astekaria 2016/04/01
arrowItzuli

bizigiro

Burdinazko hegaztiei eremua zabaltzen

Lander Muñagorri - Bidatz Villanueva

Burdinazko hegaztiei eremua zabaltzen

Biek egiten dute bat aireportuetan: burdinazko hegaztiek eta hezur-haragizkoek. Bien arteko elkarbizitza, ordea, ez da samurra izaten gehienetan, burdinazkoak baitu lehentasuna. Angel Lepaza Carballo Loiuko aireportuan (Bizkaia) lan egiten duen falkoneroak eman du arrazoia: «Hegazti bat hegazkin baten turbinan sartzen baldin bada, kalte handiak eragin ditzake». Horregatik, horri aurrea hartu, eta hegaztiak aireportuko aire eremutik uxatzeko lan egiten du hark. Terminal barrutik bidaiariek askotan ikusten ez duten lana da, ezkutuan egiten dena kasik, baina bertan daude. Hogei belatz dauzkate Loiun, eta, aire eremuan hegaztirik sartzen bada, haien ehiza sena baliatzen dute kanpora bidaltzeko. Hala ere, ez da hori euskal aireportuetan hegaztiak uxatzeko erabiltzen den teknika bakarra. Miarritzen, esaterako, soinuaren bidez eta tiroz aldentzen dituzte hegaztiak. Baina teknika horiek ez dira egokienak Lepaza Carballorentzat: «Tiro bidez uxatzea, ekologikoa ez izateaz gain, ez da erabat eraginkorra, hegaztiak ohitu egiten baitira soinu horietara».

Horren ordez, Loiuko aireportura iristen diren hegaztiak beldurtzen egiten dute lan hango falkoneroek. «Eremu honetan belatzak daudela badakite, eta hegazti askok aire eremua saihesten dute». Hala gertatzen da, esaterako, kaioekin. Haien presentzia nabarmena den arren, beste askok belaunaldiz belaunaldi transmititutako jakintzaren bidez, aireportua dagoen eremura inguratzen direnean altuera handiagoa hartzen dute. Eta horrela beste hainbat hegazti espezierekin ere. 2010ean hasi zen Fernando Pinto aireportuko fauna teknikaria bertan zeuden espezieak kontatzen, eta orduz geroztik «asko jaitsi da kopurua». Edozein modutan, hegaztien presentzia etengabekoa da han, besteak beste, migrazio bideen barruan dagoelako inguru hori. Manu Reyes falkoneroak zera azaldu du: «Eskualde honek ez dauka kasualitatez Txorierri izena, Urdaibaira bidean hegaztiak hemendik igarotzen baitira». Baina haien lana da migrazio bide horretan burdinazko hegaztiak gailentzea.

Loiuko aireportuan lan egiten duten hogei belatzek parez pare daukate 2000. urtean inauguratu zen Calatrava arkitektoaren porlanezko hegaztia. Sondikako terminal zaharrean daukate belatzek eta falkoneroek euren egoitza, eta patio batean dauzkate belatz guztiak. Irteera bakoitzeko lau harrapari hartu, eta pisatu egiten dituzte, gizen badaude ez direlako ehizatzera ateratzen, Lepaza Carballoren arabera. «Ez ditugu gosez izaten, bestela ahul egongo liratekeelako, baina apetitua izan dezaten saiatzen gara, horrela ehizatzeko gogoa izan dezaten». Autoan sartu dituzte, eta egunero behin eta berriro egiten duten ikuskaritza egiten dute lurreratzeko pista inguruan. Hegazti talderen bat ikusten badute, urrutiratu eta belatz bat askatzen dute. «Inguruan askatuz gero, belatzak ez du behar adina altuerarik, eta ezin dute eraso egin». Hori gertatu zaie ikuskaritza egitera atera eta hegazti talderik ikusi gabe markatze ariketa bat egiten ari direnean. Belatza hegan hasi, eta, haren presentzia ikusi bezain laster, hegabera talde bat altxatu da. Ihes egin zutela zirudien arren, handik hamar minutura berriz itzuli dira. Reyes autoan aldendu da, eta beste belatz bat askatu du berriz ere behar duen garaiera hartzeko. 170 metro ingurura igo da hegaztia, eta, bitartean, hegaberak geldirik, euren ezkutalekuan. Reyes eta Lepaza Carballo euren agindutara daukaten zakurrarekin joan dira hegazti taldea dagoen ingurura. Altxarazi dute taldea, eta belatza goitik behera jaitsi da ziztu bizian hegaberei eraso egitera. Ez du ezer harrapatu, baina zerbait ziurtatu dezakete bi falkoneroek: «Hegazti talde hori ez da berriz itzuliko; jakin dute eremu horretan eraso egiten dien harrapari bat dagoela».

Hala ere, egunero ez dute halako talderik ikusten, eta horretarako markatze ariketak egiten dituzte, aireportuko aire eremura inguratu daitezkeen hegaztiek ikus dezaten bertan belatz bat dagoela. Baina harrapariek eurek ere ehizatzeko sena gal ez dezaten, amu bat jartzen diete lantzean behin. Uso bat askatzen dute, belatzek euren gaitasunak galdu ez ditzaten. Ariketa horietako bakoitzaren ondoren, jaten ematen diote hegaztiari, egin duen lanaren arabera. «Lan ona egin duenean jakin egin behar du, eta gaizki aritu bada, jakin beharra dauka hurrengo aldian hobeto aritzeko». Atera dituzten lau belatzak jaso, eta berriz itzuli dira babeslekura, handik gutxira beste irteera bat egiteko.

Soinuz; eta, bestela, tiroz

Miarritzeko aireportuan, ostera, ez dute uste teknika eraginkorra denik belatzak aireratzea, horrek ez omen duelako arazoa konpontzen. Hala adierazi du Michel Arvy Miarritzeko aireportuko segurtasun arduradunak. Garesti ateratzen dela aitortu du. Halaber, hegaztien afera eremu zabalago baten barruan kudeatzen dutela nabarmendu du, animaliek eragindako arriskuen prebentziorako zerbitzuan, hain zuzen.

Hegaztiak aireportuko pistatik uxatzeko hiru aldi dituzte: lehenik, hegaztien soinuak imitatzen dituzte, belatzena esaterako. Gainontzekoek, orduan, harrapariaren beldur alde eginen lukete. Hori gertatu ezean, uxatzeko tiroak erabiltzen dituzte. Hori eginik pistan jarraitzen badute, azken neurria animaliei tiro egitea da. Darabiltzaten jarraibide eta arauak «oso zorrotzak» dira, Arvyren arabera. Horretaz arduratzen diren hogei langile inguru dituzte. Formazio espezifiko bat jaso dute, eta ehizatzeko baimena lortzeko prozesua igaro. Lau gune daude aireportuko pistan hegaztirik dagoen edo ez zaintzeko, baina eremu guztian autoz ibiltzen dira langileak.

Dena den, Arvyk azaldu du oso gutxitan egin behar izan dietela tiro hegaztiei: «Normalean, %99an, soinua aditzean joaten dira. Baina badago menderatu ezinezko %1 bat, pistan pausatzen dena eta bertatik kentzea ezinezkoa dena».

Hegazkinak bi momentu kritiko ditu: aireratzea eta lurreratzea, alegia. «Une horietan maniobrak egitea zailagoa da airean baino», zehaztu du Arvyk. Izan ere, txoriek pilotuen kristala jo, eta dena odolez zikinduta uzten dute, ikusgarritasuna kentzeraino, Arvyk azaldu duenez. Hori eragotzi nahi dute. Gertatu izan da hegazti handi batek hegazkina zulatu izana ere.

Urtero egiten dute uxatu behar izan dituzten animalien bilana, besteak beste. Iazko urtarriletik abuztura, zazpi hegaztiren talkak zenbatu zituzten, kontuan izanik aireportuko eremuaren barnean gertatzen direnak bakarrik kalkulatzen dituztela. «Gutxi» direla uste du Arvyk, epe berean egindako 7.000 bat hegaldiekin alderatuz.

Hegaztien joan-etorriak faktore askoren menpe daudela azaldu du. Adibidez, aurtengo negua beroa izan denez, hegoaldera itzuli nahi zuten ehunka kurrilok ezin zuten mendia igaro, hego haizeak geldiarazten zituelako. Orduan, Donibane Garazira itzultzen ziren behin eta berriz. Horrek zuzenean aireportuari eragiten dio: «Meteorologiak eta paisaiak, biek eragiten dute. Guk, gainera, itsasoa eta mendia ditugu».

BERRIAn argitaratua (2016/03/28)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA