astekaria 2021/08/08
arrowItzuli

kirola

URREZKO BRONTZEA

Jone Bastida Alzuru

URREZKO BRONTZEA

Gimnastika artistikoko atletek atzo ipini zioten azken puntua Tokioko Olinpiar Jokoei, eta irudi hunkigarri batekin agurtu zituzten: Simone Biles gimnasta estatubatuarraren irribarrearekin. Emakumezkoen aparatuetako azken finalean, oreka barrakoan, lehiatzea erabaki zuen Bilesek, eta haren parte hartze hutsa lorpen bat zen. Podiumean amaitzea, zer esanik ez; nahiz eta emaitza gutxienekoa izan. Puntuaziorik altuenetan hirugarrena erdietsi zuen gimnasta estatubatuarrak, eta brontzezko domina kolkoratu: urre zaporeko brontzea. Garaipen handiena, baina, ariketa amaitutakoan marraztutako irribarrea izan zen. «Oso gogorra izan da. Jokoetan lehiatzeko aukera bat gehiago izateak mundua esan nahi zuen niretzat».

Asteon ez da lehiatu Biles. Final guztietarako sailkatzea lortu zuen, baina ez zuen horietan parte hartu, osasun arazoak tarteko. Aurrena, taldekako lehiaketatik erretiratu zen, finala hasi berritan. «Nire osasun mentalean zentratu behar dut. Gure burua eta gorputza babestu behar ditugu, eta ez dugu soilik munduak nahi duena egin behar», adierazi zuen 24 urteko gimnasta estatubatuarrak. Geroago, esan zuen bere burua eta gorputza ez zeudela «sinkronizatuta». Atzo, baina, oreka barran aritzeko moduan sentitu zen: «Niregatik egin nahi nuen, eta horixe egin dut». Azaldu zuen azken bost urteak «oso luzeak» izan direla. Bilesen kasuak mahai gainean jarri du buru osasunaren gaia. «Ez gara entretenimendu hutsa; gizakiak gara», azpimarratu zuen atzo AEBetako gimnastak.

Tokion lortutako bi dominekin -AEBek zilarra eskuratu zuten taldekakoan-, zazpi irabazi ditu guztira Bilesek Olinpiar Jokoetan. Azkenekoetan, Rion, urrezko lau domina eta brontzezko bat kolkoratu zituen. Gimnastika artistikoaren azken urteotako izar nagusia da estatubatuarra.

Atzo, bi txinatarrekin batera izan zen podiumean: 16 urteko Chenchen Guanek eskuratu zuen urrezko domina, 14,633 puntu pilatuta, eta haren herrikide Xijing Tang izan zen bigarren. Final horrekin itxi zuten lehiaketa.

Alabaina, aurtengo Jokoetan badago goraipatu beharreko beste emakumezko gimnasta bat: Rebeca Andrade brasildarra. Banakakoa irabazteko faboritoa zen, baina azken ariketan egindako pare bat akatsen ondorioz eskapatu zitzaion urrea. Bigarren amaitu zuen, Sunisa Lee estatubatuarraren atzetik. Arrastoa utzi zuen historian, ordea: Brasilgo lehen domina olinpikoa lortu zuen emakumezkoen gimnastikan.

Hiru egun geroago jo zuen goia, jauzi zaldian irabazita: 15,083 puntu pilatu zituen. Fin aritu da brasildarra Tokioko Olinpiar Jokoetan.

Ezin alboratu Lee gimnasta estatubatuarraren parte hartzea ere. Hiru domina lortu ditu: urrezkoa banakakoan, zilarrezkoa taldekakoan eta brontzezkoa barra asimetrikoetan.

Hashimoto nagusi

Gizonezkoetan, Daiki Hashimoto nabarmendu behar da. Japoniako gimnastak balentria egin du Tokion. Banakako finala irabazi zuen, eta gizonezkoetan gimnastikako inoizko txapeldunik gazteena bilakatu da; laster 20 urte beteko ditu, abuztuaren 7an. Barra finkoko azken ariketan lortu zuen urrezko domina ziurtatzea; 88,465 puntu batu zituen guztira. Eta, hain justu, atzo, barra finkoko finalean ere hura nagusitu zen: bigarren urrea eskuratu zuen. Horrez gainera, zilarrezko domina lortu zuen taldekakoan.

Hasieran, Kohei Uchimura 32 urteko gimnastarengan zegoen jarrita arreta guztia, baina kale egin zuen. Azken urteotako ikurra eta izarra izan da Uchimura, eta podiumaren gorenean esan nahi zien agur Olinpiar Jokoei. Lesioak tarteko, barra finkoan soilik hartu zuen parte, baina eroriko bat izan zuen, eta ez zen sailkatu finalerako ere. Hura zen banakakoan azken bi Jokoetako garaile; Tokion, Hashimotok hartu dio lekukoa.

Azkenik, hor dago Errusiak taldekakoan lortutakoa ere. Haiek irabazi dute bai emakumezkoetan, bai gizonezkoetan. Gizonezkoek mende laurden bat zeramaten podiumeko koska gorenera igo gabe; 25 urteren ostean lortu dute atzera irabaztea. Emakumezkoetan, berriz, Jokoen historian aurrenekoz irabazi du Errusiak urrezko domina.

BERRIAn argitaratua (2021/08/03)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA