astekaria 2016/04/01
arrowItzuli

ekonomia

ANDRES RUGGERI

«Kooperatiba batzuk patronal bihurtzen dira»

Lander Muñagorri Garmendia

«Kooperatiba batzuk patronal bihurtzen dira»

Lantegi berreskuratuen mugimenduak 2001. urtean Argentinan piztu zen krisian dauka oinarria. Andres Ruggeri antropologoak (Buenos Aires, Argentina, 1965) hasiera-hasieratik segitu du fenomeno hori Buenos Airesko unibertsitateko fakultate irekian, baita lantegi berreskuratuen dokumentazio zentroan ere. Azken datuen arabera, berreskuratutako 350 lantegi daude denera, eta horiek 16.000 behargin ingururi ematen diete lana. Fakultatetik unibertsitatearen eta herri erakundeen arteko harremana sustatzen dute, baina lantegi berreskuratuetan arreta jarriz. Enpresa autokudeatuen nazioarteko topaketak antolatu izan dituzte, eta Ruggeri Europan dabil hilabeteotan ikerketan sakontzeko. Euskal Herrian ere izan da.

Neoliberalismoari aurre egiteko herri boterea nola sor daitekeen ikertu duzu. Berreskuratutako enpresen mugimenduak horretarako oinarria jarri du?

Bai, baina ez dut uste besteentzako errezeta bat denik. Argentinako esperientziak zerikusia daukate herri boterearekin, ekoizleek eurek kudea ditzaketelako enpresak, eta, bide batez, ekonomia kolektibo bat bideratu dezaketelako. Horrek prozesu kapitalista askorekin apurtzen du, baina ez ikuspegi ekonomikoan bakarrik. Berreskuratutako enpresa batek gauza askorekin apurtzen du.

Zerekin, esaterako?

Lehenbizi, jabetza pribatuarekin. Berreskuratutako enpresa bat ordura arteko loturak apurtzeko makina bat da, ez dagoelako legedirik. Jabetza pribatua babesten du legediak, eta horri aurre egiteko ekintza zuzena erabili behar da. Beraz, legediarekin apurketa bat dago, eta hori borroka bat da, ez delako erraza beste marko legal bat sortzea. Beste apurketa bat enpresa batek izan beharko lukeen rolarekin dauka zerikusia. Enpresa batek kapitala metatzea du helburu, eta bere praktika dena horretara bideratzen du. Enpresa autokudeatuak, berriz, enpleguari ematen dio garrantzia. Beste apurketa batek sindikalgintzarekin dauka zerikusia. Izan ere, sindikatuek euren egitekoa dute langileak eta nagusiak daudenean; baina jaberik ez dagoenean ez da egiteko hori existitzen.

Sindikatuek nola jokatzen dute berreskuratutako lantegiak sortzen direnean?

Batzuei ez zaie gustatzen, eta beste batzuek ez dakite zehazki zer egin, langileak langile direlako artean ere, eta ez direlako nagusi. Lehengo lan bera egiten jarraitzen dute finean, eta horrek krisi bat sortzen du sindikalgintzan. Hala ere, ez da fenomeno masibo bat, eta sindikatuek euren eginkizunarekin jarraitzen dute. Baina enpresa bat ixten denean, eta lantegi hori berreskuratzeko aukera azaltzen denean, sindikatu batzuk ez dakite zer egin.

Nola hartzen dute jokabide hori langileek?

Beste zerbait espero dute eurengandik. Sindikatuek mugimenduarekin parte hartu beharko lukete. Batzuek egiten dute, langabeziatik irteteko aukera gisa ikusten dutelako.

Zein harreman dute enpresa horiek gainerako kooperatibekin?

Hor ere badago beste apurketa bat. Kooperatibagintza zaharrak ere ez du ongi erantzun berreskuratutako lantegiekin. Kooperatibagintza kapitalista bat da, eta langile horiei esaten die egoerak hala behartu dituelako direla kooperatibista. Bereizketa hori sekulakoa da, hasieran kooperatiba bat lan egiteko elkartzen den pertsonen enpresa bat delako. Baina ikusten dugu kooperatiba batzuk patronalak direla, langile batzuen enplegatzaile direla eta, horrez gainera, lan baldintza txarrak onartzen dituztela. Non daude euren printzipioak?

Argentinan hazten ari den fenomenoa da berreskuratutako lantegiena. Zergatik izan daiteke?

Argentinako langileek ulertu dutelako enpresa bat ixtea ez dela munduaren amaiera. Egoera horri aurre egiten ikasi dute. 2001. urtean piztutako krisiari aurre egiteko modu bat izan zen mugimendu hori, eta, orduz geroztik, sareak josiz joan dira. Horrek errazago egiten du enpresa berreskuratzeko prozesua.

Lege aldetik, zein berme daukate berreskuratutako lantegiek?

Lege prozesu hori oso konplexua da. Jabetzaren auzia hor dago, eta, alde horretatik, egon badago berreskuratutako lantegiak babesteko lege bat, presio sozialaren eraginez eskuratutakoa. Estatuak lantegia desjabetzen du, eta langileei uzten die, kanporatuak izateko aukerak saihestuta.

Mauricio Macri presidente berriarekin arazorik sor daiteke alde horretatik?

Macri eta haren gobernua oldarkorrak dira langileekin. Buenos Airesko gobernuburu izan zenean, lantegi berreskuratuen desjabetzeak ukatu zituen behin eta berriro. Hortaz, ez dauka aurrekari onik. Orain arte ez da aurkako joera handirik egon, konpainia bat husten saiatu ziren arren. Erabaki judizial baten ondorioz izan zen ahalegin hori, baina keinu politikoak interpreta daitezke, eta herrikoiak ez diren erabakiak ez egitea erabaki zuen gobernuak. Macri orain beste gauza batzuen kontra ari da, eta nik uste dut ez duela zuzenean hain politika gogorrik ekarriko.

Zergatik?

Neoliberalismoaren joera hori delako, merkatua eta estatuak bere egiten ez dituen esparruez arduratu daitezela mugimendu sozialak, betiere negozio handiekin lehiatzen ez diren bitartean. Beraz, itxaropena daukagu berreskuratutako lantegiek oraindik ere bere bidea izango dutela.

Mugimenduari etorkizuna ikusten diozu, orduan.

Bai. Ekonomiaren garapenagatik, etapa neoliberal honetan arazo ekonomikoak egongo dira gaur egun lanean diren lantegientzat. Horrez gain, enpresak gehiago ixteko aukera ekarriko du horrek, eta lagundu dezake berreskuratutako enpresa berriak sortzen.

BERRIAn argitaratua (2016/03/28)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA