astekaria 2016/03/18
arrowItzuli

ekonomia

MAKINA BAT KEZKA ETA AUKERA

Jon Fernandez

MAKINA BAT KEZKA ETA AUKERA

Gizakiak, edo hobeto esanda, langileak makinarekiko duen beldurra ez da kontu berria. Charles Chaplinek XX. mende hasierako Modern Times filmean islatu zuen mesfidantza hori, eta duela 200 urte inguru Ingalaterrako oihalgile batzuk makinei su ematen hasi ziren haien erruz lana galtzeko beldurrez. Lehen iraultza industrialak sortutako ezinegonari erantzun zioten luddista ingelesek makinen suntsiketarekin. Oraingoan laugarren iraultza industrialak, industria 4.0 deiturikoak, sortzen du zalantza langileengan, robotek haien lanpostuak hartuko ote dituzten. Historiak errepikatzeko joera dauka, baina batzuk kezka ikusten duten tokian beste batzuk aukera ikusten dute.

Ez da etorkizuna, ez fikzioa. Robotak hemen daude, eta gero eta gehiago dira. Automatizazioa eta makinak industrian ez eze etxeetan ere sartu dira —bere kaxa mugitzen den xurgagailua, bat esatearren—. Robotikak eta digitalizazioak martxan jarri dute laugarren industria iraultza, eta etorkizun hurbilera begirako iragarpen apokaliptikoak ugaritu dira. Badira, baina, kontrakoa iragartzen dutenak ere, robotizazioak kualifikazio handiagoko enplegua sortuko duela eta deslokalizazioak zailduko dituela diotenak.

Has gaitezen ezkorrenekin. Datozen bi hamarkadetan Europako enpleguaren %54 desegin dezake automatizazioak ikerketa pesimistenen arabera. Oxford Unibertsitateak 2013an azterketa egin zuen AEBetan, eta ondorioztatu zuen hogei urtean gaur egungo lanpostuen %47 desagertzeko arriskuan egongo direla han. Bruegel think tank-eko Jeremy Bowlesek Europara moldatu du ikerketa, eta emaitzak gordinagoak dira. Europan lanpostuen %54 suntsituko lituzke automatizazioak, baina herrialdetik herrialdera aldea legoke.

Iparraldeko eta erdialdeko herrialde aberatsetan txikiagoa litzateke kaltea, handia izan arren: enpleguaren %46,7 desagertuko litzateke Suedian, %47,2 Erresuma Batuan, %49,5 Herbehereetan eta Frantzian, eta %49,5 Danimarkan. Kaltea handiagoa da periferiako zonaldeetan, batez ere aurrerapen teknologiko txikiena dutenetan: lanpostuen %61,9 desegingo lirateke Errumanian, %58,9 Portugalen, %57,9 Kroazian, %56,6 Bulgarian eta %55,3 Espainian.

Arriskua, ogibideen arabera

Baina zein lanpostu joko ditu gogorren robotizazioak? Erresuma Batuan azterketa egin dute eta sarean kontsulta daiteke ea zer arrisku duen norbere ogibideak, bilatzailean Will a robot take your job? jarrita (Robot batek kenduko dizu lana?). Salmentak telefonoz egiten dituztenena litzateke robotek ordezkatzeko arrisku gehien duen ogibidea (%99ko aukerarekin), eta antzeko patua lukete idazkariek eta kontu eramaileek (%97,6) edo bankuetako leihatilako langileek (%96,8). Desagertzeko arrisku txikiena dutenak dira, berriz, hezkuntza kudeatzaileak, psikologoak, irakasleak edo erizainak, %1etik beherako aukerarekin.

«Batez ere soldata txikiena duten lanpostuetan eta tradizionalki automatizaziorik izan ez duten formakuntza txikiko sektoreetan desegingo dira lanpostuak», azaldu du Bowlesek. Bere ustez, hurrengo langile belaunaldia teknologian formatu behar da, «eta ez teknologiarekiko beldurrean».

Soldata apaleneko lanpostuak ezabatzeak zailtasunak eragin diezaieke beharginei formakuntza handiagokoetan lana topatzeko, eta horrek desberdintasun sozialak areagotu ditzake. Hain zuzen robotikako aditu ugarik aipatzen dute etorkizun robotizatu edo automatizatu horretan oinarrizko errenta unibertsal bat ezarri beharko litzatekeela ongizate gizartea mantentzerik nahi bada behintzat.

Georgios Petropulos Bruegel think tank-eko kidearen aburuz, teknologiak, enplegua suntsitzeaz gain gaur egun enplegua ulertzen dugun moduan aldatu ere egingo du. Lanpostu berriak topatzeko bi bide ikusten ditu Petropulosek. Lehena, espezializazioan sakontzea, eta hori hezkuntzatik bertatik sustatu beharko litzateke. Bigarrena, teknologiari esker norbera zerbitzu emaile bihurtzea dirua lortzeko: logelak alokatuz edo auto bidaiak eskainiz, besteak beste. «Hori soluzio bat izan daiteke robotizazioagatik langabezian gera daitezkeenentzat enplegu eredu malguago batean». Bere kezka da enplegu eredu hori ofiziala izango ote den —eskubide eta babesekin— ala ez.

Ikuspuntua aldatuz gero, ordea, kezka baino aukera gehiago sortzen ditu robotikak enpleguan, ekonomian zein gizartean. «Europarren %70ek uste dute robotek lanpostuak kentzen dituztela», aitortu zuen 2014an Neelie Kroes Agenda Digitaleko komisarioa zenak. Baina errealitatea beste bat dela argudiatu zuen, robot bakoitzeko 3,6 lanpostu sortzen direla. Sparc proiektuaren aurkezpenean eman zuen datua Kroesek: 2.800 milioi euro inbertitu ditu Bruselak robotika programa zibilean, kontinentea nazioarte mailan robotgintzako erreferente bihurtzeko. Munduko robotika industrian %42ko pisua dauka Europak, eta hori handitzea da helburua.

Robota, enplegu sortzaile

Hazkunde bizian dagoen industria da robotikarena, datuak ikustea besterik ez dago. 2018rako robot industrialen salmentak %15 haziko dira, IFR Nazioarteko Robotika Federazioaren arabera, eta 1,3 milioi robot industrial ariko dira lanean. Autogintza sektorean robotikan egindako inbertsioa %43 handituko da ordurako. Bost herrialdek hartzen dute salmenta osoen %70: Txinak, Japoniak, AEBek, Hego Koreak eta Alemaniak. «Txina da munduko robot merkatuan gehien eta azkarren hazten ari dena, eta potentzialitatea ikaragarria da», Arturo Baroncelli IFRko presidentearen esanetan. Hala ere, Txina ez dago munduko 20 industria robotizatuenen artean: 28. postuan dago, 10.000 langileko 36 robotekin.

Azken datuei erreparatuz gero —2014koei—, Hego Korea da industriarik robotizatuena, 10.000 behargineko 478 robotekin. Bigarren dago Japonia (314 robot) eta laugarren Alemania (292 robot). AEBak zazpigarren postuan daude, 164 robotekin. Espainia, berriz, 10. postuan dago (141) eta Frantzia 12. tokian (125). Urtetik urtera, gainera, igotzen ari da robot kopurua industrian.

Eta igoera horrek ez du enplegu galera masiborik ekarri. Metra Martech aholkularitza etxearen kalkuluen arabera, datozen bost urteetan robot industrialei esker milioi bat lanpostu sortuko dira munduan. Dagoeneko martxan dauden milioi bat industria robotek hiru milioi lanpostu sortu dituztela azpimarratu du ikerketak. Robotizazioak batez ere gailu elektronikoen sektorean, elikagai sektorean eta eguzki eta haize energian sortuko ditu lanpostuak. Industriaren automatizazioak deslokalizazioak eta enplegua babesten dituztela ere defendatu du txostenak. Alemania eta Japonia jarri ditu adibidetzat: zenbat eta robotizatuago izan autogintza sektorea orduan eta lanpostu gehiago sortu dituzte eta lidergoa indartu dute merkatuan.

Etorkizun hurbilean robotizazioa batez ere zerbitzu industrietan handituko dela uste du Metra Martechek, bereziki osasunean, geroz eta zaharragoa den gizartean zaintza zerbitzuak eskaintzeko. Iritzi berekoa da Jon Agirre Tecnaliako robotikako ikerlaria eta EuRobotics elkarteko zuzendaritzako kidea ere. Gogoratu du, gainera, Eusko Jaurlaritzak espezializazio inteligentearen alde egindako apustuaren hiru lerro estrategikoetako bat biozientziarena dela, non osasunerako robotika garrantzitsua den.

Agirreren esanetan, etorkizuna elkarlanerako robotikan eta robotika malguan dago. Pertsona eta robota lankide moduan aritzea da elkarlanerako robotika. «Biak batera aritzeak jarduera hori indartzen du, bakoitzaren trebetasun onenak erabiltzen direlako: pertsonaren inteligentzia eta malgutasuna, eta robotaren zehaztasuna eta errepikakortasuna».

Robotika malgua, bestalde, produkzio lerroetan kaioletan dauden robot handien kontrako robota da: mugikortasun eta malgutasun handiagokoa, gizakiarekin elkarlanean ibili ahal dena. Horrek enpresa txikiek robotizazioan inbertitzea ahalbidetzen du: «Enpresa txikietan robotika industrial tradizionala erabiltzea pentsaezina da. Baina fabrikaziora aplikagarria den zerbitzu robotika malguak ahalbidetzen du robot berbera produktu ezberdinak muntatzeko erabiltzea, aldaketak erraz eginez». Gainera, enpresa txikientzat ere robot malguen prezioak gero eta lehiakorragoak dira.

Tecnaliako ikerlariak dio robotikak ez duela lanposturik arriskuan jarriko, soilik langileen aktibitate aldaketa eragingo duela. Areago, robotizazioa Europako enpresen produkzioa bertan mantentzeko aukeratzat ikusten du. «Modernizatzen diren enpresek hobeto lehiatzeko aukera izango dute, eta produkzioari bertan eusteko gaitasun handiagoa izango dute, soldaten kostua handiagoa izan arren».

Robotika ziztu bizian garatzen ari den arloa bada ere, baditu bere mugak. Inteligentzia artifizial mugatua eta interakzio fisikorako gaitasun eza dira gaur egun muga horiek Agirrerentzat. Aditu batzuek esana dute, hala ere, 2075 eta 2090 bitartean robotak gizakiak bezain adimentsuak izango direla. Baina hori, momentuz, zientzia fikzioa da.

BERRIAn argitaratua (2016/03/12)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA