astekaria 2021/08/08
arrowItzuli

mundua

Hego Sudanen herritarrengandik datoz bakerako urratsak

Oskar Epelde Juldain

Hego Sudanen herritarrengandik datoz bakerako urratsak

Hego Sudango presidente Salva Kiirrek, Riek Machar presidenteordeak eta alderdi politikoek 2018an sinatutako akordioaren arabera, SPML-IO Sudanen Askatasunerako Herri Mugimendua-Oposizioan alderdiari dagokio Mendebaldeko Equatoria estatuko gobernadore kargua. 2013an piztu ziren SPMLren alderdiko buruzagitza eskuratzeko barne gatazkak, eta horietatik sortutako mugimendu berri bateko buru izandakoa da Afred Futuyo, gobernadore berria. Aurreko agintariak SPLMkoak eta azande leinukoak izan dira; bertako zuzenbidearen arabera, azandeen erregearen jabetza ziren Mendebaldeko Equatoriako lurralde amaigabeak. Aldiz, gatazkak iraun duen artean IOren kuartelak Yambiotik kilometro gutxira egon dira -IOren barruan ere ez da liskarrik falta; atzo Simon Gatwechek alderdiko lidergoa aldarrikatu zuen, eta Machar kargugabetzeko eskatu traizioa egotzita-. Gatazkaren ondorioak herritarrek jasaten dituzte: segurtasunik eza bideetan eta zerbitzu publiko eskasak udalerrietan.

Hego Sudango botere banaketa doitzearen ondorioz agintea galdu duten SPLMko buruzagiek gorroto dute Futuyo, eta haren izendapena geldiarazten saiatu dira argudiatuz «hezkuntza gabea eta gerrazalea» dela. Esan gabe doa agintari berria balanda leinukoa dela. Etnia hori azandeekin nahastu izan da hainbat belaunaldiz, modu baketsuan. Balandek Mendebaldeko Bahr el-Ghazan dute jatorria; eskualde hartako gobernadorearen aukeraketa ere IOren esku geratu zen 2018ko akordioan. Horrek ere kezka sortu zuen azandeen artean, eta Kiir presidentearengana jo zuten laguntza eske. Hark eten egin zuen, behin-behinean, Futuyoren izendatzea, baina IOko buruek eutsi egin zioten hautaketari, iritzita balanda leinuko buruzagiak gerra garaian basakeria ugari eragotzi zituela. Azkenean, Futuyo berak jo zuen Kiir presidentearengana, eta, bere buruaren aurkako kritikei erantzunez, «hezkuntza gabeak» diren estatuburuaren aholkulari berezien izenak zerrendatu zizkion.

Bake akordioak oraindik kolokan daude Mendebaldeko Equatoria estatuan. Yambion ezezagunek gobernadoreak izendatutako Osasun ministroaren bizkartzain bat hil zuten egun berean iritsi zen kazetari hau Tomburara, helikopteroz. Aurreko asteetan azande eta balanda etnien arteko liskarrak piztu ziren, eta hainbat etxe erre zituzten. Ondorioz herritarrek ihesera jo zuten, herri osoak hutsik utziz. Osasun ministroaren aurkako atentatuaren bezperan, berriz, talde armatu batek Tomburako azandeen buruzagiaren etxeari eraso zion.

Helikopteroa gerturatu ahala, «hegan dabilen etxeak» nola lur hartzen duen ikusteko bildu ziren pistan ehunka ume eta gazte. Telefonoz ari ziren batzuk, ikusten zutena kontatzen; beste batzuk, aldiz, armak eskuan zituzten, uniformerik gabe ere, SPLMko soldaduak zirela ikusaraziz. Ugandan jaio, baina Hego Sudango gerran parte hartu zuen Jainkoaren Erresistentziarako Armada talde armatuari aurre egiteko sortutako Arrow Boys milizietako kide izan ziren asko, baina ez zuten soldatarik jaso egindako lanarengatik; ondorioz, beste aukerarik ezean, agintarien telefono deien zain jarraitzen dute.

Lehen ahalegina

180 kilometro daude Yambiotik Tomburara, eta ez dago garraio publikorik. 2009an konpondu zuten azkenengoz errepidea, baina hondatuta dago berriz ere. Zulo are sakonagoak egiten dituzten kamioi bakan batzuk bakarrik igarotzen dira. Bertakoentzat ia ezinezkoa da bidea egitea, bereziki euri sasoian. Bestalde, edozein jarduera egiteko baimena behar da, gobernua zatituta dagoelako. Tombura eskualdeko poliziaburua, Mathew Mabanka, SPLMkoa da. Gizon armatuz inguratutako etxe batean igarotzen du eguna, eta bertan hartu du Edmund Yakani ere, UNMISS Nazio Batuen Hego Sudanerako Misioaren laguntzarekin, komunitate arteko elkarrizketak bultzatzeko iritsi den gizarte eragilea.

Mabankak IOko tropei egozten die bakea urratu izana. Azaldu du azande buruzagiaren etxea eta poliziaburuarena erre ondoren, autoa hondatu diotela, eta salatu orain bere bila dabiltzala, froga gisa mehatxu gutun bat erakutsiz. Haren esanetan, gatazka ez da leinuen artekoa, eta miliziei leporatu die herritarrek jasaten duten indarkeriaren erantzukizuna. Halere, Futuyo gobernadoreari buruz galdetuta, ezin izan du ezkutatu harekiko arbuioa. Baina, agian Yakanik Juba hiriburuan izan ditzakeen harremanen beldur, babes osoa eskaini du azande eta balanda leinuen arteko elkarrizketak sustatzeko.

Indarkeriak gora egin badu da, batetik, IOko tropak eskualdean sartu direlako, baina, bestetik, SPLMko buruzagitzak Nando Forces deituak baliatu dituelako oposizioari aurre egiteko. James Nando bera IOko gerrillen buruzagiordea izan da duela gutxi arte, baina bake akordioen aitzakian, beste buruzagi askoren antzera, desertatu egin zuen kargu publikoen eta diruaren truke; ondoren, presidentearen aginduz Tombura itzuli da, IOren aurka egiteko. Bi indar horien arteko borrokek leinuen arteko gatazka eragin dute, nahiz eta komunitateek aitortu denak neba-arrebak direla. Hego Sudanek egin ditu urrats batzuk bake akordioetan jasotakoa indarrean sar dadin. Gobernadoreak izendatu ondoren, joan den ostiralean osatu zuten legebiltzarra. Baina asko dira egiteke geratzen direnak, eta horietako bat da armaden bat egitea.

Azken egunetan, 4.000 iheslari iritsi dira Saint Mary parrokiara, eta beste horrenbeste Hezkuntza Ministerioaren lur eremuetara. Ez dute giza laguntzarako erakundeen babesik. Ez dute euritik eta eltxoetatik babesteko aterperik, eta euren etxaldeetatik ekarritako janaria baliatzen dute. Saint Maryko apaiz Emmanuel Gbafuren arabera, ez dute segurtasunik, segurtasun indarrak agintarien esanetara daudelako: «Tiro hotsak etengabeak dira inguruan».

Tomburako gatazkak oinaze handia eragin badu ere, ezer gutxi argitaratu dute Hego Sudango komunikabideek. Yakaniren esanetan, giza laguntzarako erakundeek ere ez dute presiorik jaso, eta horregatik ez da laguntzarik heldu eskualdera. Kazetariaren aurrean, telefonoa hartu, eta hainbat enbaxadaroreri deitu die, iheslarien kanpalekuak zaindu ditzaten, haietako asko gaixo baitaude, eta ez baitute baliabiderik. «Iheslariak zenbat diren jakin, eta haien oinarrizko beharrak ase behar ditugu, baina gatazka politikoari irtenbidea aurkitzea ahaztu gabe», azaldu du Yakanik. Hark zuzentzen duen taldeak komunitateak ahalduntzea du helburu, eta bide horixe jorratu nahi dute Tomburan, gatazka etnikoa sor ez dadin: «Jubako agintariekin denbora galdu beharrean, komunitatea indartu behar dugu». Izan ere, horixe du bakeak aurrera egiteko arrakala bakarra.

Irakurri gehiago: Ahalduntzea, gatazkak amaitzeko lehen pausoa.

BERRIAn argitaratua (2021/08/04)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA