astekaria 2016/04/01
arrowItzuli

gizartea

Auzotasun batuaren aroa da

Arantxa Iraola

Auzotasun batuaren aroa da

Iazko ekainaren 25ean onetsi zuen Eusko Legebiltzarrak Euskal Zuzenbide Zibilaren Legea, eta iragan udazkenetik indarrean da. Aldaketak ekarri ditu, bereziki, oinordetzarekin lotutako gaietan. Izan ere, herentziekin lotutako edukiek mamitzen dute, batez ere, legea. Hala ere, zuzenbide zibilari buruzko lege orokor bat aurrera eramateko oinarria dela defendatzen du Juanjo Alvarezek; Nazioarteko Zuzenbide Pribatuan katedraduna da, EHU Euskal Herriko Unibertsitatean irakaslea. «Lege honek atari antzeko bat izan nahi du gai gehiago sartuz joateko», azaldu du. «Etorkizuneko legegileek bidea izango dute beste alor batzuk ere erantsiz joateko».

Lege berriaren aldaketa agerikoenetariko bat da auzotasun zibil bakar bat —herrialdeka foru zuzenbideak mendez mende taxututako zenbait berezitasun guztiz baztertu gabe— ekarri duela Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako: «Euskal auzotasun zibila». Geroan euskal zuzenbide zibila oinordekotzekin lotutako gaiez harago garatzen jarraitzeko oinarrizko deritzo Alvarezek. «Gu hasieran gaude, baina zuk hartzen duzu, esaterako, Kataluniako kodea, eta kode zibil alternatibo bat da; kodeak arautzen dituen gai guzti-guztiak arautzen ditu: era propioan». Bat dator Andres Urrutia notarioa, Zuzenbidearen Euskal Akademiako lehendakaria. Alvarezen gisan, auzotasun bakar bat izatea giltzarri deritzo; legearen aldaketa esanguratsuena, hain zuzen ere, horixe dela argi du. Izan ere, hori izango da «lotura puntu» ezinbestekoa lege hau zuzenbide zibilaren «esparru berrietara» ere zabaldu ahal izateko.

Foru zuzenbidearen lorratzak bizi iraun du oinordetza kontuetan Euskal Herri osoan: gaur arte. Horren ondorioz, auzotasun bat baino gehiago daude. Nafarroan berezkoa dute. Euskal Autonomia Erkidegoan, hainbat daude: Aiaraldeko (Araba) auzotasunak, Bizkaiko forudunenak, eta Gipuzkoan baserriak oinordekotzan lagatzean zenbait berezitasun onartzen dituenak indarrean diraute. Baina eremu geografiko horietatik lekora bizi zirenek zuzenbide zibil orokorra erabiltzea beste biderik ez zuten orain arte. Eta horiei ate berriak irekitzea izan du jomuga legeak; lurraldekako berezitasunak guztiz baztertu gabe. «Nolabait ere, berezitasun horiek gordetzen dituztenak izango dira auzotasun bakar baten pean geratzen diren azpiauzotasunak», azaldu du Alvarezek. Zentzuzkoa iruditzen zaio Urrutiari. «Oinordetzaren aldetik guk bagenuen eta badugu enborra, sustraia, oinarria, eta hori baliatu dugu», azaldu du. «Orain inportanteena da gune juridiko erkidea daukagula guztiontzat».

Batasunaren bidetik

Gontzal Aizpurua abokatua da, eta Zuzenbidearen Euskal Akademiako zuzendaritzako kidea. Euskara batuaren oinarriak jartzeko 1960ko hamarkadan martxan jarri zen prozesua lege hau egiteko erabili denarekin erkatzea egokia iruditzen zaio. «Euskararen kasuan ere gauza bera gertatu zen; beharrezkoa izan zen ez iraungitzeko, bateratzea». Bat dator Urrutia —Euskaltzaindiko burua da 2004tik— abokatuaren konparazioarekin. «Euskalkiak dira gure herrialdeetako foru zuzenbideak; eta zuzenbide zibil batua, berriz, lege hau da. Lexikoaren eta gramatikaren aldetik, baditu lurralde ezberdinetako ekarpenak», azaldu du. «Orain, ikusi beharko da juristok gauza garen euskal zuzenbide zibilaren esparru horretatik joateko».

Baina bat datoz denak: euskararen iraupen eta garapenerako «estandar» komun bat izatea garrantzitsua izan zen hein antzekoan, tresna eraginkor bat izango da euskal auzotasun zibila. Onerako. Bizkaian bederen, herrialde berean esparru forodunak eta forugabeak izanda, egoera konplexu asko ikusi ditu bere abokatu jardunean Aizpuruak, eta halakoak saihesteko bidea izango den itxaropena du. «Izan ere, auzotasun zibil ezberdinen ondorioz, egoera zailak izan dira; surrealistak ere bai, sarri askotan».

Auzotasuna ez da betiko

Auzotasuna —edo tokian tokiko azpiauzotasunak— lortzeko hiru bide daude. Lehenengoa da gurasoek edukitzea, eta haiengandik jasotzea. Bigarrena, bi urte baino gehiagoan toki batean bizitzen egotea eta auzotasuna izateko eskakizuna egitea. «Herriko erregistrora joan behar duzu esaten euskal auzotasuna nahi duzula, edo tokiari dagokion azpiauzotasuna», azaldu du Alvarezek. Hirugarrena da hamar urtean baino gehiagoan tokian bizitzen egotea: orduan ez da eskaririk ere egin behar. «Egunotan hitzaldiak ematen nabil gai honi buruz. Eta etortzen zaizkit, esaterako, orain dela hamarkada zenbait Espainiako hainbat herrialdetatik bizitzera etorritakoak. Horiei esaten diet guztiek ja euskal auzotasuna dutela», esplikatu du. Ondasunak dauden tokian daudela ere ezartzen da: «Izan daitezke Torremolinosen [Andaluzia, Espainia] dauden etxeak. Kasu horietan ere, hildakoak zuen auzotasuna aintzat hartu behar da».

Espainiako naziotasunik ez duten pertsonetan bakarrik izaten da ezberdina jokabidea. Herritar horiei bi urte pasatu aurretik ere ezar dakieke EAEko legea, baldin eta propio ez badute eskatuta —«deklarazio bat egin behar dute horretarako»— beren jatorrizko herrialdeko irizpideen arabera banatu nahi dutela herentzia. «Nolanahi ere, atzerritarrek ez dute inoiz auzotasun zibilik; naziotasuna ez duten bitartean, ezin dute auzotasunik eskuratu», azaldu du Alvarez irakasleak.

Auzotasuna ez da betiko. Bolada batean Espainiako Astatuaren administraziopeko lurralderen batean bizi, eta, esaterako, gal daiteke. Adibide bat jarri du Alvarezek: «Murtziara bizitzera banoa, gal dezaket auzotasuna han hamar urte baino gehiago egiten baditut; hango auzotasuna ezarriko didate. Jendeak ez daki hori askotan; baina, kasu horietan, auzotasuna galdu egiten da. Horregatik garrantzitsua da hamar urteak, bete aurretik bizileku duzun herriko erregistrora joatea, eta auzotasuna betikotu nahi duzula esatea. Sine die izaten da orduan. Baina jende askok ez daki, eta ezusteak izaten dira».

Atzerria bizileku dutenen egoera —Ipar Euskal Herrian bizi diren Hegoaldeko herritarren egoera bera da— ere aztertu du Alvarezek. «Arriskua dute, han hiltzen badira, Frantziako legea ezartzeko. Hori saihesteko, notario batengana joan behar dute, esanez beren auzotasuna errespetatuz banatu nahi dutela oinordekotza. Hori egitea ezinbestekoa da, gainerakoan Frantziako legearen menpe geratzen dira. Denek joan behar lukete notario batengana, eta beren auzotasuna erakutsi behar lukete; Hendaiara bizitzera joan zirenean —orain dela hogei urte bazen ere— euskal auzotasuna zutela erakutsi behar dute, eta hori aintzat hartzea nahi dutela beren herentzia banatzeko orduan». Admistrazioarentzat atzerri diren gainerako bizilekuetan, berdin. «Australian hiltzen bazara, Australiako legea ezarriko zaizu, baldin eta ez baduzu propio aldez aurretik zure auzotasunaren aldeko hatua egin».

«Inposiziorik» gabe

Euskal Zuzenbide Zibilaren Legeak ez duela deus «inposatzen» nabarmendu du Alvarezek; lege «malgua» dela, nahi bada zuzenbide zibil orokorraren irizpideak betetzeko bidea ere ematen diena herritarrei. «Autonomia» da legearen printzipioetako bat, eta horrek Europako Batasunean nagusi diren legedien irizpideetara hurbiltzen duela esplikatu du. «Inposizioaren» gainetik ituna lehenesteko borondatean, foru zuzenbideak Euskal Herri osoan izan dituen hainbat aldaeratan dagoen muin bateratuaren lorratza ere ikusten du Urrutiak: «Humus bat dago hor, sustrai bat. Isomorfikoak dira, neurri batean. Sustrai bat eta bakarra dago hor».

BERRIAn argitaratua (2016/03/28)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA