kultura
Amurizaren kartzelako lana
Miren Garate
Ordena bati jarraituz, errima familiaka sailkatuta ageri dira hitzak, eta, sail bakoitzaren barruan, azpisailka bereizita, aditzak, adberbioak, izenordeak, adjektiboak, izenak eta atzizkiak. Milaka dira guztira: B-D-G-R sailekoetan, izenen multzoan, armada, balada, galtzada, granada, parada, patxada eta beste hainbat; L sailekoetan, adjektiboetan, ikel, itzel, fidel, zimel, zinbel, goibel eta beste batzuk. Ts, tz edo tx errimetan, adberbioetan, hagitz, anitz eta beste hainbat.
Liburua osatzeko, «selekzioaren selekzioa» egin zuela esan du Amurizak, alegia, errima garrantzitsuenak edo aukera gehien ematen zutenak aukeratu zituela. «Ehun hitz ateraz gero, ez dute ezertarako balio hainbestek, batzuk bakarrik aukeratu behar dituzu. Bestela ez litzateke tresna praktiko bat izango».
Berrogei urte dira lehen edizioa argitaratu zenetik, baina beste bi berrargitalpen ere izan ditu ordutik, 1997an bat eta 2016an bestea, azken hori Lankuren eskutik. Hitzaurrean, honela dio Amurizak: «Errima ez da, edo ez luke izan behar, kontzeptu amaitua edo estatikoa, bilakaera dinamikoa baizik». Horregatik, lehen argitalpenetik bigarrenera, eta bigarrenetik hirugarrenera, hitz batzuk erantsi eta beste batzuk kendu egin zituzten. «Funtsean, %80 lehen ediziokoa da, aditzak eta atzizkiak ez baitira hainbeste aldatu. Baina gaur egun erabiltzen diren hitz berriak ere sartu behar dira; hizkuntzak bezala, dinamikoa izan behar du honek ere». Amurizaren esanetan, robot hitza ez zen agertuko ziurrenik lehen argitalpenean; azkenean, ordea, speaker, kontainer eta abar ere badaude.
Bertsolaritzako Biblia ere deitu izan zaio Hiztegi errimatua-ri, eta baliagarria da gaur egun ere. «Informazio base handi bat daukate hor bertsolariek. Bila jarraitu nahi badute, libre dira; gainera, norberak landu behar du bere errima sistema, berak aukeratu behar ditu gustatzen zaizkionak edo erabili nahi dituenak». Liburuari esker, ordea, aurkituta dagoena bilatzen segitu beharrik ez dute izaten. «Hori da hiztegiak eskaintzen duena. Txapelketa garaian bertsolari guztiek erabiliko dute».
Euskararen desabantaila
Berak egina izanagatik ere, liburua askotan erabili izan duela dio Amurizak, eta, bat-bateko bertsolaritza utzita izan arren, esan du tartean-tartean izaten duela liburua kontsultatzeko beharra, hala nola bertso jarriak egiten dituenean edo abestiren baterako letra eskatzen diotenean. Ez baita bertsolarientzat bakarrik erabilgarria; poesia egiten dutenek, hitz joko batzuk pentsatu behar dituztenek eta beste hainbatek ere baliatu izan dute liburua. «Prosan idazten dutenek ere batek baino gehiagok esan didate askotan erabili dutela Hiztegi errimatua».
Bertsolaritzan gehien erabiltzen diren errimak zein izan daitezkeen galdetuta, estatistikarik ez duela esan du Amurizak. «Txapelketan, arruntetik ihes ibiltzen dira bertsolariak, eta, ahal badute, artikulurik gabeko hitzetara joango dira». Hain zuzen ere, euskaraz hitzik gehienak artikuluarekin izaten dira; hitzaren atzetik joaten da artikulua, eta errimatzeko orduan, desabantaila bat dela hori dio Amurizak. Beste hizkuntza batzuetan, berriz, hitza errimatu behar den tokian geratu ohi dela kontatu du, artikulua aurretik joaten delako eta preposizioak erabiltzen dituztelako. «Euskaraz ez, euskaraz deklinabidea geratzen da azkenean».
Euskara ulertzen ez duten beste herrialde batzuetako inprobisatzaileak Euskal Herrira etorri izan dira, eta inoiz galdetu izan dute bertsolariek zergatik amaitzen duten gehienetan -a hizkiarekin. «Baina gure hizkuntza horrelaxe dago antolatuta».