astekaria 2016/04/01
arrowItzuli

gizartea

Nafarroak berrikusi egingo du Elizak ondareagatik jasotakoa

Garikoitz Goikoetxea

Nafarroak berrikusi egingo du Elizak ondareagatik jasotakoa

Elizaren ondasunei buruzko afera Nafarroako Parlamentura itzuliko da datorren astean. Gobernua babesten duen laukoteak —Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerra— mozio bat adostu du: Elizari eskatu diote bere izenean jarritako ondasunak «itzultzeko». Hori ez da, ordea, adostutako testuaren berritasun nagusia: eskari zehatzak egin dizkiote gobernuari, Elizaren ondasunen gaian esku har dezan. Hiru eskari dira zehazki: batetik, informazioa jaso dezala Nafarroako immatrikulazioei buruz; bestetik, berrikus ditzala ondasun horiek babesteko Elizak jasotako diru laguntza publikoak; eta azkenik, aurkez dadila udalek Elizaren aurka hasitako auzietan.

Datorren ostegunean eztabaidatuko dute mozioa, osoko bilkuran. Gehiengoa dute lau alderdi horiek, eta, beraz, ziurra da proposamena aurrera aterako dutela.

Elizaren jardunaren aurka irmo mintzo dira lau alderdiak adostutako testuan: «Eliza katolikoaren gisako instituzio pribatu batek lapurtu du gure komunitateko ondare materiala eta immateriala». Eliz arduradunen jokabidea «gaitzesgarria» dela azaldu dute, hiru argudiotan oinarrituta. Bat, historia: «Artxiboetako dokumentuek bermatzen dute ondasun horiek dauden herriei dagozkiela, era komunitarioan». Bestetik, legea: «Lege frankista bat aprobetxatu dute, demokrazia aurrekoa eta konstituzioaren kontrakoa». Hirugarrenik, etika: «Arduradunen diruzalekeriak lotsagorritu egiten ditu eliztarrak eurak ere».

Publikoki erregistratzea

Nafarroakoa bereziki «iraingarria» da, talde horien ustez. «Parlamentuak ezin du bere hartan gelditu». Helburu dute Elizak immatrikulatutako ondasunak «herriarentzat berreskuratzea».

Lehen eskaria Elizari berari egin diote. Gobernuaren bidez, eskatu nahi diote «itzultzeko» immatrikulatutako ondasunak. «Eutsiko baliote erregistratzeko nahiari, banaka egin dezatela, publikoki, hirugarren batzuek ondasun horiekiko izan ditzaketen eskubideak babesteko». Herri gehienetan, izan ere, ez dute ezer jakin immatrikulazioen gaia azaleratu den arte —oraintsu berdin gertatu da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan—.

Elizak bide hori hartzea zail da, argudio bati eusten baitio: «betidanik» izan dituela bereak ondasun horiek, eta «segurtasun juridikoagatik» erregistratu dituela, legearen altzoan. Auzibide batzuk badira Nafarroan: udalek jo dute Elizaren kontra, herriaren ondasunak immatrikulatzea egotzita. Auzi horietan pertsonatzeko eskatu dio laukoteak gobernuari. Kontuan izatekoa da auzitegietan orain arte Elizaren alde egin dutela, legearen babesean aritu baita.

Diru laguntzenak egin dezake ibilbide luzeagoa. Milioiak jarri dituzke erakundeek ondasun erlijiosoak babesteko. Tuterako katedralean, adibidez, zaharberritze lan handiak egin dituzte, eta zati handi bat gobernuak ordaindu du —bisitariei sarrera kobratzen diete—. Hori berrikusiko du gobernuak, «herrien interesen eta Nafarroako ondasun komunaren segurtasunaren arabera». Orain arte Elizari emandako diru kopurua ere zehaztuko du gobernuak.

BERRIAn argitaratua (2016/03/31)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA