astekaria 2016/04/01
arrowItzuli

gizartea

Beharrezkoa zen?

Arantxa Iraola

Beharrezkoa zen? Arantxa Iraola

Astelehen goizeko kafesnearekin heldu zen Gipuzkoako etxe askotara herrialdean gehien saltzen den egunkariak emandako titulua, argitalpenaren azalean, letra beltz larriekin: Diputazioak egiaztatu du DSBLk 'erakartze efektua' eragiten duela atzerritarretan. Gipuzkoako Foru Aldundiak aurreko legealdian ezarritako DSBL Diru Sarrerrak Bermatzeko Laguntzari buruzko albiste bat zen. Goizean zehar eman zituen Diputazioak azalpenak: Gizarte Politikako diputatu Maite Peñak azaldu zuen amaitu dutela gizarte laguntza horren inguruan egindako azterketa, eta ondorioak ez direla onak: «DSBLk ez ditu hasierako helburuak betetzen, eta behar berriak sortzen ditu, gainera».

Ulertzekoa da aldundiak laguntza horren inguruko ebaluazioa egitea; aurreko legealdian, EH Bilduk ebatzi zuen ematen hastea, eta EAJk eta PSE-EEk foru gobernuan agintea hartu zutenetik argi utzi dituzte neurri horren eraginkortasunaren inguruko dudak. Ikerketaren berri emateko orduan erakartze efektuaren antzeko argudioei leku egin izanak, ordea, sortzen du zalantza. Etorkinek gizarte laguntza ahalik eta handienak lortzea beste helbururik ez dutela dioen aurreiritzia elikatzeko usu erabiltzen den arrazoibidea da erakartze efektua, eta, egunkarietako tituluetan ez ezik, aldundiak berak emandako argibideetan ere ikusteak, horrexek sortzen du itaun sorta bat. Beharrezkoa zen? Ez zegoen beste biderik? Astelehenean, arrazakeriaren eta xenofobiaren kontrako eguna zela-eta milaka lagun migranteen eskubideen aldeko defentsa egiteko kalera irten ziren egun berean, arrazoibide hori albiste bihurtuta ikusteak ezinegona eragiten du. Gutxienean.

Ez da kezka berria. Oposizioak lehendik ere kritikatu izan du egungo foru gobernuak DSBLren inguruan hartutako jarrera, eta, are gehiago, «xenofobiarekin» lotu izan du. Asteon Ezker Anitza-IUk eta EH Bilduk berretsi egin dute gaiaren inguruko arrangura. Oroitarazi dute 1.422 lagunek jasotzen dutela egun laguntza —Gipuzkoako etorkinen %3 pasatxo direla nabarmendu dute—, eta halako populazio txiki zaurgarri bat «auzitan» jartzea ez dela zilegi. Are gehiago, laguntza horien gainean kontrol «zorrotza» dagoela esan du EH Bilduk, eta 1.900 eskari atzera bota direla. Izan ere, laguntza eskuratzeko bidea Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta lortzeko ezarritakoa baino samurragoa da, baina ez galbaherik gabea.

Propio egoera babesgabeenetan daudenentzako pentsatutako laguntza bat da DSBL. Hain zuzen ere, 2011n ebatzi zen horren aldeko hautua, Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta lortzeko baldintzak gogortu zirenean. Aldaketa horren ondorioz laguntzarik gabe geratu zirenen beharretan pentsatuz atondu zuen orduko foru gobernuak. Aldundiak orain atera duen txostenaren ondorioetako bat da «Gipuzkoan soilik dagoen laguntza izanda», herrialdea «uharte» baten gisan geratu dela, eta ez dela egokiena. Nabarmendu du, halaber, «gizarteratze helburuak» dituen laguntza eredu bat sustatu nahi duela, eta DSBL, egun ematen den eran, ez dela egokiena horretarako. Gizarte langileekin eta hirugarren sektorearekin mintzatu eta gero egindako azterlan bat dela argudiatu du, eta beharrean daudenen arreta hobetzea dela helburua. Laguntzak erakartze efektua eragiten duela nabarmentzeak, ordea, mesede urria egiten dio bestela ere aurreiritzi gehiegiren mende dagoen populazio oso bati, eta gizarte osoak hartu beharko lituzke halakoak artegatasunez. Arrazakeriaren eta xenofobiaren kontrako borrokarik egokiena erabiltzen diren mezu eta argudioetan ere badagoelako. Aurreiritziak apurtzeko. Edo hauspotzeko.

BERRIAn argitaratua (2016/03/26)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA