astekaria 2016/04/01
arrowItzuli

bizigiro

SERGI CAMARA

«Mugetatik, merkantziak bai, baina inor ezin da igaro»

Lander Muñagorri Garmendia

«Mugetatik, merkantziak bai, baina inor ezin da igaro»

Zein mezu bidaliko zenioke Melillako hesia (Espainia) igaro berri duen etorkin bati? Galdera hori egin die Sergi Camara fotokazetariak (Vic, Herrialde Katalanak, 1970) Europan hainbat urte daramatzaten etorkinei. Desio izan zuten Europa hura topatu al duten, eta zein gomendio egingo lieketen. Argazki bana atera, eta erakusketa jarri zuen Melillan dagoen etorkinentzako behin-behineko zentroan. Esperientzia horrekin Mugaldeko mezuak dokumentala ere egin du. Gaur emango dute ETB2 katean, eta bihar ETB4n.

Zein mezu bidali dizkiete etorkinek iritsi berriei?

Oro har, esaten diete Europa ez dela erraza. Askok uste dute dirua kalean hazten dela, eta erraza dela bizitza normala izatera iristea. Baina gero jabetzen dira ez dela horrela, paperik gabe ezin duzula lan egin. Hori esaten diete, baina baita ez dezatela etsi ere. Edonola ere, testigantza gordinik lortu badugu, prostituitzera behartu zuten neska nigeriar batena lortu dugu. Mafia batean harrapatu zuten bidaia ordainduko ziotela sinetsarazita. Azkenean, zorretan daudela sinetsarazten diete, eta hemen prostituzioan jarraitzen dute. Emakumeek mafiarekin izan dezaketen harreman oro saihesteko gomendatzen du neska horrek.

Eta iritsi berriek zein mezu bidaltzen dituzte?

Melillako erakusketan paper bat jarri genuen iritsi berriek mezuak idatz zitzaten. Denek bat egiten zuten Europari har zitzatela eskatuz. Esaten zuten ez zetozela min egitera, etorkizun hobe baten bila baizik.

Mezu horrek Grezian pilatuta dauden errefuxiatuena ematen du, baina Europaren jarrera lehenagotik dator, ala?

Bai, hala da. Etorkin asko harritu egiten dira Marokoko mendietan baino okerrago biziko direla jakitean. Almerian frutak biltzen aritzen diren etorkinak barraketan bizi dira; hori hobea al da? Askok ez dakite Europa hain gogorra denik. Beti errepikatzen dute mezu bera: euren etxean behintzat ohe bat, janaria eta lagunak zituztela. Hemen janaria zaborrontzietan bilatu behar dute askotan.

Amets europarra, hala ere, ilusio bat da...

Bai, film espainiarretan bezala gertatzen da. Atzerrian daudenek etxera itzultzean ez dute kontatu nahi zein gaizki dauden. Hemen berdin. Erreala ez den irudi bat ematen dute, eta horrek ondoko jendea animatzen du.

Amets hori ametsa soilik zela jabetzea izango da gogorrena.

Bai, ondoren datorren kolpe psikologikoa da denetan gogorrena. Askok hondoa jotzen dute, hamar urteko bidaia baten ondoren jatorrian bezala geratzeko. Helmugara iristean jabetzen dira ez dela pentsatzen zutena, eta ez dela bizilagunak kontatzen zuen hori. Eta ziurrenik hark bezala amaituko dute.

Mugako Poliziaren rola ere erretratatzen duzu dokumentalean. Askotan eurak dira oztopo nagusia?

Bai. Marokora arteko poliziak etorkinez aprobetxatzen dira: herrialdea igarotzeagatik kobratzen diete. Baina Marokon dena aldatzen da, errepresio eta indarkeria handia erabiltzen dutelako etorkinen aurka. Espainiak bertan geraraz ditzan ordaintzen dio Marokori, edo beste era batera esanda: Maroko azpikontratatzen du. Bideoak baditugu, non ikusten den Marokoko Polizia sekulako egurra ematen etorkinei, eta Guardia Zibila ondoan begira.

Muga paralelo bat sortu dutela.

Bai, eta Marokok egoera kontrolpean dauka, gainera; zerbait gustatzen ez bazaio muga zabaldu besterik ez duelako Espainiara ehunka etorkin sartzeko. Eta hori badaki Espainiak, eta horregatik ordaintzen zaio aldiro-aldiro hainbeste Marokori.

Alegia, mugak pertsonentzako bakarrik daudela eginda.

Hori da. Pertsonak igarotzea zaila da, baina, Melillan haxixa edo kokaina lortu nahi izanez gero, horretarako arazorik ez dago. Aurreko asteetan ere berdin gertatu zen Greziako Idomenin: pertsonentzat ateak itxita zeuden, baina altzairua eta gasolioa sartzen zen. Merkantziak igarotzen dira, baina pertsonak ez.

BERRIAn argitaratua (2016/03/30)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA