astekaria 2021/08/08
arrowItzuli

gizartea

«Heriotza on eta duina» izateko prozedura arautu du Nafarroak

Joxerra Senar

«Heriotza on eta duina» izateko prozedura arautu du Nafarroak

Eutanasiaren Lege Organikoa indarrean sartu eta hiru hilabete pasa geroago, Nafarroako Gobernuak dekretu bidez garatu du legea. Atzo sartu zen indarrean. Gaixotasun sendaezinen bat dutenek «heriotza duin eta ona» eskatzeko prozedura arautzen du dekretuak, eta kontzientzia eragozpena adierazten duten profesionalen erregistroa jasoko du. Bi neurri nagusiek herritarren zein profesionalen eskubideei «berme bikoitza» ematen dietela uste du Carlos Artundo Osasun zuzendariak: lehenik, «legearen irizpideen barruan», eskaera egiten dutenekin «errespetuz» jokatzen duelako, eta berdin egiten duelako kontzientzia eragozle diren medikuekin.

Dekretuaren berritasun nagusietako bat da berme eta azterketa batzordea sortuko dela. Kasuz kasu, organoak kontrolatu egingo du ea prozedura «legearen barruan» egiten den eta ea baldintza medikoak betetzen dituen. Eskaerak atzera botatzen diren kasuetan batzorde horretara jo beharko da erreklamazioa aurkeztera.

Askotariko diziplinetako ordezkariek osatuko dute talde hori; izan ere, legeak dioenez, osasun arloko profesionalek eta juristek osatu beharko dute, eta gutxienez zazpi kide izango dira. Nafarroan, zehazki, hamabi lagunek parte hartuko dute: lau medikuk —oinarrizko arretako bik eta arreta espezializatuko beste bik—, lau juristak, bi erizainek, psikologo batek eta gizarte langile batek.

71 ekarpenetatik bi heren

Lege organikoa martxoan kaleratu zen aldizkari ofizialean, eta gobernuak hiru hilabeteko epea zuen dekretua garatzeko. Prozesu horretan parte hartzera gonbidatu zituzten, besteak beste, herritarrak, gaixoen elkarteak, profesionalen elkargoak eta Nafarroako bi unibertsitateak. Hamazazpi eragilek egindako 71 ekarpen jaso dituzte, eta horietatik bi heren aintzat hartu dituzte.

Legeak zehaztutako baldintza nagusien arabera, eutanasia eskatu ahal izateko, pertsona eskatzaileak kontziente egon behar du, eta gaixotasun sendaezina izan. Prozedura konplexua da, eta, herritarrei informazioa helarazteko asmoz, Nafarroako Gobernuak eskuorri batzuk prestatu ditu. Horietan, galdera eta erantzunen bidez zalantzak argitu nahi dituzte, eta prozedura osoa diagrama baten bidez azaldu: «Prozesu osoa eta konplexua da, eta, herritarrei begira, saiatu gara sinplifikatzen», azaldu du Genoveva Etxandok, Nafarroako Gobernuko Herritarren Osasun, Aholkularitza eta Berme zerbitzuburuak.

Hain zuzen ere, mediku eta erizainei begira, jardunbide onen gidaliburu bat ere landu dute. Espainiako Gobernuak webgune bat prestatu du horretarako, baina Osasunbideak Auzolan izeneko gune bat egokitu du mediku eta erizainek kontsultatu dezaten. Dekretuak dakarrenez, profesionalen prestakuntza izango da elementurik garrantzitsuenetako bat. Halaber, dekretuak kontzientzia eragozpena adierazten duten profesionalen erregistroa sortuko du. Gobernuak aurreratu duenez, teknikoki lanean ari dira bertan izena eman nahi dutenen konfidentzialtasuna berma dezan.

Baldintza betetzen ez dutelako eutanasia eskatu ezin dutenen kasuan, protokolo bat ezarriko da haien ezgaitasuna baloratzeko, buruko osasuneko adituen bitartez. Horregatik, Artundok garrantzitsutzat jo du aldez aurretik herritarrek bizitzaren azken unetan beren borondatea zein den adierazteko erregistroan izena ematea. Gaur egun, 11.163 lagunek idatzi batean jaso dute euren nahia. Artundoren ustez, gizarteak jakin beharko luke aukera hori eskura dagoela. «Maiz, hurbileko kasu dramatikoak ikustean jabetzen gara garrantzitsua dela aurretik idatzita uztea zer egin nahi dugun bizitzaren azken ordua iristean», azaldu du. Haren esanetan, lehen arretako osasun etxeetan egin daiteke, prozedura «sinple» baten bidez.

2018an, Heriotza Duinaren Behatokia sortu zen, eta, geroztik, pare bat azterketa egin ditu, herritarrek gai horri buruz zer ezagutza eta iritzi duten jakiteko asmoz. Azterketa horien arabera, nafarren %77k «moralki onargarri» deritzote eutanasiari, eta %80k legeztatzeko beharra adierazi zuten. Datu horien arabera, mila biztanleko 15,9 herritarrek izena eman dute aurretiazko borondateen erregistroan. Azken urteetan kopuruak nabarmen gora egin badu ere, oraindik ere kopuru txikia dela uste du Nafarroako Gobernuak.

BERRIAn argitaratua (2021/08/04)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA