astekaria 2016/03/18
arrowItzuli

iritzia

Ezkerrak eta emozioa I

Hedoi Etxarte

Ezkerrak eta emozioa I Hedoi Etxarte

Arnaldo Otegiren ongietorri ekitaldian egon zen Bertolt Brechten espektroa. Egon zen aipu bidez Otegiren mintzoan: ziegan bere poema bat zeukala esan zuen. Jone Etxeberriak bere analisian integratu zuen. Eta negatiboki, absentziek ateratzen duten zaratarekin, egon zen Jon Maia nobelistaren poeman.

Emozioa eta arrazoia, teknika artistikoa eta iraultza soziala: hori izan zen Brechten terrenoa. Idatzi zituen testu teorikoen artean dago ikuspuntu arrazionalaz eta ikuspuntu emozionalaz gogoeta. Jon Maiak Brechtekiko bi akats funtsezko egin zituen. Batetik, identifikazioarekin jokatu zuen —Ermuko Izpirituak, Je suis Charlie bezala- alegia, hunkituko zara zuri buruz ari direla uste baduzu. Identifikazioak baldintzatutako «emozioak [ordea] kritika arduratsu baten menpe egon behar dira».

Orduko arteetan Brechtek bereizi zituen «probokazio futuristak eta dadaistak»: emozioen krisien aurrean emozioei uko egiten zietelako. Arrazoiaren hipertrofia ziren. Eta bestetik, faxismoa zegoen: «Emozioaren azentuazio grotesko bat». Marxista batzuen artean aldagai arrazionalaren abandonua ere detektatu zuen.

Zein zen Brechten proposamen teorikoa —eta praktikatu zuena—? Bada arrazoiaren bidez hunkitzea, pieza didaktikoen bidez. Alegia, arrazoitik urruntzen denean artelana —intelektualismoan, aipuarengatiko aipuan, pastichean jausten denean berdin— emozioa bera ere hondatzen da. Helburua hunkitzea delako, ez entzulearen eraldaketa. Ideia honek «emozioen ideia oso konbentzional bat dutenak soilik harrituko ditu».

Zeren Kantu bat gara-k digitalki jende asko hunkitu du, baina ze emozio izan dute? Zeren «emozioek beti dute [...] forma historiko, zehatz, mugatu eta baldintzatu bat». 30 urtetik beherako zenbatentzat dira erreferentzialak aipatutako kantuak? 40 urtetik beherako zenbat kantariren hitzen aipuak erabili ziren? Arrotxapean, Zabalganan eta ZUPen ulertu da esan nahi zena? Zer esan nahi zen?

BERRIAn argitaratua (2016/03/11)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA