astekaria 2016/03/18
arrowItzuli

gizartea

AGUSTIN LARREA

«Bat-batean euritea badator, kalte handia egiten dio lurrari»

A. I.

«Bat-batean euritea badator, kalte handia egiten dio lurrari»

Euskal Herriko orografia gorabeheratsua aztertzen ibiltzea egokitzen zaie usu geologoei; izadiak berez sortutako malkarrak izaten dira, edo mendiak artifizialki ebakitzeagatik sorturiko ezpondak. «Betiere, mendia entzuten saiatzen gara». Ezusteak izaten direla azaldu du Agustin Larrea geologoak, baina azken urte hauetan, oro har, dezente hobetu dela prebentzioaren arloan.

Ondarroakoak lortu du orain oihartzuna, baina beste leku askotan ere izaten dira. Zerk eragiten ditu era horretako luiziak?

Kasu honetan euriak izan du eragina. Pasatu dugu negu bat nahiko lehorra, eta lurra nahiko lehor zegoen horren ondorioz. Berriki, ordea, zaparrada inportanteak izan dira. Lehenengo zaparradekin ura mendiaren gainazaletik joaten hasten da, eta mendiaren barrualdean sartzen da gero. Barrura sartzen den ur horri kosta egiten zaio beherantz pasatzea, eta zama antzeko bat egiten du. Eta hor hasten dira lehendabiziko erorketak. Lur motaren araberakoa izaten da, baina zenbaitetan, egunek aurrera egin ahala, beste erorketa batzuk ere gerta daitezke, eta sakonagoak izan daitezke.

Zer-nolako malkar eta ezponda motetan sor daitezke arazoak?

%15 baino gehiagoko makurtzea duten eremuak, printzipioz, arriskutsuak izan daitezke. Kasuan kasuan aztertu behar da. Lurra, esaterako, buztintsua den ikusi behar da, hareatsua den, edo ura daukan... Arrokek, berriz, zain antzeko batzuk izaten dituzte, eta horiei erreparatu behar izaten diegu. Zer motatako harriak diren ere aztertu behar izaten dugu; harri batzuk gogorragoak dira, beste batzuk bigunagoak. Eta kontu horien arabera, hainbat sailkapen badira esateko zein lur eremu diren arriskutsuenak.

Horrelako kontuei erreparatzeko, hain zuzen ere, ikerketa geoteknikoak egiten dituzue. Zer esaten duzue txosten horietan?

Ikerketa horietan esaten dugu, esaterako, zer okerdura eman dakiokeen ezponda bati. Gertatzen dena da sarri ezin dela lortu ezponda naturalki egonkorra izatea, eta proposatu behar izaten direla egonkortasuna bermatzeko beste neurri batzuk: murruak, uharridiak, finkatzeak edo bestelako euspen neurri mota batzuk.

Eta zenbateraino bermatzen dute horiek segurtasuna?

Segurtasun koefizienteak erabiltzen ditugu hori neurtzeko. Guk kalkulatzen dugu mendiak, esaterako sortzera goazen ezponda batetiko, zenbaterainoko bultzada egingo duen, eta horren arabera zer soluzio klase hartu behar diren mendia egonkortzeko. Normalean, segurtasun koefiziente nahiko altuekin egiten da hori. Baina, tira, mendia gauza naturala da, eta zenbaitetan gertatzen da zuk ikerketa egitean espero zenuena ez dela betetzen; zundaketa batek erakuts dezake, esaterako, arroken zaina modu batekoa dela, baina metro batera alda daiteke: ez da homogeneoa. Gero eta gutxiagotan, baina horrelako gauzak oraindik gertatzen dira.

Eta zer mantentze eta kontrol neurri dira ezinbestekoak ezponda mota horiek eragin ditzaketen arriskuak saihesteko?

Betiere, jabeen erantzukizuna da kontrol neurri horiek egitea. Errepideetan eta, esaterako, normalean, erakundeek egiten dituzte lan horiek. Urtero, hiru hilero, edo dena delako maiztasunarekin; arrisku mailaren arabera erabakitzen dira kontrol neurriak. Lurra aldakorra da, eta zenbait tokitan ez da ezer gertatzen; beste zenbaitetan, ordea, bai. Egiten diren gauza asko, gainera, artifizialak dira, ez dakigu ondo zer dagoen mendiaren barruan, eta beharrezkoa da mantentze lan egoki bat. Niri, sarri, burura etortzen zait gure lana sendagileenarekin alderatzea; lurrak ez du hitz egiten, baina garrantzitsua da ikustea zer moduz dagoen.

Eta zenbateraino entzun daiteke zer ari den gertatzen mendian?

Ikerketaren sakontasunaren araberakoa da hori. Baina nahikoa jakin dezakegu; guztiz inoiz ez, baina nahikoa bai. Kontrolatu nahi den horren arabera, era bateko edo besteko instrumentuak erabiltzen ditugu. Demagun atxikitzeak jarri direla ezponda batean; badira gailuak neurtzeko nola dauden, lehen baino zama gehiago duten, edo gutxiago. Azterketa mota asko daude.

Ezponda eta malkar askoren mantentzea instituzioen lana da. Ondo ari dira lan horretan?

Esango nuke, normalean, baietz. Are gehiago, azken urte hauetan gaia asko landu dela. Konturatzen ari dira neurri sinple zenbaitekin, prebentzio lan horrekin, diru asko aurrez daitekeela gero.

Saihetsezinak dira luiziak euri bolada luze batean ostean?

Normala da gertatzea. Gure topografia den bezalakoa da, eta lurra inoiz ez da egoten geldirik. Lurra ez da gauza egonkor bat, eta horri euria gehitzen badiozu... Kasurik arriskutsuenak, betiere, izaten dira lehorte baten osteko euriteen ondoren. Euria pixkanaka-pixkanaka egiten badu, lurrak finkatzeko astia izaten du; baina, lehortea bada, lurra zabaldu egiten da, eta bat-batean euritea badator, kalte handia egiten dio lurrari. Zama bat bezala pasatzen da.

BERRIAn argitaratua (2016/03/16)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA