astekaria 2016/03/11
arrowItzuli

mundua

Barneratu gabeko lezioa

Ander Gartzia Badiola

Barneratu gabeko lezioa

Japoniak bere desplazatuak ditu. 174.000 lagun inguru, Fukushimako hondamendia gertatuz geroztik etxera itzuli ezinik daudenak. Gaur bete dira bost urte tsunami erraldoi batek Japoniako ipar-ekialdeko kosta jo eta Fukushima hirian eraikitako Daiichi zentral nuklearreko lau erreaktore nuklearri kalte egin ziela. 1986ko Txernobylgo (Ukraina) istripuaren ondotik, hondamendi nuklearrik handiena izan zen Fukushima.

Txernobylen ez bezala, Tokiok kutsatutako eremuak leheneratzeko plana jarri zuen martxan, herrietatik alde egin behar izan zuten 174.000 japoniarrak noizbait etxera buelta zitezen. Haietako asko gobernuak aurrez fabrikatutako etxe txikietan bizi dira gaur egun. Itzultzeko operazioa oso mantso doa. Horren adibide da Naraha herria, Fukushimatik hogei kilometrora kokatua. Abandonatuta dago. Gobernuak herria hustu aurretik 7.400 lagun inguru bizi ziren han. Tsunamiak zentral nuklearrean kalteak eragiteaz gain, inguruko hainbat herri irentsi zituen. 18.000 lagun hil ziren.

Desplazatuek lau urte eta erdi itxaron behar izan dute etxera itzuli ahal izateko, baina gutxi batzuek hartu dute erabaki hori; Narahan, bostehun lagun inguruk. Gehienak, gainera, 60 urtetik gorakoak dira. Gazterik apenas bueltatu den; 30 urtetik beherako hamabi gazte baino ez. Erradiazioak ikaratuta dauka jendea. Gainera, hondamendia eragin zuen lurrikarak —bederatzi gradu Richter eskalan— japoniarren bihotzak uzkurtzen ditu oraindik. Bost urtean lurrikara haren 12.000 erreplika jaso dituzte neurgailuek, eta jendeak antzeman ditu; iaz, esaterako, igartzeko adina indar zeukaten 615 lurrikara izan ziren Japonian.

Iitate herrixka ere Fukushimatik gertu dago. Raquel Montonek gertutik bizi izan du hango familien drama.«Nerbioak jota bizi dira. Atsekabetuta». Herria bezala, herritarrak ere «abandonatuta» daudela dio. Monton gai nuklearrez arduratzen da Greenpeace erakundean. Fukushimako eskualdera egindako bisitatik arduratuta itzuli da Soriara (Espainia). «Erradiazio mailak neurtu ditugu kutsatutako herrietan, eta Japoniako Gobernuak markatutako gehienezko neurriak baino bi aldiz edo hamar aldiz handiagoak dira».

Etxera bueltatu diren asko, baina, Tokioren presiopean bueltatu direla salatu dute. Fukushima Daiichi plantaren jabea da Tepco enpresa, eta ezin izan zien aurre egin hondamendiak sortutako gastuei. Diru publikoarekin erreskatatu zuen gobernuak. «Biktimei kalte-ordainak ematen dizkie enpresak [600 euro inguru, hilero]. Hau da, zerga ordaintzaileen dirua ari dira jasotzen. Gobernuko propagandak esaten badu kutsatutako eremuak leheneratzen ari direla, zerga ordaintzaileek pentsatuko dute biktimek ez dutela itzuli nahi, kontribuzioez bizitzen jarraitu nahi dutela, alegia». Ataka estua da, zeharo. Gobernuak eremu horiek garbitzat joko ditu datorren urtean, eta enpresak ez die kalte-ordain gehiagorik emango biktimei. Montonek bi aukera ikusten ditu: «Aberatsak beste norabait joango dira bizitzera; gainontzekoek, halabeharrez, itzuli besterik ez dute izango». Gobernuak energia nuklearraren alde egindako defentsa «itsua» salatu du Montonek. «Ororen gainetik defendatu du energia nuklearra. Hori da Fukushimak sortzen duen benetako beldurra».

Erradiazioa, bizitzaren parte

Bost urte geroago, ezer ez da berdin Fukushima inguruko herrietan. Arroz alorrak oraindik ere kutsaturik egon daitezkeen beldur dira herritarrak, eta bost urtean ez dute ezer landatu. Abandonatutako lursailetan plastikozko poltsa beltzak ikusi ditu Montonek, lerrokada luzeetan pilatuta. «Poltsak erradiazioaz kutsatutako simaurrez eta hondakinez daude beteta, baina erradiazio hori leku batetik bestera mugitu baino ez dute egiten. Ez da desagertuko». Dozenaka urte behar dira eremu guztiak garbitzeko, eta kostu handia eragingo dio Tokiori. Orotara, 2 bilioi eta erdi Yen (20.000 milioi euro inguru).

Itxaropena herritarrek erakutsitako jarreran aurkitu du Greenpeaceko arduradunak. «Japonian kulturalki ez da ohikoa lagunartea, baina biktimek jendea zaintzeko ardura hartu dute». Iitate herrian duela gutxi eraikitako laborategi batek egiten duen lana goraipatu du. Babesleek eta umeen zainketez arduratzen diren gobernuz kanpoko erakundeek emandako diruarekin lortu dute martxan jartzea. Puntako baliabideak dituzte han. «Argi dute beren betebeharra: ezezaguna denaren aurrean, ezagutza behar da. Jakitun dira hemendik aurrera erradiazioarekin bizi beharko dutela». Arrantzaleek itsas belarrak eramaten dituzte analizatzera; egurrarekin lanean dihardutenek, egur ezpalak. Langileek ere osasun azterketak egin ditzakete han, modu eroso eta merkean. «Jendea seguruago sentitzen da. Leku horietan badakite inork ez dituela epaituko. Inork ez die esango paranoiak dituztela».

Atzo bertan aurkeztu zuen Greenpeacek Japoniara egindako bidaian prestatutako txostena. Erakundeak alderaketa bat egin du Txernobylgo eta Fukushimako hondamendiek osasunean eragindako kalteen artean. Ukrainako ezbeharrean bizirik iraun zuten kaltetuen artean heriotza tasa handiagoa da, jaiotza tasa baxuagoa, minbizia kasuak hazi egin dira, eta arazo psikikoak ugariak dira. Japonian, berriz, buru nahasmenduak ugaldu egin dira, bai eta tiroideetako minbizi kasuak ere.

Naoto Kan, markatuta

Hondamendia gertatu zen zentraletik gertu ere izan zen Greenpeaceko espedizioa, Rainbow Warrior 2 itsasontzia, Ozeano Barera isuritako ur kutsatuak analizatu eta ingurumenean eragin dituzten kalteak aztertzeko. Urrunetik begiratuta, Fukushiman ur tankeak baino ez ditu ikusi Montonek. Hektarea bete tanke. Bost urteren ostean, langileek erreaktore kaltetuak ureztatzen jarraitzen dute, fisio nuklearrik gerta ez dadin. Milaka eta milaka tona ur bilduta, oraindik teknikariek ez baitakite nola araztu ur kutsatu horiek. Arazoa, ordea, ez da gainazalean ikusten dena. «Plantaren azpitik igarotzen den ur guztia kutsatzen ari da. Inor ez da gai izan hara iristeko. Inork ez daki erreaktoreetako nukleoak nola dauden, eta ez dakite oraindik zelan kenduko dituzten handik. Istripua ez da bukatu oraindik. Ur horiek itsasora doaz».

Rainbow Warrior 2 itsasontziaren eskifaiaren artean gizon baten irudia gailendu zen: Naoto Kanena. Fukushimako istripu nuklearra gertatu zenean, Kan zen Japoniako lehen ministroa. Gertaerak eragin handia izan zuen harengan, eta energia nuklearraren aurkako ahots garrantzitsua da gaur egun. «Asko markatu zuen hondamendiak. Kontatu zigun momentu jakin batean 50 milioi herritar ebakuatzekotan egon zirela. Txundituta gelditu zen Kan, bere ondoko inork ez zekielako zer egin. Ingurukoak negozio gizonak zituen. Lehenagoko gobernuetan Osasun eta Ekonomia ministro izan zen, eta bazuen aholkuak ematen zizkion jendea inguruan. Hondamendia gertatu zenean, baina, konturatu zen ez zekitela ezer energia nuklearraz. Beti entzun zuen energia atomikoa guztiz segurua zela, baina konturatu zen oker zeudela».

Fukushimako ezbeharraren ondotik, Kanek gogor kritikatu zuen lobby nuklearra, damurik ez erakusteagatik, eta jomugan jarri zituen ate birakariak eta enpresarien jarrera. Japoniaren gainbeheraz mintzatu zen Kan: «Gorbatxovek bere memorietan esan zuen Txernobylgo istripuak sistema sobietarraren gaitz guztiak utzi zituela agerian. Fukushimak gauza bera egin zuen Japoniarekin».

Bazirudien Japoniak bizkarra emango ziola energia atomikoari. Kanek berak iragarri zuen 2012ko irailean Japonia ez zela baliatuko gisa horretako energiaz 2030eko hamarkadara arte. Energia berriztagarrien aldeko lege bat ere onartu zuen parlamentuak. Kanen alderdiak, baina, hauteskundeak galdu zituen, LDP Alderdi Liberal Demokratikoaren mesedetan. Aurreko legealdietan LDPk arreta gutxi erakutsi zuen zentralen segurtasunaren inguruan. Ez da bidetik atera: gaur egungo lehen ministro Shinzo Abek energia nuklearraren programa berriz abiarazi nahi du. Garbi hitz egin zuen atzo Abek: «Baliabideei dagokienez, gure herrialdea pobrea da, eta ezin dezake energia hornidura bermatu energia nuklearrik gabe». Abek helburua finkatu du: 2030erako Japoniak beharrezko duen elektrizitatearen %22 fisio nuklearretik lortzea. 2010ean, energia osoaren heren batek energia nuklearra zuen iturburu.

Gelditzeko agindua

Fukushimako istripuaren ondotik, Japoniako erreaktore nuklear guztiak amatatu zituzten. Segurtasun neurri berriak onartuta, atzera oniritzia eman zuen Tokiok. Joan den urteko abuztuan jarri zuten martxan herrialdeko lehen erreaktore nuklearra, Sendain, Japoniako hegoaldean. Geroztik, beste hiru erreaktore piztu dituzte: bata Sendain, eta beste biak Takahamango zentralean, joan den otsailean. Denbora gutxian piztu da, ordea, berriz ere alarma gorria. Takahamako laugarren erreaktorea bertan behera gelditu zen abiarazi eta hiru egunera. Bizilagunek sutsuki egin zuten protesta. Japoniako auzitegi batek hartu zuen hitza herenegun, eta Takahamako bi erreaktoreak gelditzeko agindua eman zuen. «Oraindik ere zalantzak daude tsunami bat izanez gero hartu beharreko neurriekin eta ebakuazio planekin», azaldu zuen magistratuak Japoniako NHK telebista publikoan. Gobernuak bere politika eta segurtasun neurriak erregulatzeko dituen irizpideak defendatu ditu, bere esanetan, «munduko segurtasun neurririk zorrotzenak» diseinatu baititu.

Ez da auzitegiek hartutako erabaki bakarra izan. Fiskaltzak Tepco enpresako hiru zuzendari ohi auzipetu ditu, hondamendia eragozteko beharrezkoak ziren neurriak ez hartzeagatik. «Tsunami batek hondamendi nuklearra eragin zezakeela aurreikusi arren, huts egin zuten bere betebeharrean, eta ez zituzten indartu plantako segurtasun neurriak», dio akusazio agiriak. Besteak beste, zentraleko hamahiru langileri zauriak eragitea eta istripuaren momentuan ondoko ospitale batean zeuden 44 gaixo hiltzea leporatzen die fiskalak. Tepco enpresako presidente Naomi Hirosek ere barkamena eskatu berri du, hondamendia gertatutakoan enpresak emandako erantzun eskasagatik eta egoeraren larritasuna gutxiesteagatik.

Biktimek gertatu zenaren egia osoa jakin behar dutela irizten dio Montonek. «Hasiera-hasieratik gezurretan aritu da gobernua. Bost hilabete pasatu ziren harik eta aitortu zuten arte erreaktoreak urtu egin zirela. Industria nuklearreko terminologian SBO esaten zaio horri; hornidura elektrikorik gabe gelditzen da zentrala, eta ezin du nukleoa hoztu. Hori da planta bati gerta dakiokeen egoerarik dramatikoena. Larritasuna ezkutatzen saiatu ziren».

Fukushima mugarri izan da gizartearentzat. Azken inkesten arabera, %55,3 plantak berriz zabaltzearen aurka daude, beste hondamendi baten beldurrez. Montonek txalotu egin du azken urteetan energia berriztagarriek izandako gorakada. Etorkizunean garrantzitsu izango direlakoan dago: «Tokiora bueltan argazki mordoa atera nituen trenetik. Harrituta geratu nintzen. Gero eta eguzki panel gehiago ikusten dira. Gero eta panel fotovoltaiko gehiago. Jende langileak dira japoniarrak. Energia berriztagarrien alde jotzen badute, ziur egon gauza asko aldatuko dituztela».

BERRIAn argitaratua (2016/03/10)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA