astekaria 2016/03/18
arrowItzuli

mundua

Siriako palestinarren Nakba

Adrian Garcia

Siriako palestinarren Nakba

Siriako gerrak bost urte egin berri ditu. Talde matxinoak eta fronteak areagotzearekin batera gaiztotu da gerra, eta kanpo eragileen esku hartzeak zaildu du konponbidea, nahiz eta azken boladako ahaleginen ondotik su-etena adostu duten hainbat frontetan. UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren arabera, 4,8 milioi errefuxiatu eragin ditu gerrak. Baina iheslarien artean ere badaude mailaketak, denei ez baitizkiete eskubide berberak aitortzen; horien artean kronikoak diren errefuxiatuak daude, mende erdi baino gehiago ihesean eman dutenak. Siriako gatazkak are gehiago luzatu eta zaildu du palestinarren exodoa.

Beste Nakba bat azalean sufritu behar izan dute palestinarrek: UNRWA Nazio Batuen Erakundeko Palestinar Errefuxiatuak Laguntzeko Agentziaren arabera, gerra aurretik Sirian erregistratuta zeuden 560.000 lagunetatik 460.000 inguru geratzen dira. Gehienak Damasko probintzian daude —350.000 inguru—, baina ia fronte guztietan jasan dute gerraren oinazea; indarrez lekualdatu dituzte asko, eta beste asko errefuxiatu kanpalekuetan harrapatuta geratu dira.

Errefuxiatuen artean zaurgarrienak dira palestinarrak: are txiroagoak egin ditu gatazkak, eta, beste iheslari asko ez bezala, estatugabeak dira. «Horixe dago errefuxiatu palestinarren nortasunaren eta esperientziaren erdian. Palestinarrek ez dute babesa eta zerbitzua eman diezaiekeen estatu bideragarririk», adierazi dio BERRIAri Chris Gunnessek, UNRWAko bozeramaileak.

Europara jo duten palestinar askok arazoak dituzte mugak gurutzatzeko; Siriako gerratik ihes egin arren, ez dituzte Siriako iheslari gisa hartzen. «Nahiz eta oso tamalgarria izan Europara iritsitako iheslarien egoera, Ekialde Hurbileko zorigaiztoko egoera hori bukatzean itzul daitezkeen estatu bat izango dute. Baina, palestinarrentzat, oraindik arazotsua izango da etxera bueltatzea», ohartarazi du UNRWAko ordezkariak.

68 urtez egon dira palestinarrak Sirian, Israelen sorreraz geroztik; dozena bat baino errefuxiatu kanpaleku gehiago daude herrialdean. Tradizionalki, palestinarren kausa defendatu du Siriako Gobernuak, baina gerrak erresistentzia zatitu egin du, eta palestinarrek armadaren eta talde matxinoen lerroetan borrokatu dute, nahiz eta PAE Palestina Askatzeko Erakundeak jarrera neutrala hartu.

Fakzioen banaketa horrek kalte egin die zibilei, alde guztien helburu bihurtu baitira. AGFPS Siriako Palestinarrentzako Ekintza Taldeak haien egoerari buruzko jarraipena egiten du —Londresen du egoitza nagusia—. 3.183 hildako zenbatu dituzte gerra piztu zenetik, ia erdiak errefuxiatu kanpalekuetako borroketan hilak—1.700 guztira, gehienak Yarmuken—. Beste 407 gobernuaren kartzeletan hil dira, erakunde horren arabera.

Hain zuzen ere, kanpalekuetan izan du UNRWAk laguntza banatzeko zailtasunik handienak. Batez ere Yarmuken —Damasko ondoan— eta Khan Exiehen —hegoaldean— dituzte borrokarik gogorrenak. «Azken hilabetean izan dugu Yarmuk eta inguruko eremuetarako sarbidea», azaldu du Gunnessek. Khan Exieh kanpalekuan, ordea, gatazkatsuagoa da egoera. «Liskarren eta aginte faltaren ondorioz, UNRWAko langileek ezin dute kanpalekuan sartu. Zibil batzuk, arrisku handia hartuta, kanpalekutik ateratzen dira, eta gure bulegoetara jotzen dute giza laguntza bila».

«Eguneroko etsigarria»

Gerrak palestinarren egunerokoa «etengabeko borroka etsigarria» egin du, Gunnessen hitzetan. %95ek UNRWAk eskainitako laguntza beharrezkoa dute aurrera egiteko. «Langabeziak, jabetzen galerak eta txikitutako etxebizitzek pobrezian hondoratu dituzte». Alde psikologikoa ere kontuan hartu behar dela oroitarazi du. «Indarkeriak eragindako traumak jota etortzen dira gugana». Gerrak zibilengan izan duen eraginaren adierazle gisa aipatu du bizi itxaropen mailaren beherakada. «2011n batez bestekoa 76 urtekoa zen. Egun, 56 urtekoa».

Giza laguntza banatzea da UNRWAren zeregin nagusia, baina beste alor askotan ere lan egiten du. Esaterako, hezkuntza programak abiatu ditu: «Ikasturte honetan Damasko, Hama, Homs, Latakia eta Alepo probintziatan 43.000 haur eskolaratu ditugu». Bestalde, borroka eremuetatik gertu hamabost osasun etxe eta beste 11 artatzeko gune ireki zituzten iaz. Gunnessen esanetan, baina, eskudiruaren laguntza sistema da «berebizikoa». Sirian oraindik funtzionatzen duten bankuen bidez aurten 430.000 palestinarri 200 milioi dolar —180 milioi euro inguru— banatzea du helburu sistema horrek. «Azpiegiturak suntsituta dauden guneetan, eskudirua da laguntza mota eraginkorrena».

Sirian geratu diren palestinarretatik bi heren inguru —280.000— barne desplazatuak dira. Ondoko herrialdeetara ihes egitea lortu dute dozenaka milaka batzuek; 42.000 lagunek Libanora, eta 18.000k Jordaniara. Gerra eremutik ihes egitea lortu badute ere, «bazterketa eta prekaritatea» sufritzen dute. UNRWAren finantzaketa oinarrizkoa da horien sufrikarioa apaltzeko. «Diru emaileen eta gobernuen eskuzabaltasunaren mende gaude».

4.000 bat langile ditu UNRWAk Sirian lanean, gehienak palestinarrak. «Haiek erakusten duten ausardia ez da ia beste inon ikusten», nabarmendu du Gunnessek. NBEko erakundeko hamasei lagun hil dituzte gerran, eta beste 30 desagerturik daude. «Giza ekintzaileak lehen lerroan daude. Zerbitzuak ez ezik, itxaropena ere eskaintzen dute; Ekialde Hurbilean agortzen ari den zerbait da».

BERRIAn argitaratua (2016/03/17)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA