astekaria 2016/03/18
arrowItzuli

gizartea

«Eskerrak mendiak abisatu zigula»

Ane Urrutikoetxea

«Eskerrak mendiak abisatu zigula»

Ondarroan (Bizkaia) ez da giro egun hauetan. Aurreko astean luizi batek Kamiñaldeko 176 familia etxetik ateratzera behartu zituen, eta herenegun bi langile hil ziren portuko Santa Clara izotz fabrikan gertatutako leherketan. Atzo ere tentsio uneak bizi zituzten herritarrek, bigarren leherketa bat egon zitekeelakoan; zorionez, amoniako usainak sortutako alarma bere hartan gelditu zen. Dena den, herritarren ahotan etengabe dabil azken egunetan bizi izandakoa; denek ezagutzen dute kaltetutako senideren bat, lagunen bat edota bizilagunen bat, eta datozen egunetako berrien zain daude. Bitartean, herria kazetariz, kamerariz eta argazkilariz josita dabil egunotan.

Hain zuzen ere, atzo hasi ziren hainbat bizilaguni etxe berriak banatzen, Alokabideren bitartez. Datozen egunetan ere, banaka deituko diete udaletxearen ondoan aldi baterako jarritako bulegora, eta, han, bakoitzaren egoera aztertuko dute. Ostatu batean aldi baterako kokatutako 18 familiei eman diete lehentasuna; gehienak herrian eta inguruan seniderik edo ezagunik ez duten bizilagunak dira. Bestalde, zahar etxean ere hainbat bizilagun daude. Atzoko bileretara lehen blokeko bizilagunak deitu zituzten, haien etxebizitzak mendi magalera begira daudelako, eta, beraz, eraikinen egoera larriagoa baita. Ostiralean hasiko dira bigarren blokeko bizilagunekin elkartzen.

Egoera ez da erraza, eta, herrian urduritasuna nagusi den arren, herritarrak eskuzabalak izan dira elkarren artean; familia gehienak beste herritarren etxeetara lekualdatu dira, eta aldi baterako badute non egon. Datozen asteetara begira hasi dira batzuk; egoera luzerako doa, eta hurrengo hilabeteetarako konponbidea bilatu beharko dute askok. Sustrai belar dendaren jabe Idoia Gerenabarrenak zortea izan duela uste du, haren amaginarrebak hartu dituelako bere etxean: «Zorionez, guk ez dugu arazorik izan amaginarrebaren etxean denok sartzeko. Lau pertsona gara, baina bere etxea handia da, eta, oraingoz, denbora baterako bertan egoteko ez dugu arazorik izango. Horregatik, hasieran, ez dugu Alokabideren etxerik eskatzeko asmorik». Bere burua pribilegiatutzat du Gerenaberrenak, eta bizilagun askoren egoera zailagoa da, haren esanetan: «Badaude haurrekin daudenak, herrian seniderik ez dutenak edo kanpora lanera doazenak; familia batzuk ostatuan ere gelditu behar izan dute. Beraz, gu ez gaude horren gaizki». Egunotan estresatuta dabil, etxetik gauzak atera eta eguneroko betebeharrei arreta jartzea ez baita erreza: «Aste hasiera izanda, bezero asko datoz dendara, eta ia gauzak ateratzeko astirik ere ez dut izan».

Etxeak husteko agindua eman zutenean dendan lanean zegoen Gerenabarrena, eta ezustean harrapatu zuen. Aurreko egunetan ikusi zituzten mugimenduak mendi magalean, eta ez zeuden lasai. «Aste guztian ibili ginen mendiari begira, harri asko ikusten baitziren. Porlana zela esan ziguten, eta normala zela; baina gu adi geunden. Eskerrak, mendiak abisatu egin zigun!». Luzera begira arazo gehiago aurreikusten ditu Gerenabarrenak, batez ere hipotekarekin: «Aseguruak ez du bere gain hartzen gertatutakoa, eta oraindik ez digute argitu zer gertatuko den gure etxeekin. Ordaintzen hasi besterik ez gara egin, eta, hau ikusita, ez dakit noizbait amaituko dugun».

Babes ofizialeko etxea da dendariarena, eta erostean ez zuten mendi magalaren inguruan aipamenik egin: «Mendia hor zegoela ikusi genuen, baina ez ziguten arriskurik aipatu bertara bizitzera sartu ginenean. Halakoetan pentsatu nahi duzu segurtasun neurri guztiak hartu zituztela, eta dena zuzen egin zutela».

Mendiari begira

Egunotan herrian bizi izandako zurrunbiloa areagotu egin zaio Legebiltzarreko EH Bilduko bozeramaile Unai Urruzunori. Batetik, udalekoak kaltetuei berehalako erantzuna ematen lanean dabiltza etengabe, eta, bestetik, berak ere etxea utzi behar izan zuen aurreko astean. Datozen egunotan oporretan dauden senide batzuen etxean egongo da; baina egoera luzatzen bada, beste aukera batzuk aztertu beharko ditu Urruzunok: «Hiru seme-alaba dauzkat, eta senideak oporretatik bueltatzean ez dakit nola moldatuko garen. Dena den, oraindik ez dugu horretan pentsatzeko astirik izan». Udala behar larrienak asetzen hasi da, eta datozen egunetan herritarrekin bilera gehiago egingo dituzte: «Gu bigarren blokekoak gara, eta, dirudienez, etxera lehenago bueltatzeko aukera izango dugu, dena ondo badoa. Baina ikerketa guztiek diote luzaro iraungo duela». Bere etxea arazorik gabe ikus daiteke hesitutako kalearen bestaldean; obretan dago, aurrealdea konpontzeko lanak egiten ari baitziren. «Okerrena gertatuta ere, pentsatu nahi dut gure etxea ez dela hondatuta gertatuko».

Hain zuzen ere, mendiko lur zorua aurrera doa egunero. Erritmoa egonkortu egin omen da; baina teknikarien arabera, magala erori egingo da lehenago edo geroago. Euria da traba nagusia; zorionez, atzoko egun eguzkitsuak lanak erraztu zituen, eta magal gainean haitz eta zuhaitzak kentzen ibili ziren. Lehentasuna magalaren pisua arintzeak du, erorketak ahalik eta kalte txikienak egin ditzan hustutako etxebizitzetan.

Eguraldia lagun izan arren, herrian oso atsekabetuta daude, Urruzunoren esanetan: «Aurreko astean bizi izandako uneak bereziki gogorrak izan ziren. Egunotan pixkanaka egoerari aurre egiten ari ginela zirudien, baina ondoren portukoa etorri zen, eta horrek eragin handia izan du herritarrengan». Udalean ere tentsioa izan dute, Urruzunoren arabera; aurreko alkate Josu Arrizabalagak otsailean utzi zuen bere postua, eta Zunbeltz Bedialauneta alkate berriak hilabete bete berri du postuan. «Alkatearentzat ez da erraza izaten ari gertatutako guztia bideratzea, baina zuzen erantzuten ari dira instituzioak».

Herritarren borondate ona eta eskuzabaltasuna nabarmendu ditu Urruzunok, bai eta bizilagunen jarrera ona ere: «Egoerak haserreak piztea normala da, baina hasieratik herri guztia egon da laguntzeko prest. Azken finean, guztiok elkar ezagutzen dugu, eta denek dute kaltetua gertatu den ezagun edo senideren bat. Eskertzekoa da herritarrek erakutsi duten borondate ona; haiei esker, familia gehienek dute non gelditu». Alokabidek 40 etxebizitza jarriak ditu kaltetuen esku; baina hasierako beharrei erantzunda, Urruzunori etorkizunak kezka sortzen dio: «Bizilagun asko hipoteka ordaintzen ari dira, eta horri nola aurre egin aztertu beharko dugu datozen asteetan, bankuekin negoziatuz. Bestalde, badira behar bereziak dituzten bizilagunak, eta kalean baziren hainbat denda; guztien beharrei erantzuteko lanean gabiltza». Atzo bildu ziren dendetako jabe eta arduradunekin, eta herriko lokal hutsak denbora batez haien esku uztea aurreikusi dute.

Laguntza beharra

Goiz da Kamiñaldeko etxebizitzen etorkizuna ezagutzeko, baina bizilagunek argi dute hilabeteak igaroko direla berriro etxera bueltatu aurretik. Magalaren erabateko erorketak kalterik egin ezean ere, denbora beharko dute gunea garbitu, aztertu eta konponketa lanak bideratu bitartean. Dena den, etxeak hondatuta izateko arriskua ez dute alboratu udaleko arduradunek. Urruzunoren arabera, herriak laguntza handia beharko du datozen hilabeteetan. «Udalak hasiera-hasieratik erantzun du, baina gertatutakoa oso larria da, eta kanpotik laguntza beharko dugu. Aldundiak eta Jaurlaritzak hasieratik eskaini digute laguntza; baina mendiak kalte larriak eragiten baditu, arazo asko sortuko dizkigu».

Kaltetutako bizilagun guztien beharrei erantzuna eman bitartean, udaleko arduradunak gertatutakoa ikertzen hasiko dira datozen hilabeteetan. Hain zuzen, luizi arriskuaz oharazten zuten txostenak egin zirela uste dute, baina, oraingoz, udalak ez du horietaz ezer argitu. Dena den, bozeramailearen esanetan, magalean egindako aurreko azterketa guztiak berreskuratu eta ikertuko ditu udalak, etorkizunean halakorik berriro gerta ez dadin. «Goiz da gertatutakoa ekidin ote zitekeen jakiteko. Udalaren lehentasuna herritarrei behar dutena ematea da; baina behin hori eginda, sakon aztertu beharko da gertatutakoa».

BERRIAn argitaratua (2016/03/15)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA