astekaria 2016/03/11
arrowItzuli

kirola

Bizitzaren bidegurutzean

Unai Zubeldia

Bizitzaren bidegurutzean

Ondo nago...». Baina bizi-bizirik dauka, oraindik, Londresen jokatu berri duen omnium proba. Etxera iritsi berritan, Leire Olaberriak alderik alde ireki dio etxeko atea BERRIAri. «Gertatutakoak ondorio batzuk dauzka, eta horiek barneratzen ari naiz orain». Ikaztegietarrak Rio de Janeiroko Olinpiar Jokoetan amaitu nahi zuen kirol ibilbidea. «Muga hori jarri nion neure buruari, baina uste eta nahi baino lau hilabete lehenago iritsi da dena. Aurreratu egin beharko ditut abuzturako gordeta neuzkan planak».

Olaberriak «kirol proiektuak» lehenetsi ditu orain arte. «Eta pertsona gisa falta zitzaizkidan proiektu horiei helduko diet orain; bizi proiektuei. Etxea umez bete nahi dut, eta horrek izango du lehentasuna hurrengo erabakietan». Urteotan bikotekideak «laguntza eta bultzada handia» eman diola azpimarratu du. «Eta bultzada horri orain nik erantzun behar diodala sentitzen dut». 39 urterekin, Turismo eta Irakasle ikasketak eginda dauzka, eta giza nutrizioko eta dietetikako gradua egiten ari da orain Murtziako Unibertsitate Katolikoan (Espainia).

Begiak itxi eta hausnarrean hasi da berehala: «Neure buruak igande iluntzera arte ez zeukan aukeren artean ere Rio de Janeirorako sailkatuko ez nintzenik». Baina urteotan hainbeste eman dion puntuazio proba horrek berak utzi zuen bazterrean. «Azken 30 itzulietan jabetu nintzen dena amaitzera zihoala». Bizikletatik jaitsi... «Eta urteotan niretzat oso garrantzitsuak izan direnak neuzkan ondoan. Guztiei eskertu ahal izan diet izan dudan babesa». Nahiz eta «gogorra» izan zen Bryan Nugget entrenatzailearekin izan zuen hizketaldia. «Urte eta erdiko lanaren ondoren, fede handia zeukan nigan...». Baina kolpetik ezerezean gelditu da bi urtekoa behar zuen bidea.

Damurik ez dauka, ordea. «Kiroltasunez onartu dugu emaitza». Duela hamahiru urte egin zuen Olaberriak pistaren aldeko apustua. «Eta ziklo bat itxi dut Londresen». Gorabehera askoko bidea izan da, eta «nahi baino laugarren postu gehiago» dauzkala aitortu du. «Londresen ere ahal nuen guztia egin dut, ahal nuen guztian zaindu dut neure burua...». Baina 24 puntu falta izan zaizkio azken pausoa emateko. Bederatzigarren postua behar zuen Munduko Txapelketan, eta 11.arekin etxeratu da. Aurkariekin «oso harreman polita» izan du Olaberriak. «Eta Annette Edmondson australiarrarekin hitz egin ahal izan nuen amaieran». Laura Trott, Sarah Hammer... «Eurena da oraina eta etorkizuna, eta harro nago eurekin borrokan ibili naizelako. Izugarri aberastu nau bizi izandako guztiak».

Norbanakoaren ezinetik taldearen lorpenetara jauzia egiten ere asmatu du urteotan. «2010ean omniumean hasi ginenean, pentsatu ere ez nuen egingo abiadura horretan ibiliko ginenik». Olaberriak berak 36 segundoko langa hautsi zuen igandean, 500 metroko proban —35,705—. «Jazarpenean 11 txirrindulari ibili dira 3.40 minututik behera; puntuazioan 49 kilometro orduko batez bestekoa lortu dugu... Duela sei urte ez nukeen sinetsiko». Aurkariek «gorputzaren mugak ezagutzen» lagundu diotela argitu du. «Eta uste baino haratago daudela ikasi dut». Gauza batekin dago harro: «Nire kirol ibilbidean prestatzaile taldea eta ingurua neuk aukeratu izanarekin. Hori izan da nire garaipenik handiena».

Okerreko bidetik ekin zion sailkapen faseari. «Gaixorik egon nintzelako hasierako probetan». Bidea zuzenduz joan da pixkanaka. «Eta aukera asko izan dut aldea murrizteko. Baina lanak azken unerako uzten direnean...». Omniumeko azken proban, puntuazioan, lehen esprintean bi puntu eskuratu eta bederatzigarren jarri zen Olaberria. «Eta gero banekien zein txirrindulari zaindu behar nituen». Buruak argi zeukan dena. «Baina ezin izan nien erantzun erasoei». Ez dominarik, ez maillotik, ez koparik... Garaikurrik ez dago gipuzkoarraren egongelako paretei begira jarrita. «Gose hori bizirik mantendu nahi izan dudalako beti».

Larunbatean, Tafallan

Errepideko txirrindularitzaren aroa itxita dauka. «Eta pistako helburu nagusia galduta, probaren bat edo beste bakarrik egingo dut jada». Datorren larunbatean, esaterako, Tafallan (Nafarroa). «Espainiako Kopako proba daukat Euskadiko selekzioarekin. Abiadurako probetan ariko naiz». Euskadirekin hasi zuen ibilbidea. «Eta amaitzeko modu polita izan daiteke, Tania Calvo ondoan daukadala. Ametsa elkarrekin betetzeko asmoa geneukan, baina ezinezkoa izan da».

Brontzezko domina kolkoratu zuen 2008ko Pekingo jokoetan, puntuazioan. «Eta bart ikusi dut orduko elkarrizketa bat». Lehen hiru urteetan berak gehiegi eskaini gabe txirrindularitzak asko eman ziola aitortu zuen orduan. «Eta gerora garapen handia izan dut». Errendimenduak, berez, gora egin du. «Baina txirrindulari hobea izan arren, emaitza hura ezingo nuela berdindu adierazi nuen orduan, eta hala izan da». Kirol munduan momentu zehatz bateko emaitza zehatz bat «bizitzako bidegurutze» bihur daitekeela ikasi du Olaberriak. Eta, «tamalez», Londreskoa izan da azken bidegurutzea, Riora beharrean Ikaztegietara bideratu duena; alboratuta eduki duen bizi proiektua parez pare jarri diona.

BERRIAn argitaratua (2016/03/08)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA