bizigiro
Historia gordetzen duten urak
Olatz Esteban Ezkati
Oiartzungo gobadaleku zaharra. ANDONI CANELLADA / FOKU Herriaren bihotzean, Elizalde eskolaren alboan dago Oiartzungo (Gipuzkoa) garbitoki zaharra. Arropa garbitzaileek gobadaleku esaten diotena. Garbitoki publikoa 1895ean eraiki zuten, eta berriturik dago egun. Urteetan emakumeen lantokia izan da gobadalekua, baita erlazionatzeko gunea ere: emakumeak elkartzeko eta sareak ehuntzeko eremu bilakatzen zen. Putzu handira proiektuak itzalpean egon den historia ezagutarazi nahi izan du, eta dagokion balioa eman nahi izan dio. Alaia Gaztelumendi, Onintza Etxebeste eta Idoia Beratarbide artistek gidaturiko egitasmoak garbitokiaren paretak oroimenez eta kolorez jantzi ditu. Herriko emakume batzuekin batera, mosaikoen bitartez irudikatu berri dute garbitokietan egiten zuten lana. Hormetako bakoitzak garbiketa prozesuaren une bat irudikatzen du: arropa garraiatzen, garbiketa lanak egiten eta arropari ura kentzen. Beste horma batek esanahi sinbolikoagoa du: uraren garrantzia nabarmendu nahi izan dute. Irudi guztiek badute ezaugarri bat: taldean ageri dira emakumeak, elkarrekin. Garbitokia izan zen elkargunearen adierazgarri. Hots, kantuan eta berriketan irudikatu nahi izan dituzte, elkarri eusten. Babesgunea ere bazen seinale. Mosaikoaren teknika hautatzea ere ez da ausazkoa izan. Proiektua elkarlanean gauzatzea nahi izan dute, eta parte hartzea ahalbidetzen duen teknika da, Gaztelumendirentzat: «Sendotasuna eta iraupena» bermatzen ditu, era berean. Hilabeteko lanaren ostean, ikusgai daude lanak. Zalduondoko Txaroste garbilekua. JAIZKI FONTANEDA / FOKU Zalduondo (Araba) erditik zeharkatzen duen Egino errepidea hartuta, herriaren ekialdean geratzen da Txaroste garbitokia. Andoin Luzuriaga jauregiaren alboan, Txaroste errotaren eta zubiaren inguruan topatuko du bisitariak, toki lasaian. Ibaiertzean otordu atsegina egiteko parajea ez ezik, herriko historia biziaren gunea ere bada. Arropak esku artean hartu eta latsarrien inguruan elkartzeko gunea izan da Txaroste herriko emakumeentzat. Baliteke antzinako kontu bat izatea, baina izan da herrian mende honetan ere modu tradizionalean garbitzen jarraitu duenik. Rosario Apaolaza Txarito artzain familia bateko kidea izan da Zalduondoko azken latsaria, eta udalak hura omentzeko ekitaldia egin zuen ekainean. Ordutik, latsarriak badu haren oroigarri den plaka bat. Oraindik bizirik dauden beste bost garbitzaile ere omendu zituzten, Apaolazarekin batera. Latsarien lana ezagutzeko toki paregabea da Txaroste. Mertxedeko lixutegia, Amaiurren. IÑigo Uriz / FOKU Euskal Herriko historiaren gertakaririk garrantzitsuenetariko bat oroitzen duen monolitotik hurbil, Amaiurko (Nafarroa) Kale Nagusiaren ondoan, bada herriko historian esanguratsua izan den beste eraikin bat: lixutegia. Mertxedeko parajeetan, mendi arteko gune berdeez inguraturik dago garbitokia. Atseden hartzeko edo hamaiketakoa egiteko mahaietatik paisaje ederra begitandu daiteke. Lixutegi zaharra auzolanean berritu zuten Amaiurko herritarrek, 2005ean, eta urte berean, udalak lixutegian lanean aritu ziren emakumeak oroitu eta haiei aitortza egin nahi izan zien ekitaldi batean. Omenaldi horren lekuko da garbitokian ikus daitekeen plaka, eta bertan jasotzen diren hitzak: «Mertxede iturri xaharreko ur berriak/ lixutegi baten oinarriak belaunaldietan andriak/ belaun gainetan jarriak / hemen ikusten ditu/ Amaiurko herriak». Harrizko hiru lastarri eta bi ur txorrota ditu lixutegiak, garbitokia mendiko urez hornitzen dutenak. Harri sendozko hormek eta egur-adreiluzko estalpeek babesten zituzten garbiketa lanetan aritzen ziren andreak, uda zein negu, baita baldintzarik latzenetan ere. Baztango parajeetan murgiltzeko geldialdi ederra da lixutegia. Sarako Helbarrun auzoko latsagia. Guillaume Fauveau Larhun mendiaren magaletan bizi da Sarako (Lapurdi) herria, eta pareje berdeek inguratzen dituzte bere ingurumariak. Bost auzoetako bat da Helbarrun, iparraldean kokatua, eta bertan aurkitzen da latsagi zaharra, Mendiondoko iturria izenez ere ezaguna. Oinez egiteko kilometro bateko osteratxo atsegina da garbitokiraino. Turismo bulegotik has daiteke ibilbidea, herriaren erdigunetik. Bidearen bestaldean dagoen elizarantz jo, eta bidegurutzean, ezkerreko bidea hartu behar da. Aurrerantz segiz gero, D4 autobidera heltzen da bidea. Hura gurutzatu, eta hilerrian barneratzen den galtzada zaharretik jarraitu behar da. Baserri eta zelai berdeen artean, bideari zuzen jarraituz garbitokiarekin egingo du topo bisitariak, bide bazterrean. Harrizko latsagia ingurune paregabean dago kokaturik, eta bista ikusgarriak daude bertatik. Eraberriturik dagoen eraikinari mendialdeko borda baten itxura ematen diote harrizko horma sendoek. Teilatua du bereizgarrietako bat: Larhun menditik harturiko harrizko harlauza lodiek estaltzen dute. Ibilbidea luzatu nahi duenak, ordu erdi inguruko paseoa egin dezake Suhalmendiko leporaino, Sarako eta Ainhoako (Lapurdi) bailarez gozatzeko. Muskizko Villanueva garbitokia. Monika del Valle / FOKU Muskizko (Bizkaia) herriaren historian presentzia nabarmena izan dute garbitokiek: garai batean, hamalau ere izan ziren. Garbitokiok XIX. mende amaieran eta XX. mende hasieran eraiki zituzten, gehientxoenak ibaiertzean. Asko galdu egin badira ere, bostek zutik diraute oraindik: Pobeña, San Julian, Villanueva, La Rigada eta Kobarongoak. Azken urteetan, haiek eraberritzeko planak jarri ditu martxan udalak, baldintza kaskarretan baitzeuden gehienak. Horietako bat da Villanuevako garbitokia, izen bereko auzoan kokatua, herriaren ekialdean. Garbitokia berriro ere toki erabilgarri bat egiteaz gain, herriko historia berreskuratu eta garbitzaileak omendu zituzten 2017an. Luis Olaso eta Oskar Martin artistek eginiko muralak gordetzen dituzte Villanuevako hormek, eta haiekin herriko emakumeen historia, zuri-beltzean. Garbitoki zaharreko argazkien erreplikak dira muralok, eta haietan ageri dira garai hartako emakumeak arropa zikinak garbitzen eta garbiturikoak garraiatzen. Belauniko ageri diren hainbat emakumeren artean bada aurpegi ezagun bat ere: Dolores Ibarruri Pasionaria politikari komunista, gaztea zela.
Mosaikoz osaturiko oroimena
Azken latsariaren urratsetan
Mendi arteko atseden gunea
Larhun magaleko iturria
Historia, zuri-beltzean