astekaria 2016/04/01
arrowItzuli

bizigiro

Willyrekin, orain zer egin?

Edu Lartzanguren

Willyrekin, orain zer egin?

Ez dago irudirik orken itxura adierazteko, ezpadaharagi multzo basati bat, hortzekin», hala idatzi zuen Plinio Zaharra naturalista erromatarrak Kristo ondorengo 70. urte aldera. Gaur, jendeak baditu irudiak orkak nolakoak diren jakiteko, besteak beste, ur parke askotan dituztelako, esklabo, pailazokeriak egiten trebatuta. Baina ikuskizunaren amaiera gertuago dago. Gatibu dituen orkak ugaltzeko lanak bertan behera utziko dituela iragarri berri du SeaWorld konpainiak. Ikuskizunik ez da izango AEBetako San Diegon 2017. urterako, eta San Antonio eta Orlando parkeetan 2019rako utziko dituzte.

«Gure itsasontzietan jendeak orkak libre ikusten dituenean, jauzi egiten nahi dutenean, eta ez agintzen dietenean, gogoa galtzen du preso dituzten ezpalarten ikuskizun batera joateko», esan du Enrique Franco Ambar Itsasoko Animaliak Ikertzeko eta Gordetzeko Elkarteko presidenteordeak. Taldeko beste kideak bezala, boluntarioa da Franco. Zientzialari taldea du elkarteak. Zetazeoak hondartzeratu egiten direnean, haiek salbatzen saiatzera joaten dira, edo zoritxarrean, hildako animaliei nekropsiak egitera. Heziketa lanetan ere aritzen dira: jendea itsasontzietan zetazeo askeak ikustera eramaten dute, besteak beste.

SeaWorldek bide bera hartuko duela ematen du. Ur parkeetako ikuskizunak bertan behera utzi eta animaliok ingurune «naturalean» ikusteko egitasmoa bultzatuko duela iragarri du AEBetako konpainiak. Izan ere, Ospe txarra hartu dute azken boladan ikuskizunok. Min handia egin dio SeaWorldi Gabriela Cowperthwaiteren Blackfish dokumentalak (2013). Gatibu diren orken bizi baldintzak deskribatu zituen filmak, eta animalioi estresak sorturiko buruko gaitzek gutxienez hiru pertsonen heriotza eragin dutela salatu zuen. Konpainiaren parkeek 8,3 milioi bisitari galdu zituzten, 2014. urtean.

Orkentzat bereziki tragikoa da preso egotea, besteak beste, milaka kilometro ibiltzen direlako itsasoan libre direnean. Aspaldi ari dira Ambarrekoak gatibu dituzten orken egoera salatzen. «Aske direnean, orkek ez diete inoiz eraso egin gizakiei». Francok azaldu duenez, ezpalartek beste orkekin komunikatzeko botatzen dituzten soinuek kilometro asko bidaiatzen dute itsasoan, baina, ikuskizun parkeetako igerilekuetan, paretetan jotzen dute eta oihartzun gisa itzultzen zaie. «Batzuk erotu egiten dira, eta erasokor bihurtzen dira».

Animaliak gatibu izateaz jendeak duen iritzia asko aldatu da azken urteotan. Lehen zoologikoak eta ur parkeak ziren aukera bakanetakoa hainbat pizti zuzenean ikusteko. «Orain ez zaigu onargarria iruditzen». Ambar elkarteko kidearen arabera, SeaWorldekoek beraiek ikusi dute gaia «eskuetatik joan» dakiekeela, eta horregatik hartu dute erabakia. «Ez dugu uste SeaWorldekoek arrazoi etikoengatik ari direnik».

Askatu Willy ( 1993) filmarekin hasi zen kontzientzia aldaketa. Keiko orkak antzeztu zuen filmean, baina errealitatea larunbat arratsalderako filmetako istorioak baino latzagoa dela argi geratu zen, ezin izan zutelako Keiko erabat askatu. SeaWorlden erabakiak, animalien eskubideen aldeko ekintzaileen garaipen handia bada ere, zalantza asko pizten ditu. Zer egin orain gatibu diren orkekin? Erantzuna ez da, «itsasoan askatu» bezain sinplea. Ezpalartak gizarte animaliak dira, «oso adimentsuak», Francoren arabera. Elkartasuna zer den badakite, esaterako. Ambar taldeko kideak kontatu duenez, ezpalarta bat elbarri geratu zen itsasontzi baten helizeak bizkarrezurra kolpatu ziolako bi urte zituenean. Geroztik, beste orkek elikatu eta lagundu dute, eta, orain, 16 urte ditu. «Eta zaintzen jarraitzen dute».

Gaur, 50 orka inguru daude SeaWorld konpainiaren parkeetan. Hartzekin gertatzen den bezala, zaila da gizakiekin ohituriko ezpalarta gero berriz naturan askatzea. «Beti bilatuko ditu gizakiak», esan du Francok. Hala gertatu zen Keikorekin.

Matriarkatua

Orkek bizitza osoa pasatzen dute familiarekin. «Matriarkatua dira», Francoren arabera. Emerik zaharrenak agintzen du taldean. Bi familia elkartzen direnean, bateko emeak bestearen arrekin elkartzen dira ernaltzeko, endogamia saiheste aldera. «Gatibu hazitako orkek ez dute ikasi ehizan, nola egin igeri elkarrekin...». Kultura da, ikasia, ez genetikoa. Urte asko behar izaten dute ezpalarta gazteek hori guztia ikasteko. «Askaturiko orka batek ez luke jakingo itsasoko zein lekutan dagoen ere. Hondamendia litzateke», esan du Francok.

Gizakiek bezala, ezpalartek ere badute alderdi iluna. Morgan orka, esaterako, Tenerifeko (Kanariar Uharteak, Espainia) Loro Parquen daukate, eta beste espeziekideek ez dute onartzen. «Hozka egiten diote... izugarrikeriak», esan du Francok. «Horren irudiak YouTuben jartzen dituzten bakoitzean, bideoa bizpahiru egunetan kentzen dute, SeaWorld konpainiak estutu egiten dituelako, antza».

Dirutza handiak daude jokoan. Tenerifeko parkeak, esaterako, 40 milioi bisitari jaso ditu, 1972. urtean zabaldu zutenetik, eta hamar milioi euro baino gehiago dute inbertitua han. Hiru eraso larri gertatu dira Loro Parquen: 2007ko urriaren 6an, Tekoa orkak Claudia Vollhardt trebatzaileari eraso zion, eta ia hil. Bi urte geroago, Skyla ezpalartak Rafa Sanchez trebatzailearen kontra jo zuen. Larriena, urte horretako Gabon zahar egunean gertatu zen: Keto orkak Alexis Martinez trebatzailea hil zuen, kolpatuta eta koskatuta.

SeaWorlden agiriak bakarrik AEBetako ur parkeak aipatzen ditu. Konpainiarenak dira, ordea, Loro Parquen dauden sei ezpalartatik lau. BERRIA Tenerifeko parkearen kudeatzaileekin jarri da harremanetan, baina ez du erantzunik jaso.

«Ikuskizunak bertan behera uztea txarra ere izan daiteke, orka batek ezin duelako egon ezer egin gabe», esan du Fernando Ugarte biologo mexikarrak Nuuketik (Groenlandia). Gatibu dituzten bitartean, «ondo zainduta eta lanean» izateko gomendatu die SeaWorldekoei: «Ez utzi orkei aspertzen eta elkarri erasotzen». Izan ere, ezpalartak libre ez direnean, letargiko egoten dira, gizendu egiten dira eta elkar koskatzeari ekiten diote beste zereginik ez badute.

Ugartek Groenlandiako Natur Baliabideen Institutuko Hegazti eta Ugaztun saila zuzentzen du. Erakundeak aholkuak ematen dizkio Nuukeko Gobernuari.

Biologoak esan duenez, animaliok askatzekotan «ondo egin behar da». Izan ere, ikasketa prozesu bat behar du denbora asko gatibu egon den animalia batek. «Zetazeo batek gose eta beldur bolada bat behar du, bere kabuz jaten ikasi aurretik. Oso ondo pentsatu behar da nola egin hori». Bestela jokatzea «sentimenduek engainatzea» litzateke, zientzialariaren arabera, «hau da, gauza ona egiten ari zarela pentsatzea, baina kaltea egitea piztiari».

SeaWorldek dituen 50 orkak «gehiegi» dira, konponbide ona izateko. Keikoren adibidea idealtzat du: zetazeoak badia edo fiordoren batean askatzea, erdi libre. Baina ez daki animalia horiekin guztiekin posible izango den.

Biologoa ez da zoologikoen etsaia: heziketa lana eta ikerketa egiteko aukerak handiak dira horietan, Ugarteren arabera. «Ona litzateke etorkizunean zoologikoak egoten jarraitzea, betiere, haien eginkizun bakarra ez bada dirua irabaztea».

Halere, animalia bakoitzak behar ezberdinak ditu, eta, preso izatekotan, «baldintzarik onenetan» izan behar dira, eta hori garestia da. «Orkak ez dira egokiak zoologikoetan izateko: handiegiak dira eta azkarregiak». Biologoak galdetu duenez, «zertarako eduki halako tokietan, leku askotan libre ikus ditzakezunean?

Itsasoko ugaztunen artean, bakarrik kaxaloteak du orkak baino burmuin handiagoa edo, behintzat astunagoa. Euren zoritxarrerako, bihotza ere handia dute, gizakiak maitatzeraino.

BERRIAn argitaratua (2016/03/29)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA