astekaria 2016/03/11
arrowItzuli

gizartea

«Guretzat, irismenaren irizpideari %70 ematea desorekatuta dago»

Arantxa Iraola

«Guretzat, irismenaren irizpideari %70 ematea desorekatuta dago»

«Hedabideak hizkuntza komunitateen leihoak dira». Herri ekimeneko euskarazko hedabideak batzen dituen Hekimen elkarteko zuzendari Alberto Barandiaranek komunikabide horiek egiten duten lanaren defentsa irmoa egin zuen atzo arratsaldean Eusko Legebiltzarrean. Kultura Batzordean solastatu zen. Sektorearen «estrategikotasuna» onartzen bada ere, haren«jardunaren jarraipena» taxuz bermatzeko diru laguntzarik ez dagoela ohartarazi zuen. Adibiderako, finantzaketa zehazte aldera, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak egindako azken proposamena —hiru urterakoa izango da— ipini zuen. «2019an 2012ko diru bera izango dugu; guretzat, hori ez da ona sektorearentzat». Proposamen horrek, gainera, Jaurlaritzak iazko deialdian hasitako lan ildoari lotuta, dirua banatzeko orduan hedabideek lortzen duten irismena lehenetsiko du. Eta gogorarazi zuen gehiegizko garrantzia ematen zaiola irizpide horri, Hekimenen ustez. «Guretzat, irismenaren irizpideari %70 ematea desorekatuta dago. Beste gauza batzuk ere baloratu behar dira». Kalitatea, estrategikotasuna eta berrikuntza ere, kasurako, arras aldagai garrantzitsutzat dituzte. «Irismena baloratzea ondo dago, baina errealitatea konplexuagoa da».

Datuak eman zituen Barandiaranek, euskarazko herri ekimeneko hedabideen jardunari neurria hartzen laguntzeko. Elkarteak iaz egindako azterketa baten emaitzen arabera, esaterako, BERRIA egunkaria euskaraz irakur dezaketenen %8raino iristen da —Espainiako El País irakur dezaketenen %4raino iristen dela jarri zuen adibide gisara—, eta Anboto eta Goiena agerkariak, kasurako, beren eskualdeetako irakurrienak dira. Sarean, halaber, «dinamismoa eta bulkada berritzailea» agerikoak direla esan zuen; 2011-2015 aldian, hain justu, sektoreko webguneetarako bisitak %73 ugaritu ziren. Euskarazko hedabideen balio soziala argitzeko berriki egin diren ikerlanei ere erreparatu behar zaiela pentsatzen du. Datu bat nabarmendu zuen horretan ere, adibide gisara: BERRIAk eta Goiena Taldeak laguntzen bidez jasotzen duten euro bakoitzeko, 9,2 sortzen dituzte.

«Harrokeriak» bazter utzita mintzatu nahi izan zuen Barandiaranek, baina datuak zinetan nabarmentzeko modukoak direla uste du, eta egindako lana aintzat hartu behar dela. Erdarek irentsitako munduan ari direla oroitarazi zuen, baliabide urriekin. «Lehiatzen ari gara etengabe eta, gure ustez, emaitzak ez dira txarrak». Hala ere, sektorea usu nahi eta ezinean ari dela ohartarazi zuen.«Eusteaz gain, zail dute hedabideek beste zerbait egitea». Inbertsioan eta berrikuntzan aurrerapauso sendoak egin ahal izateko, haragoko urrats bat eskatu zuen. Langileen lan baldintzak ere, kazetaritzaren alorreko gainerakoekin alderatuta, apalagoak direla oroitarazi zuen, eta baldintza horiek «duintzea» garrantzitsua dela. Lehengo astean batzar nagusia egin zuen Hekimenek, eta han taldeko kideek zedarritutako mezuan sakontzen segitu zuen, finean, Barandiaranek atzoko agerraldian.

Ezinbestekotzat jo zuen elkarrizketa administrazioarekin. Orain artekoa baino joriagoa. Izan ere, azaldu zuen laguntzen inguruan Jaurlaritzak harturiko azken erabakiak erakusten duela harremanek ez dutela eman sektoreak nahi lukeen fruiturik. Hiru urterako finantzaketa plangintza bat zehaztea «ona» dela onartu arren, laguntzak emateko irizpideen gaineko desadostasuna agerikoa da. Izan ere, Eusko Jaurlaritzarekin izandako elkarrizketa prozesua espero baino antzuagoa izan da. «Hitz egin dugu gauza askori buruz». Esan zuenez, ordea, ez espero zuten sakontasunarekin. «Prozesu honetan ez dugu hitz egin irizpideei buruz; ez dugu nahi bezala sakondu horretan». Horregatik, harago dute gogoa oraindik ere. «Urrats gehiago egin daitezke; ez gara iritsi, serios, nahiko genukeen bezala hitz egitera irizpideei buruz». Eta lanean jarraitzeko asmoa dute: «Hurrengo gobernuarekin saiatu beharko dugu».

Jeltzaleak pozik daude

Garbiñe Mendizabalek, jeltzaleen izenean, argi oroitarazi zuen norena den azken hitza. «Gauza bat da hitz egitea; bestea akordioak lortzea», ohartarazi zuen. «Eusko Jaurlaritzak sektorearen proposamenak kontuan hartzen ditu, eta horren arabera erabakitzen du». Hiru urterako finantzaketa plan bat martxan jartzea «sektorearen egonkortasunerako ona» izango dela esan zuen, eta ez zuen sakondu sektorearen kritiketan. «Iruditzen zaigu Jaurlaritzaren proposamena ona dela». Murrizketa aroa dela gogorarazi zuen.

EH Bilduko kide Xabier Isasik goratu egin zituen euskarazko hedabideak. «Jasotzen dugu kalitatezko produktua». Horregatik, atzo Hekimenek esandakoak aintzat hartu behar direla esan zuen, eta horiei lotuta, gaia berriz parlamentura eramateko asmoa duela. Euskara lehenesteko: «Ematen du beti hautazkoa egin nahi dela euskara; horrela ez dugu normalizazioa lortuko». Lehen ere izan da gaia Eusko Legebiltzarrean; 2014ko azaroan, esaterako, euskarazko hedabideen laguntzak aztertzeko eskatu zuten EH Bilduren mozio baten bati lotuta, EAJk eta PSE-EEk ere. Ordurako bizi-bizi zegoen irizpideen eztabaida; halaxe segitzen du.

BERRIAn argitaratua (2016/03/09)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA