astekaria 2016/04/01
arrowItzuli

bizigiro

Euskara ikusgai egiteko ardurak

Urtzi Urkizu

Euskara ikusgai egiteko ardurak Urtzi Urkizu

Euskara ETB2n entzuteak —ez bakarrik albistegietan— ohikoa behar luke. ETBren Sorrera Legean euskara eta euskal kultura sustatu behar dela esaten denean, ETB2n hori gauzatzea legea betetzea baino ez litzateke. Beste kontu bat da gaztelaniazko katean 1986tik hona zer gertatu den. Nonbaitetik hasi behar. Eta liderrak diren albistegietatik hastea egokitzat jo daiteke.

Beste alor askotan gertatu den moduan, gizartearen presioak eman ohi du bere fruitua. Eman dezake, bederen. Sinadura bilketaren bat izan zen duela urte batzuk, ETB2n euskarazko adierazpenak eskatzeko. Formalki, adierazgarriagoa izan zen 2015eko apirilaren 14an kirol eta kultur arloko pertsona esanguratsuek egin zuten agerraldia. Eskaera zehatza zen: «EITBko zuzendaritzak agindua eman diezaiela kazetari guztiei euskaldunak gaztelaniaz hitz egitera ez behartzeko, eta arretaz zaindu dezala agindua betetzen den edo ez». Ez zen ezerezetik abiatu ekinbidea. Lea-ArtiBAI euskara elkarteak eta Uema udalerri euskaldunen mankomunitateak komunikazio protokolo bat jarri zuten martxan 2014an, euskararen arnasguneetan hedabideetako kazetariek elkarrizketatuei erdaraz egiteko ez eskatzea helburu. ETBko ordezkariekin bilerak izan zituzten. Eta bide bat egin da. Jarraipena behar duen bide bat.

Protokoloa lantzen aritu zen Iratxe Ibarraren arabera, aldaketa txiki batzuk izan dira ETB2ko albistegietan. Bereziki kultur arloko gaietan euskara gehiago entzuten dela nabaritu du Ibarrak. Baina afera kazetarien esku gelditzen da. Lehen bezala. Haren ustez, badira kazetariak hizlari euskaldunei gaztelaniazko adierazpenak eskatzen ez dietenak.

EITBk berak adierazpenen hizkuntza tratamendua arautu zuen iaz. Taldeak argitaratu zuen Euskal Irrati Telebistak erantzukizuna duela euskal gizartean euskarak gero eta leku handiagoa duela ikusgai egiteko. EITBko zuzendaritzak erredakzio kontseiluaren ekarpenak bildu zituen, eta adierazpenen hizkuntza tratamendurako agiri eta bideo bat zabaldu zizkien kazetariei. Hortik aurrera, kazetarien esku gelditzen da nola jokatu.

EITBren arauen arabera, kale-inkestetan, euskara nagusi den herrietan euskarazko lekukotasunei emango zaie lehentasuna, herriko bizitza ukitzen duten gaietan. Nabaria da ez dela hori beti bete Teleberri-n, ekaitz, natur hondamendi eta ezbeharretan. Entzun ditugu hilabeteotan gaztelaniaz hitz egiten Bermeoko, Berastegiko, Ondarroako eta Zarauzko herritar euskaldunak. Adierazpenen Hizkuntza-Tratamendua agiriak jasotzen duenez, kazetariak galdetu behar dio elkarrizketatuari: «Nola nahi duzu, euskaraz, gaztelaniaz, edo bietan?». Kontua da kalean dabilen herritarrak, behin kazetariari erantzuteko prest dagoela adierazi ostean, nekez esango diola ez duela gaztelaniaz erantzungo. Baldin eta ez badu Gaizka Garitanok gaiaz emandako azalpen publikoekin konbentzitu. Kaleko herritar horrek, euskaltzalea izanda ere, ez baitu lanik hartu beharrik gaztelaniazko adierazpenen ondorioetan. Bestela da kazetariaren jarduna, talde publiko baten barnekoa eta euskal gizarte osoari begirakoa. Hor auzia baita ea ETBko kazetariak bere aldetik aktiboki jokatu behar duen gaztelaniazko albistegirako euskarazko adierazpenak sartzen. Kaleko herritarrari zer hizkuntzatan hitz egingo duen galdetzeko modua ere ikusi beharrekoa da. EITBk berak euskara ikusgai egiteko helburua betetzeko kazetaria inplikatu behar duen ala ez. Nahiz eta pieza 21:00etarako prest egotea izan premiazkoena. Eta premiazkoa izan bada euskararen ikusgarritasuna.

Ibarrak berak aitortu du euskara lehen baino gehiago entzuten dela ETB2ko albistegietan. Ez dugu halakorik ukatzen. Baina ez luke euskara soilik haurren, herri euskaldunetako kaletarren eta kulturgileen ahotan entzun beharko —nahiz eta ahots horiek premiazkoak ere badiren—. Ez soilik albistegietan, eta ez dena kazetarien esku utziz —haien ardura ukatu gabe—.

Egin zioten elkarrizketa bat Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariari martxoaren 10ean. ETB2n eta gaztelaniaz, promozio handiarekin. %4,7ko ikusle kuota izan zuen (katearen batez bestekoa baino hiru puntu gutxiago). Euskaraz egin izan balute, ez luke askoz datu txikiagoa izango. Baina euskarak inoiz ez du tokirik hegaldi garestienetan.

BERRIAn argitaratua (2016/03/28)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA