astekaria 2016/04/01
arrowItzuli

mundua

Edertasun izugarria

Urtzi Urrutikoetxea

Edertasun izugarria Urtzi Urrutikoetxea

Zenbait hedabidek egunotan diotenez, Aste Santuko datak finkatzeko asmoa dago kristautasunaren baitako zenbait elizatan. Ez berehala, baina datozen bost-hamar urteetan hala lortzea nahi omen dute. Niri bost axola, baina badu Pazko astea data zehatza ez izateak gauza berezi bat, naturarekin lotzen duena: hain justu ere, ekinozioaren osteko lehen ilargi betearekin dela. Urteko ilargirik ederrenetakoak izaten dira egunotan.

Euskaldunen Aberri Egunaz gain, bada kristauen berpizkundearekin lotzen den beste nazio bat ere, nahiz eta gaurko solemnitatearekin batera irlandarrek San Patrizio eguna baduten, ospakizun hedatu eta herrikoia. Ehun urte dira aurten britainiar inperioak odoletan blai ito zuela berpizkundearen ideia hori. 1916ko Pazko Altxamendua matxinada txiki bat izan zitekeen, dublindar gehienen babesik ez zuena ziur aski, Londresen ankerkeriak ez balu Irlandako herria asaldatu eta hala independentziarako hazia erne ordura arte lozorroan zegoen gehiengo handi bati. William Butler Yeats poeta da ziur aski sentimendu orokor hura ondoen jaso zutenetako bat: «Badakigu haien ametsa, aski/ jakiteko amets egin zutela eta hilda daudela./ Baina, eta zer lar maitasun handiak aztoratu balitu hil arte?/ Bertsoz idatziko dut/ MacDonagh eta MacBride/ Eta Connolly eta Pearse/ Orain eta etorkizunean/ berdez janzten den edonon/ aldatuta daude, erabat aldatuta/ edertasun izugarri bat jaio da».

Yeatsek dioen legez, dena aldatu zuen 1916ko udaberriak. Apirilaren 24an izan zen Pazko astelehena. Goizeko hamaiketan hasi zen matxinada Dublingo leku estrategikoenetan. Eguerdia igarota errepublikaren proklamazioa egin zuen Padraig Pearse-k posta bulegoan, eta bandera berde-zuri-laranja jaso. Armadaren erantzuna gupidagabea izan zen, eta larunbaterako errendizioa adostu zuen Pearsek. Hurrengo astean fusilatu zuten. James Connolly, praktikan matxinadako komandante burua izandakoa eta mugimendu errepublikanoa sozialismoarekin lotzen asmatu zuena, aulkira lotuta exekutatu zuten, borroketan larri zaurituta.

Historiak zer ekarri duen badakigu: sakrifizio itzel hark Sinn Feinen garaipena eta independentzia aldarrikapena izan zuen ondorio; uhartearen zatiketa eta gerra zibila piztu ziren hurrena. Egia da gaelikoa berreskuratzen eta normaltzen ez dutela asmatu. Estatu berria ingelesez sortu zen; ez da inoiz izan irlanderaz funtzionatu duen estatu bat. Eta gaelikoaren aldeko neurrietako askok minorizazioan sakondu dute, ustez sustatzeko borondatez eginda ere. Gaeltacht-en esperientziak arnasguneei buruz egiten den diskurtsoan lezioren bat eman diezaguke guri ere. Gaelikoa desagertzear dago transmisioari eutsi zaion azken lekuetan, eta hirietan ditu hiztun gehien orain.

Hala ere, bidegabea iruditzen zait askotan egiten den irlandar independentismoarekiko gutxiespena. Inork ez daki oraindik nola berreskuratu hizkuntza bat, ez baitago horrela gertatu izanaren froga enpirikorik (hebraiera edo baltikoek neurri baten baino ez dute balio, Holokaustorik gabe ezin azaldu bata, bigarrenean ezin ahaztu estoniar guztiak estoniera hiztun zirela, euskal herritarrak edo irlandarrak ez bezala). 1916ko mapa hartuta, euskara inoiz egon dena baino askoz atzerago zegoen irlandera, eusten zitzaion leku askotan transmisioa etenda zegoen, eta estigma aldatzea estatu bat sortzea baino zailagoa da. Jatorri argia dauka atzerabide horrek gainera: 1840ko hamarkadako gosete handia. Errepresio bortitza salatzen dugularik, Europan egondako genozidioetarik bat egokitu balitzaigu non geundekeen hausnartu beharko genuke. Euskal Herrian duela 170 urte baino hiru aldiz biztanle gehiago ditu. Irlanda ez da sekula garai hartako biztanle kopurura iritsi. Eta ingelesez bizi den diaspora erraldoia ekarri dio horrek, gainera, munduko herrialderik indartsuenetan.

Urte osoan egin beharreko ekitaldietan ez da batasun handirik egon, omenaldi instituzionalen eta mugimendu errepublikanoaren artean, ez eta gertakarien irakurketa historikoan ere. Zaila da, ziur aski, estatuaren subiranotasuna troikaren esku utzi dutenekin adostea. Historiaren gora-beheren ostean, txundigarria da Sinn Féinek garaira egokitzeko izan duen gaitasuna. Izugarri sinplifikatzen, Ipar Irlandako EH Bildu da, eta Irlandako errepublikako Podemos edo Syriza. Azken 20 urteotan uhartea zatitzen zuen mugatik alde psikologikoa gelditu da fisikoa baino gehiago, apustu handia egin du Gerry Adamsek 26 konderrietan, eta emaitza onak lortu dituzte. Orain mehatxu berri bat dator: Erresuma Batua Europako Batasunetik irtetearen ondorioetako bat izango litzateke —Britainia Handia uhartea denez— Europako Batasunarekin lurreko muga bakarra izatea: Irlanda zatitzen duen hori, hain zuzen ere.

BERRIAn argitaratua (2016/03/26)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA