astekaria 2016/04/08
arrowItzuli

gizartea

ARITZ FARWELL

«1910ean denek uste zuten euskara ez zela modernoa»

Ibai Maruri Bilbao

«1910ean denek uste zuten euskara ez zela modernoa»

Edward Brerewood idazleak euskarari buruz honako esamolde hau erabili zuen XVII. mendean, hizkuntzen jatorriari buruzko liburu batean: «Borne before the moone» (Ilargia baino lehen jaioa, antzinako ingelesean). Aritz Farwell historialariari erakargarri iruditu zitzaion. Eta euskararen inguruan XX. mende hasieran egon ziren aurreiritziak aztertzeko egin duen tesiaren izenburuan erabili du: Borne Before the Moone: A Social and Political History of Basque at the Sawn of the Twentieth Century. EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean ingeles hutsean aurkeztu den lehena da.

Euskarak bizitza modernorako ez duela balio dioen ustea zuk ikertu duzun garaian sortu zen, edo aurretik zetorren?

Euskara hizkuntza arkaikoa dela antzinako kontua da. Ez da erraza esaten noizkoa den. Aspalditik zekiten euskara hizkuntza zaharra dela. Adibidez, XV. eta XVI. mendeetan uste zuten Tubalek ekarri zuela euskara Espainiara. Tubal Genesi liburuko pertsonaia da, Noeren iloba. Hainbat ikertzaileren arabera, iberiar zibilizazioaren sortzailea izan zen. Euskara hizkuntza garbia eta perfektua zela zioten ordukoek. Ideia horrek jarraitu du XIX. mendera arte. Nahiz eta gutxiago ziren, XX. mendearen hasieran oraindik batzuek uste hari eusten zioten. XIX. mendean linguistikaren ideia berriak agertu ziren: bai, euskara hizkuntza primitiboa da, baina ez da perfektua; ezin zituen sortzen ari ziren ideia eta kontzeptu berriak defendatu, ahula zen, eta desagertu egingo zen.

XX. mendeko lehen urte haietan, indartu egin zen euskararen inguruko irudi ezkor hori?

Ez nuke esango indartu egin zenik. Baina komunikabideen bitartez publiko egin zen. Gainera, argi utzi behar da askorentzat ez zela ezkorra. Eurentzat ona zen euskara modernitatea Euskal Herrian sustraitzeko oztopo izatea. Izan ere, pentsatzen zuten modernitateak zekarrela eurek nahi ez zuten bizimodua, moralaren arloko arazoak, eta euskarak horien zabalkundea saihestuko zuen Euskal Herrian. Gainera, apur bat lehenago euskara babestearen aldeko mugimendua sortu zen. Hizkuntza babestu nahi zuten: batzuek kanpoko ideiak ez sartzeko eta beste batzuek modernizatu egin nahi zuten mundu modernoan bizi ahal izateko. Baina 1910ean denek pentsatzen zuten euskara ez zegoela prest mundu modernorako.

Zerk zabaldu zuen ideia hori gizartean?

Nik artikuluak, literatura lanak, afixak eta antzezlanak aztertu ditut, 1900 eta 1910 artekoak. Gehienak Gipuzkoan edo Bizkaian idatzitakoak dira. Kontuan izan behar da nork idazten zituen. Gehienak gizonak ziren, emakume pare bat ere bazegoen arren. Erdi edo goi mailakoak ziren. Esango nuke ideia hori euren ikuspuntutik sortu zela. Ez dakigu, adibidez, zer pentsatzen zuen baserri munduko jendeak; agian, haiek bazuten beste pentsaera bat.

Mugimendu euskaltzaleak ere euskararen gaitasun falta hori ikusten zuen?

Bai. Begira Domingo Agirreren kasua: eleberria idatzi zuen, eta sarreran esan zuen euskaldunen moraltasuna babesteko idatzi zuela, kanpoko ideietatik gordetzeko. Gipuzkoako Diputazioak Kresala-ren ale mordoa erosi zituen zabaltzeko. Ziotenez, euskara mundu modernora iritsi zela erakusteko egin zuten: euskaraz eleberri bat idatzi, lehen aldiz.

Eleberri berberaren inguruko bi ikuspuntu dira, beraz.

Ez dira kontrajarriak. Domingo Agirrek esaten zuen ideia modernoetatik babesteko idatzi zuela eleberria euskaraz. Diputazioaren mezuaren oinarrian, berriz, hau dago: euskara ez da hizkuntza modernoa, baina hemen badago moderno izan daitekeen adibide bat.

Euskaltzaindia sasoi hartan sortu zen. Haren sustatzaileek euskara mundu modernora eroan nahi zuten.

Nire ikerketa Euskaltzaindia sortu aurrera artekoa izan da. Baina, noski, bada euskarak ideia modernoak zabaltzeko eta horietan bizitzeko gaitasun falta duelako usteari utziko zaion une bat. Eta, agian, Euskaltzaindiaren sorrerak eragin zuen.

Aurretik zeuden euskaltzaleek ez zuten euskararen erabilgarritasuna defendatzen?

Euskal Esnalearen inguruko jendeak bazuen euskararen egoera konpontzeko asmoa. Gramatika eta ortografia arautzearen eta euskara batua sortzearen beharra ikusten zuten, eta horrek euskarak mundu modernoan bizitzea ahalbidetuko zuela uste zuten. Baina horrek erakusten du orduan ez zutela mundu modernorako prest ikusten. Gainera, ezin dugu ahaztu euskara babesten zuten askok mundu tradizionalari eusteko babestu nahi zutela. Baziren euskarari hiltzen utzi behar zitzaiola ziotenak ere, baina gehienek bizirik irautea nahi zuten, nahiz eta haren ezinak ikusten zituzten. Bazegoen liberal bat, Carlos del Rio izenekoa: El Liberal-en idazten zuen, eta zioen Euskal Herria apur bat Afrika bezalakoa zela. Erresuma Batuak orduan koloniak zituen Afrikan, eta harekin konparatzen zuen. Euskal Herrian trena ipini arren, landa ingurunera joanez gero, euskara aurkituko duzu han, eta horrek kanpoko eraginak sartzea saihestuko du. Haren arabera, euskarak ez zuen desagertu behar. Mantendu nahi zuen, baina baserri munduko jendeak gaztelania ikastea ahalbidetu zen, ideia unibertsalagoak ezagutu ahal izateko. Gaur egungo ikuspuntu euskaltzaletik halako iritziak euskararen kontrakotzat joko lirateke.

BERRIAn argitaratua (2016/04/01)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA