astekaria 2016/03/18
arrowItzuli

ekonomia

Biharamun mikatza Ondarroako portuan

Jon Fernandez

Biharamun mikatza Ondarroako portuan

Oso arraroa izan da berdelaren kanpaina hasiera Ondarroan, Bizkaian, ohiz kanpokoa. Bezperan Santa Clara izotz fabrikako istripuan bi behargin hilda, turrunik ere ez zuten jo atzo goizean salmentarako deia egiteko. Sartzen den arrain motaren arabera, turrun bat, bi edo hiru jotzen dituzte egunero Ondarroako Kofradian, 06:30ean hasita. Herri osoan entzuten da sirena hotsa, baina atzo ez zen urteko lehen berdela iragartzeko turrun bikoitzik jo, eta gaur ere ez dute joko. Kofradiak dolua adierazteko egindako keinua izan da.

Goizean goiz sartu ziren arrantzaleak portura itsasontziak berdelez beteta. Guztira, 31.000 kilo saldu zituzten 21 itsasontzik, eta, batez beste, kiloko 0,77 euroko prezioa izan zuen urteko lehen berdelak. Tamaina ere ederra zela azaldu zuten arrantzaleek, kiloko hiru berdel. Salmenta 07:00etan hasi, eta bi ordutan dena zegoen salduta. Eguna eguzkitsu esnatu zen Ondarroan, hodei bakar bat ere ez zegoen zeruan, baina portuko beharginen gogoa ilunduta zegoen bezperako heriotzengatik. Berdel kanpainaren hasierak sortzen duen bizipozik ez du ekarri aurten. «Hemen ez dago poztasun izpirik», aitortu zuen Angel Arkotxa Ondarroako Kofradiaren enkanteko arduradunak.

Izotz fabrika itxita dago oraindik, eta atzo izotza falta zen kaiko lanerako. «Elurra inguruko portuetatik ekarri behar izan da. Arrain erosleek Lekeitiotik ekarri dute». Osalaneko teknikariak atzo sartu ziren izotz fabrikara, ezbeharraren arrazoiak ikertzera, eta oraindik ez dakite noiz hasiko den berriro martxan faktoria. Arkotxaren ustez, dena den, luzatu egin daiteke itxiera: «Ez du itxura onik». Atzo goizean larritasun uneak izan ziren kaian, suhiltzaileek bi orduz itxi zuten fabrika ingurua, amoniako isuriren bat zegoelakoan. Amoniako usaina hartu zuten fabrikatik gertu, baina ez zen isuririk izan. «Ez da ezer izan. Bezperakoaren psikosia da».

Bi eguneko dolua

Ondarroako Udalak bi eguneko dolua adierazi du, eta lan istripuaren arrazoiak argitzeko eskatu du. Istripua argitzeko bide judiziala zabaltzen baldin bada, herri akusazio moduan aurkezteko asmoa agertu du Ondarroako udalbatzak. Bestalde, ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru sindikatuek bi orduko lanuztera eta manifestaziora deitu dituzte gaur goizerako. Bi langileen heriotzak salatuko dituzte, Prekaritatea hiltzailea, lan istripurik ez! lelopean. 11:30etik 13:30era izango da lanuztea, eta 12:30ean aterako da manifestazioa, Zaldupetik. Mobilizazioekin bat egin du udalak, eta herritarrei dei egin die protestetan parte har dezaten.

Kofradiak ere bat egingo du lanuztearekin: soilik 07:00etatik 10:00etara egingo dituzte salmentak. «Bihar ere Ondarroara etorriko gara», zioen moilan Javier Lopez arrantzale santoñarrak. Atzo 700 kaxa berdel porturatu zituen Colindresko (Espainia) Nuevo Terreño itsasontziak. «Gaur [atzo] ez genuen Ondarroara etortzerik pentsatzen, portua itxita egongo zelakoan. Baina goizeko seietan abisatu digute zabalduko zutela kofradia. Santoñara joateko asmoa genuen bestela».

Lopezek azaldu zuen, antxoa ez bezala, berdela izotzik barik eraman daitekeela ontzian, eta izotz fabrika itxita egon arren jarrai dezaketela Ondarroan. «Inguruan salmentarako dagoen porturik onena da». Urte osoan etortzen dira arrantzale kantauriarrak Bizkaiko kaira, eta herenegun zur eta lur geratu ziren heriotzen berri izatean. «Ezagutzen ditugu izoztegiko langile guztiak; egunero hartzen dugu elurra bertan», zioen Paco Santamariak, minduta.

Mina barruan eramaten dela baina bizitzen jarraitu behar dela adierazi zuten marinel kantauriarrek. Arratsaldeko bostetan itsasoratu ziren ostera ere, berdela harrapatu eta gaur goizean Ondarroara bueltatzeko. Arraina gertu topatu dute, Matxitxako inguruan, Bermeotik milia gutxitara. Lehen berdelak egindako prezioarekin konforme daude, baina jakitun dira datozen egunetan harrapatzen segituz gero merkatuz joango dela salmenta.

Iaz 9.249 tona berdel porturatu ziren Bizkaian eta Gipuzkoan, eta prezio merkea egin zuen. 2014an 0,70 eurotan saldu zen batez beste, baina iaz 0,50 euro baino merkeago ere saldu zen. Iragan abenduan, gainera, Bruselak berdela arrantzatzeko kuota %15 txikitu zuen. Murrizketa kaltegarria marinelentzat, berdelarena izaten delako urte osoko kanpainarik garrantzitsuenetakoa baxurako ontzientzat, kasu batzuetan diru sarreren %40-%50 izateraino.

BERRIAn argitaratua (2016/03/15)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA