astekaria 2021/08/08
arrowItzuli

gizartea

Lohiak irentsi zuen oporraldia

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Lohiak irentsi zuen oporraldia

Minutu gutitako kontua izan zen: euri jasa marduletik, lohi eta harri jausira; Pirinioetako oporralditik, sekula ez ahazteko hondamendira. Gaur 25 urte bete dira Biescasko (Aragoi, Espainia) Las Nieves kanpina uholde batek suntsitu eta Huescako herri haren izena hamaika euskal herritarren burmuinetan iltzatuta utzi zuen sarraskia gertatu zenetik. 87 lagun hil ziren hondamendi haren ondorioz: horietatik hamahiru, euskal herritarrak. Bertze 187 lagunek kalte fisikoak jasan zituzten; eta, bertze ehunkak, ondorio psikologiko eta materialak.

Asteazken arratsaldea zen, 1996ko abuztuaren 7a. Euria goian-behean egin zuen egun osoan, eta kanpinaren gainaldeko Aras errekak gainez egin zuen, prezipitazio handien eta bidean pilaturiko harri eta enborren ondorioz. Gerora frogatu zenez, leku desegokian eraikia zegoen kanpina, Aras errekak Gallego ibaiarekin bat egiten duen ingurunean; baina Espainiako eta Aragoiko gobernuen baimenarekin eraikita zegoen, eta han zeuden herritarrek ez zuten susmatzen horrelakorik gerta zitekeenik. Eurite bortitzen ondorioz, lohiz beteriko uholde handi batek minutu gutxitan hartu zuen kanpina, aitzinean harrapaturiko guzia barnean eramanez: autokarabanak, kanpadendak, autoak, eta baita pertsonak ere. Erreskate taldeak berehala jarri ziren martxan, baina sarraskia egina zegoen ordurako.

Ana Unanue Euskaldunon Egunkari-ko kazetaria Biharamunean ailegatu zen Biescasera: «Gogoan dut iritsi eta panorama oso gogorra zela. Hasteko, oso egun ona, eguzkitsua egiten zuen, eta sinesgogortasun puntu hori: 'Benetan? Bezperan desastre hau gertatu da?'». Oroitu du «beste garai batzuk» zirela, eta, komunikazio teknologien faltan, ez zirela bezperan ohartu gertatzen ari zenaz. Biharamunean lehendabizikoa iritsi zen Unanue Iruñeko erredakziora, eta, berez hari ez zegokion arren —Politika eta Ekonomia sailetan aritzen zen kazetari—, sailburuak Biescasera bidali zuen, zuzenean: «Oso gaizki pasatu nuen. Kazetari batzuek bezperan erreakzionatu zuten, eta pixka bat zuzenean bizi izan zuten desastrea, baina biharamunean egin beharreko bisitak ja ospitalera eta beilatokira ziren». Gogoan du erreskate lanetan ere ari zirela oraindik: gorpu batzuk hamazazpi kilometrora aurkitu zituzten, Gallego ibaian beheiti eta Sabiñanigoko urtegian.

Hilotzak izotz pistan

«Han [Jakan] izotz pista bat zegoen, eta inpresio handia egiten zuen: hilotzak, agertzen ziren gorpuak...». Horiek identifikatzeari ekin zieten hurrengo ordu eta egunetan: «Ez zen erraza identifikatzea, ze ez zeramaten nortasun agiririk soinean, eta urak eraman zuen dena. Oso panorama latza zen, ze senide pila bat zeuden han desagertua zebilen jendearen bila, eta batzuk tanatoriora sartzen ziren jakin gabe senidea han egongo zen edo ez. Batzuk ateratzen ziren ezin zutela zutik ere egon: senideren bat topatu eta identifikatu behar izan zuten». Buruan gordea du, erraterako, bi gurasoak eta bi anai-arrebak galdu zituen hamasei urteko mutikoaren kasua: Sergio.

Luze jo zuten bilaketa lanek: «Desastrea 7an izan bazen, 9an oraindik baziren desagertuak, eta jendea oraindik senideen berrien esperoan, malko asko, eta tarteka lasaituren bat ere bai». Batzuek atzeman egin baitzituzten ustez desagertuta zeuzkaten senideak: «Horrelako kasu batzuk izan ziren: senide batzuk hara joan Gipuzkoatik, bazekitelako han zeudela senitartekoak, eta kasualitatez egun horretan ez dakit nora joan zirela, Lourdesera, edo Panticosara». Sakelako telefonorik ere ez zegoen.

Erantzukizunak, 2005ean

Gertatutakoaren erantzule bakarra natura izan zela nabarmendu zuten orduko agintariek, eta kanpineko jabeak ere ohartarazi zuen baimen guztiak zituela; izan, hala baitzen. Jakako Auzitegiak kasua artxibatu zuen hasieran, eta 2005ean iritsi zen azkenean Espainiako Auzitegi Nazionalaren epaia: Espainiako Ingurumen Ministerioa eta Aragoiko Diputazioa jo zituen Biescasko hondamendiaren errudun, eta hildakoen senideei 11,2 milioi euroko kalte-ordaina emateko agindu zuen —familia bakoitzari 180.000 euro, gutxi gorabehera—. Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileen arabera, zigorturiko erakundeek ez zituzten arriskuak kontuan izan, amildegi natural bat zegoen lekuan eman baitzuten kanpina ezartzeko baimena.

BERRIAn argitaratua (2021/08/06)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA