bizigiro
Beste urte batez, plaza hesituta
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria
Gasteizko Udala uda honetan «ondo pasatzeko» deia egiten aritu da azken egunetan, baina «burua galdu gabe» jokatzekoa, batez ere jaiei begira. Kanpaina bat abiatu zuen horretarako, eta herritar guztien osasuna zaintzeko aldarria egin zuen, gozatzeko gonbidapenarekin batera. Neurriak ere hartu dituzte, eta, esate baterako, atzo itxita egon zen Andre Maria Zuriaren plazarako sarbidea 16:30etik 19:00etara arte. Hilaren 9ko gauean ere itxiko dute. Horrez gainera, jakinarazi zuten Ertzaintzaren eta Gasteizko Udaltzaingoaren arteko koordinazio batzorde bat ere martxan jarriko zutela, indarrean dauden osasun neurriak betetzen direla bermatu ahal izateko. Kontrola areagotzeko asmoa ere bazuten, batik bat Alde Zaharrean, era horretan jende pilaketak eta kaleko edana eragotziko dituztelakoan.
Jendea dabil plazaren inguruan, kuxkuxean gehienak, hesien bestaldetik San Migel elizako kanpandorrean Zeledonen aterkia eta blusa aurkitzen arituko balira bezala. Horietako bat da Carmen Carbeña. Posta kalean dago, bi lagunekin batera. Gasteiztarra da, «betidanik», eta adierazi du «oso ondo» iruditzen zaiola plaza ixtea: «Ez da ez zaidala ongi iruditzen jaiak ez ospatzea; uste dut ezin direla ospatu birusarengatik, eta kito. Denok izorratu beharko gara». Azaldu du egoera «normal» bat balitz, «seguruenetik», ez litzatekeela festetako egunetan egongo, kanpoan baizik, baina, izurritea amaitu artean ez doala inora. Beraz, bazkari bat egiteko aprobetxatuko du. «Bederatzi lagun elkartuko gara», adierazi du Carbeñak, eta, albotik, lagunak, ingurukoen irri artean, erantsi du: «Karrozeria bat gara!».
Metro batzuk gorantz egin, eta giroa nabariagoa da, batik bat tabernetako terrazetan. Euskararen arnasguneetako bat izan ohi da Aihotz plaza hiriko festetan, bertan egoten baita Geu elkarteak kudeatutako Euskal Gunea, baina orain ez dago halakorik. Tabernetan eserita dago jendea, baina euskarak beste espazio batzuk bilatu beharko ditu gaurkoan, hitzak gazteleraz eta beste erdaretan entzuten baitira, oro har.
Aiztogilen ere bada giro
Kalerik jendetsuena izan ohi da Aiztogile, eta orain ere ez du hutsik egin. Lehen metroetan, San Frantzisko aldeko sarreran, gazteak dira gehienak. Terrazetan daude jarrita, fin-fin. Trago batzuk hartzen dabiltza batzuk, eta, berantiarrenak, oraindik bazkaltzen. Metro batzuk harago dago Iñigo —ez du abizena eman nahi—. Iruñekoa da, baina Gasteizen bizi da azken urteetan. Ez du Zeledonen jaitsierarik ikusi sekula, eta, beraz, esan du ez duela haren faltarik sumatzen; hala ere, adierazi du «harrituta» gelditu dela Plaza Berrian dagoen La Union ostatuaren balkoian zegoen pertsonaiaren panpinarekin.
Kalean aurrera egin ahala, lasaiagoa da giroa. Txistua ere entzuten da, nahiz eta soinua nondik datorren ez identifikatu. Terraza batean jarri berri da Galder Beramendi, eta egun hauetarako asmoez hitz egin du: «Jimmy Jazzen egunero daukagu programazioa, eta, lan egin behar dut». Areto horretako kideetako bat da, eta, egitaraua osatu dute larunbatera arte. «Zailtasunak dauzkagu, egia esanda; gobernuak zabaltzeko ordu gehiago eman ezean, horrelako eremuek ez dute zentzurik». Beramendik aitortu du «pixka bat beldurtuta» daudela.
18:00etan puntuan jaitsiko litzateke Zeledon, eta, ordu horretan bertan suziriak entzun dira Gasteizko txoko batzuetan.