kultura
Baserrian ereindako rock-and-rolla
Mikel Lizarralde
O.K. Korral Zarautzen (Gipuzkoa) sortu zuten, 1985. urte aldera, Olanguak, Iturainek, Dani Ulaziak (gitarra) eta Goikok (baxua), baina aurretik Humedecidos taldean aritutakoak ziren lehenengo hirurak. Gerora jorratuko zituzten doinuekin alderatuta, Humedecidosen proposamena garai hartako after-punkera lerratzen zen gehienbat, eta euskarazko kantu bakan batzuk kenduta, gaztelaniazkoa zen haren kantutegia. Taldeak maketa bat grabatu zuen, eta Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) Autodromo aretoan Eddie and The Hot Rods Ingalaterrako taldearekin jotzeko aukera ere izan zuen. «84ko udan, Humedecidos deseginez joan zen. Batetik, baxu jolea soldadutzara joan zen, eta, bestetik, gelditu ginenok ez genekien nondik jo», azaldu zioten taldekideek, 1987an, Muskaria aldizkariari. «Lau hilabetez kantuak egin genituen, eta baita hainbat bertsio prestatu ere, eta O.K. Korral izendatu genuena perfilatuz joan zen».
Hasieratik erronka izan zuten euskaraz abestea, nahiz eta inguruan «nahiko hila» ikusten zuten hizkuntza: «Guk ere ez dugu behar beste erabiltzen, eskolan eta kalean gaztelania inposatu digutelako txikitatik. Baina O.K. Korralekin hasi ginenean geure burua behartu genuen euskaraz abestera. Gainera, rock-and-rollera oso ondo egokitzen den hizkuntza da».
Egokitzapen garai bat igarota eta taldean aldaketa bat eginda -Iñaki Brakamontek Goiko ordezkatu zuen baxuan-, O.K. Korralek 1986an argitaratu zuen, Elkarren bitartez, taldearen izen bereko lehenengo diskoa, rock-and-rolla, rockabillya, countrya, psychobillya eta beste esentzia yanki batzuk biltzen zituen lana. Diskoak agerian uzten zituen, gainera, taldekideen zaletasunak, hainbat bertsioren bitartez: Komantxe (Link Wray), Tren bakartia (Milton Subotski eta Glenn Moore), Paradisua (Wilko Johnson), Tximu gorri (Chuck Berry), Bule bule (Sam The Sham)... «Rock-and-rolla betidanik gustatu izan zaigu. Ez ginen jaio tupea jarrita genuela, eta ez ziguten txupetea Bourbonen bustitzen, baina poliki-poliki joan gara hor sartzen», zioen Ulaziak diskoa atera berritan.
Kantuen hitzek, berriz, rock-and-roll zaharraren eskemei jarraitzen zieten: hitz gutxikoak eta mezu sakonik gabekoak ziren, dibertitzea baitzuten helburu nagusi. Era berean, AEBetako countryarekiko loturak agerian utzita, baserri, sagardotegi eta ukuiluetan zeuden girotuak zenbait kantu, horien artean arrakastatsuenak izan zirenak, Mendi gainean eta, batik bat, Baserriko neskatilak. Aho soinu batek gidatua, eta country-hilbilly erritmo markatu batek ezaugarritua, Baserriko neskatilak dantzarako gonbidapen agerikoa bilakatu zen berehala taldearen kontzertuetan.
Izan ere, garai hartan zuzenean ematen zuen bere onena O.K. Korralek, eta oholtza gainean Olanguarengana bideratzen ziren begirada guztiak. Izotz Barriok, Usua Garinek eta Andrea Lopetegik zuzendutako Lou, dantzan jo ta ke, oinak lehertu nahian dokumentalean (2018) hori ekartzen dute gogora O.K. Korral zuzenean ikusi zuten guztiek, besteak beste, Iñigo Muguruzak, Garbiñe Ubedak, Mikel Kazalisek, Reyes Toriok eta Mikel Insaustik. Agertokirako jaioa zela, pasioarekin eta konplexurik gabe aritzen zela beti. Indarrez eta egiten zuen horretan erabat sinetsita.
Diskoa kaleratu eta gutxira, Iturainek taldea utzi eta Alberto Inzak ordezkatu zuen, eta geroago Fermin Iraola sartu zen taldean Brakamonteren ordez. Formazio berri horrek grabatu zuen taldearen bigarren diskoa, Beti gogor beti mozkor, taldearen soinuan sakondu eta, aurrekoak bezala, hainbat bertsio jasotzen zituena: Rumble (Link Wray), Jo Mari, jo (The Stranglers) eta Txanogorritxu (Ronald Blackwell). Lan berri horretan ugaritu egin ziren zinemaren erreferentziak letretan, alkoholari, sexuari eta rock-and-rollari lotutako aipamenak desagertu gabe.
Handik gutxira, aurkezpen kontzerturik apenas eman gabe, taldea desegin zuten, eta taldekideak beste proiektu batzuetan hasi ziren. Ulaziak, Iraolak, Alberto Lizasok eta Inzak Labanak sortu zuten; geroago, Iraola Kiowak eta Noise Hole taldeetan aritu zen, Ulazia The Coversen, eta Olanguak, The Lusty Men taldearekin kolaboratzeaz gain, The Lagartas sortu zuen.
2005eko maiatzaren 20an berriro elkartu zen O.K. Korral, Zarauzko Arraio irratiaren alde kontzertu bat emateko. Taldearen azken agerpena izan zen. Iraola hil egin zen 2010ean. Olanguak 2013an jarraitu zion.