horren aurka publizitatea egiten, eta hori da ni Donibane Garazira etorri izanaren arrazoietariko bat.

Izenpe horiek alda dezakete ezer?

Espero dugu baietz! Europak errespetu gutxi dio demokraziari, baina presioa areagotzen saiatuko gara. Ez gara geldituko 3,26 milioi izenpe bildu eta gero! Hori ongi dago, baina jarraitu behar dugu presio egiten hautetsiengan, Batzordean, jendeari informazioa ematen, eta abar. Ez da gelditzeko mementoa.

Gobernuei presio egin arren, transnazionalek botere handia dute oraindik.

Bistan da! Hortaz ari naiz liburuan. Badakigu zein etsai dugun parean. Baina berriz ere dei egiten diot demokraziari. Greziatik dakigu Europari bost axola zaiola demokrazia, baina saiatu behar gara Europaren parte diren herrialdeek dituzten zenbait printzipio errespetarazten. Adibidez, Frantziak dituenak. Halere, ezin dizut pronostikorik egin; ezin dizut esan irabaziko dugula. Uste dut baditugula aukerak irabazteko, baina zorigaitzez TPPk aitzina egin izana estatubatuarrek bertzela ere eginen zuten presioari gehituko zaio. Europak lanpostuak galduko lituzke TTIPekin, lorpen demokratikoak ere bai, erregulazioak... Demokraziaren aurkako zinezko erasoaldi bat da hitzarmen hori.

Horregatik erraten duzu transnazionalen boterea zilegitasunik gabeko autoritate bat dela?

Bai. Inork ez du bozkatu petrolio konpainia handiez, inork ez ditu hautatu konpainia farmazeutiko handiak, edo ibilgailuenak. Ezta? Guziak Volkswagen bezala erregulatzea nahi bagenu, aski genuke orain bertan izenpetzea! Badakigu enpresek, behartuak ez direnean, edozer gauza egiten dutela etekinak ateratzeko, eta bost axola zaizkiela erregulazioak, ahal dutenean. Jendea oraindik ere eskandalizatu egiten da Volkswagenen jarrerarekin, halere. Oroitarazi nahi dut, bestalde, Volkswagenen parekoa den AEBetako General Motors konpainiak 1,5 milioi auto itzularazi behar izan zituela bide erdian gelditu egiten zirelako. Izan ziren hildakoak, zaurituak, istripuak... auto horien akatsengatik! Baina jendearen presioagatik eta New York Times-ek ateratako informazioagatik ez balitz, General Motorsek ez luke deus eginen.

Klima aldaketaz hitz egitera ere etorri zara. Zer lotura dute TTIPek, transnazionalek eta klima aldaketak?

Gaia lantzen saiatzen naiz, zeren eta TTIPek indartu eginen baitu klima aldaketa. Eta hor ere baditugu kasu juridikoak, gisa bereko bertze hitzarmen batzuetan gertaturikoak, zeinetan epaitegi pribatuek esku hartu duten. Baditugu zenbait kasu non konpainiek salaketak ezarri dituzten gobernuen aurka. Adibidez, Occidental petrolio konpainia handiak Ekuador salatu zuen, eta 1,7 miliar dolar jaso zituen, Ekuadorrek ez ziolako utzi ekologikoki babesturiko eremu batean zulaketak egiten. Kanadako Saint-Laurent haranean ere bertze kasu bat, Quebecek oztopatu egin zuelako haustura hidraulikoa. Badira halako kasu ugari. Gobernu bat ingurumena hobetzen saiatuko den aldiro, edo gobernu bat berotegi efektua sortzen duten enpresei gailentzen saiatuko zaien aldiro epaiketak egin beharko dira. Beraz, gobernuek bi aldiz pentsatu beharko dute konpainia horien aurka egin aitzin, ez badute auzi andana batean korapilaturik bukatu nahi, bereziki gobernu txiki eta ahulenek.

COP21 goi bilera eginen dute laster Parisen. Uste duzu zerbait aldatuko dutela?

Ez dut uste merkataritza akordioetan sartuko direnik: ez dago eztabaiden gai ordenean. Eta ez dut uste COP21aren ondorioak nahikoa izanen direnik. 100 miliar euro bildu nahi dituzte urtean, baina ez gaude batere hurbil kopuru horretatik! Klima aldaketaren ondorioak gutxitu nahi dituzte, baina biziki akordio primitiboa izanen da.

Posible ote da klima aldaketa gelditzea sistema kapitalista aldatu gabe?

Galdera pixka bat zabalegia da. Gure ikuspegia da energia fosilen %80 lurrean atxiki behar direla, hots, ez dela atera behar existitzen den petrolio eta gas guzia. Hori kontrola daiteke nahi badugu. Baina arazoa zaila da: estatuek zulaketak kontrolatu behar lituzkete, edo konpainiei erran beharko liekete ezin dutela horrelakorik egin. Eta bide luzea egin behar da horretara iristeko. Hori da izan dezakegun beldurrik handiena: suizidio kolektibo bat egiten ari gara, eta ez da ezkutatu behar, baina ez ikusiarena egiten dugu.

Klima aldaketak jendearen egunerokoan izanen du eragina, gainera. Ikusi zer gertatu den Itsas Alpeetan [ekaitza batek gutxienez hogei lagun hil ditu]. Eta ez da gertakari bakana izan. New Yorken ere sekulako ekaitza izan da, hildakoekin... Gero eta ohikoagoak izanen dira halakoak: ez da Pakistango edo Filipinetako kontua bakarrik. Telebistak gertakari bakan gisa azaltzen ditu, baina ez da egia: arau bilakatuko dira.

Ez duzu esperantzarik COP21ean, beraz?

Ez dut hori erran. Erran dut zaila izanen dela, eta dena den elkartuta gauden 120 GKE-ek eginen dugu zerbait COP21ren ondoren, ez baitugu nahi Kopenhagen bezalako kolperik jaso. Kopenhagen jendeak nahi zuen absolutuki gobernuek hitzartutakoa bete zezatela, baina ez zuten egin. Azken mementoan aldaketak egin zituzten, eta hainbeste indar egin zuen jendeak zafraldia bildu zuen. Ez dugu horrelakorik nahi. Geure buruari erraten diogu COP21aren ondotik segitu beharko dugula, eta bukaeran martxa bat eginen dugu. Mobilizazio herritarrekin segitu behar da.

Alternatiba mugimenduak gonbidatuta etorri zara. Nola ikusten duzu mugimendua?

Zoragarria da! Parisko alternatiben herria bikaina izan zen, eta euskal herritarrak zoriondu nahi nituzke manifestazio horren amabitxi egin nindutelako.

BERRIAn argitaratua (2015/10/10)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA