astekaria 2015/10/16
arrowItzuli

politika

Lidergo bila, korronte gogorren artean

H. Iruretagoiena

Lidergo bila, korronte gogorren artean

Lidergoa eskatu dio alderdiari aurrera begira. Alderdi barruan, eta PPk urte luzeetan indartutako biktima batzuen elkarteen artean, behin eta berriz ezbaian jarri dioten arren lidergo pertsonala. EAEko PPko presidente karguan aritu den hogeita bederatzi hilabeteetan, haize kontra aritu behar izan du sarri, alderdiko joera gogorrenen artean. Zuzenbidean lizentziatua da Arantza Quiroga Cia (Irun, Gipuzkoa, 1973), eta gazte hasi zuen ibilbide politikoa: 19 urterekin egin zen PPko gazterietako kide.

1995ean egin zuen jauzia, ETAk Gipuzkoako PPko presidente Gregorio Ordoñez hil zuenean, PPko belaunaldi kide askoren gisan: Irungo zinegotzi hautatu zuten, 21 urterekin. Hiru urte geroago pasatu zen Eusko Legebiltzarrera, eta han aritu da lau legealditan. 2009an, Patxi Lopez lehendakari izendatu zutenean, Eusko Legebiltzarreko presidentetza hartu zuen, PSE-EErekin egindako akordioaren ondorioz.

Instituzioetako karguetan ez ezik, alderdian ere gora egin zuen garai hartan; Gipuzkoako zuzendaritzan sartuta aurrena, eta EAEkoan gero. Idazkariorde nagusi izan zen han, baita presidenteorde ere. Baina 2013an iritsi zen Quirogaren ibilbideko aldi gorena, Antonio Basagoitik presidentetza uztean. Haren lekua hartuta, ez du bide erraza izan geroztik.

Donostiako Kursaalen egindako kongresuan berretsi zuten alderdiko militanteek Quirogaren izendapena, baina gorabeherak izan zituen hasieratik. EAEko PPko kideen %72,8k babestu zuten haren izendapena —presidente batek azken hogei urteotan lortutako babesik txikiena izan zen—, eta Iñaki Oiarzabalek agertu zion aurkako jarrera jasan behar izan zuen. Quirogak Nerea Llanos hautatu zuen idazkari nagusi Oiarzabalen ordez, konfiantzazkoa zuelako, eta horrek ika-mikak ekarri zizkion Arabako PPko buru Alfonso Alonsorekin ere.

Zenbait biktimaren itzala

Dimisioa aurkeztean aipatutako trantsizioaren lehenengo pistak eman zituen izendapeneko diskurtsoan bertan: alderdi berritua bultzatu behar zela adierazi zuen, elkarrizketarako eta akordiorako gai izango zena eta gizartean eragina izango zuena. ETAren jardun armatuaren ondorengo egoerara egokitu nahi eta ezinean ibili da, ordea. Besteak beste, alderdikide zenbaitek alde egin dute Quiroga presidente izan den aldian, eta beste alderdi batzuk sortu dituztenak ere izan dira: Voxeko Santiago Abascal, adibidez.

Presidente izendatu berritan, Abascalek-eta Madrilen antolatutako manifestazioan —Estrasburgok Parot doktrina indargabetu eta egun gutxira—, irainak eta bultzadak jasan behar izan zituen Quirogak. Hurbilago —eta ziurrenik mingarriago— ere bai: Donostiako Polloeko hilerrian Ordoñez omendu zutenean, haren arrebaren kritikak bertatik bertara entzun behar izan zituen.

Katolikoa da Quiroga, abortuaren eta antisorgailuak erabiltzearen aurkakoa. Orain, familiari eskaini nahi dio denbora gehiago.

BERRIAn argitaratua (2015/10/14)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA