astekaria 2021/08/08
arrowItzuli

kirola

ANA JUNYENT

«Euskal Herrian ez da arrotza emakume bat entrenatzaile moduan ikustea»

Zuriñe Iglesias Sarasola

«Euskal Herrian ez da arrotza emakume bat entrenatzaile moduan ikustea»

Ana Junyent (Bartzelona, Herrialde Katalanak, 1974) Bartzelonako jokalari ohia izandako da, eta Seagull taldean egon zen joan den sasoian, Bigarren Mailan. Eibarrekin harremanetan jarri zenean, bizpahiru egunen buruan «egina» zegoen dena. Entrenatzaile moduan aurrenekoz ariko da Espainiako Lehen Mailan, baina jokalari moduan aritutakoa da, eta hori «abantaila bat» dela dio.

Joan diren aste hauek mugituak izango ziren zuretzat.

Mugituak izan direla esatea gutxi da: oso mugituak izan dira. Hogei egun baino gehiago daramatzagu han-hemenka, baina gogoko tokian aldaparik ez. Pozik gaude, eta ilusioz. Ez gara konturatzen zer gertatzen ari den; dena oso azkarra izaten ari da. Eta bi hilabetez Eibarren egon garen sentsazioa dugu. Finkatuta oraindik ez; gauza asko daude-eta egiteko

Noiz iritsi zitzaizun Eibarren deia?

Iker Dorronsorok Eibarren jarraituko ez zuelako berri izan nuenean, klubarekin lehenengo hartu-emana eduki nuen. Jordi Torresek [kirol zuzendariak] dei egin zidan, eta, bizpahiru egun geroago, Eibarrera etorri ginen bilera bat egitera. Hortik aurrera, beste hainbat bilera egin genituen, eta, bizpahiru egunen buruan, egina zegoen. Alde horretatik, nahiko azkar hitzartu genuen dena.

Pozik zaude klubak zuregan jarritako konfiantzarekin?

Bai, oso pozik gaude, eta eskertuta. Azken finean, proiektu polita da, eta klubean dagoen jendeak zu aintzat hartzeak eta zu ekartzeko ilusioa izateak asebete egiten zaitu.

Sasoi baterako sinatu duzu.

Normala da; klubak ez nau ezagutzen, ezta nik haiek ere. Emakumezkoen futbolean epe laburreko kontratuak dira ohikoenak, eta gehiago hasieran bada.

Gero eta emakume gehiago daude talde teknikoetan: zurean, bostetik hiru emakumeak zarete.

Ahalegintzen naiz ahalik eta emakume gehien sartzen talde teknikoan. Diskriminazio positiboa nik sustatzen dudan zerbait da. Betiere, formakuntza ona badute, eta onak badira beren lanean. Gustatzen zait emakumeei aukerak ematea.

Espainiako Lehen Mailan, aurrenekoz egongo zarete sei emakumezko aulkietan; horietatik hiru, euskal taldeetan.

Horrek asko esaten du Euskal Herriko futbolaz. Jokalaria nintzenean ere gogoratzen dut Euskal Herriko futbola indartsua eta tradizio handikoa zela. Euskal Herrian ez da arrotza emakume bat entrenatzaile moduan ikustea. Euskal Herrian ikuspegi zabalagoa eta irekiagoa duzue, eta bizitzeko modu horrek egiten du posible hori.

Lehenengo Mailan estreinakoz ariko zara. Jokalari moduan, aldiz, aritutakoa zara. Hori abantaila bat da?

Gorengo mailan jokatzeak abantaila ugari ematen dizkizu; besteak beste, talde bat kudeatzeko garaian. Azken finean, jokalari moduan zerbait bizitzean, eta gero talde bat gidatzen duzunean, badakizu zer pentsatzen duten, zer sentitzen duten, zer gertatzen den, zer ez den gertatzen... Hori guztia zure alde dago.

Maila ezagutzen duzu?

Bai, maila jarraitzen dut, eta badakit Eibarrentzat ez dela lan erraza izango: zailtasunak ditu, herri txiki bat delako, aurrekontua estua duelako... Baina klubak erraztasunak eta baliabideak jartzen dizkigu, eta laguntza handia jaso dugu. Hala ere, gurea ezin dugu alderatu beste taldeen aurrekontuekin; aldea handia da.

Zein izango da helburua?

Helburua mailari eustea da, eta uste dut beteko dugula hori. Aurrekontua estua da, eta horrek zertxobait baldintzatzen du. Baina sasoi ona egingo dugula uste dut.

Hainbat jokalari joan dira taldetik, eta bereziki Thembi Kgatlanaren falta sumatuko duzue.

Bai, garrantzi handia izan duen jokalari bat izan da Thembi [Kgatlana], eta haren hutsunea sumatuko dugu. Hala ere, aurrelari bat edo bi ekartzeko asmoa daukagu, eta horretan ari da kirol zuzendaritza. Espero dugu fitxaketetan asmatzea, eta Thembik eman duena edo gehiago ematea. Baikorrak izan behar dugu, eta pentsatu behar dugu etorriko direnak onak izango direla, eta Thembiren hutsunea ez dugula nabarituko. Hala ere, jakina da Thembi eta etorriko dena edo direnak egotea nahiko genukeela, baina horrelako jokalarien bila talde indartsuak etortzen dira, eta, konturatu orduko, fitxatu egiten dituzte.

Aurrelari horiez gain, beste jokalariren bat etorriko da?

Oraingoz, ditugun jokalariak sakonago ezagutzen ari gara. Egia da lehendik ezagutzen genituela, baina ez da gauza bera lehiatzen edo entrenatzen ikustea. Zuk jokalari bat entrenatzen duzunean, jokalari horrek beste ñabardura batzuk dituen edo ez antzematen duzu, eta ea beste postu batean jokatzeko gai izango den ala ez. Gaur-gaurkoz, Kirol Zuzendaritzak aurrelari bat edo bi bilatzean jarrita dauka arreta, eta gero, ikusiko dugu. Horretarako denbora eskatu diot Jordi Torrasi.

Amaia Peña, Alejandra Bernabe eta Elba Verges fitxatu dituzue.

Bai. Amaia jokalari gaztea da, eta etorkizun oparoa du. Athleticetik dator, eta mailako talde indartsuenetako bat da. Atezainen artean lehiakortasuna eragingo du, Noelia [Garcia] eta Malenarekin [Mieres] batera. Gero, Elbak [Verges] urte asko daramatza Lehenengo Mailan jokatzen. Espanyoletik dator, eta badaki zer den gorengo mailan lehiatzea. Nahiz eta gaztea izan, beteranoa da. Gainera, atzetik baloia ondo ateratzen daki, eta ondo hartzen die aurrea aurkarien mugimenduei. Bernabe, berriz, kalitate handiko atzelaria da; ezker ona du, azkarra da, eta erraz gainditzen ditu aurkariak. Horrez gain, Atletico Madriletik dator, eta ligako jokalari onenekin lehiatu da. Taldera etorri diren hirurak onak dira; eta etorriko direnez gain, talde batua ikusi dut, eta orekatua.

Aurkezpenean hau esan zenuen: «Klubaren identitatea galdu gabe, nik emandako ñabardurak izango ditu taldeak». Zein dira ñabardura horiek?

Katalunian gehiago lantzen da baloia izatea, eta hori pixka bat aldatu nahi dugu. Hemen zuzenago jokatzen da, aurrean estutzen dituzte aurkariak, eta kontraeraso azkarrak egiten dituzte. Hortaz, baloia izatea eta kontraeraso azkarrak egitea uztartzen saiatuko gara; talde moldakorra izango gara, eta uste dut aberasgarria izan daitekeela bi estiloak uztartzea. Horrela, aurkariek ez dute jakingo atzean geratuko garen baloi luze baten bitartez kontraeraso azkar bat egiteko, edo atzetik jokaldia lantzen hasiko garen.

Aste bat daramazu entrenatzen: zer itxura hartu diozu taldeari?

Tankera ona hartu diot taldeari. Denak gogotsu daude; nesken aldez aurretiko jarrera ona da, ikasteko gogo handiz datoz, eta taldeari laguntzeko prest daude. Talde teknikoa guztiz aldatu den arren, lan ona egiten ari dira. Oraingoz, sentsazioak oso onak dira, baina lehendabiziko egunetan beti kostatzen da gehiago. Gainera, ikusten duzunean entrenamenduko dinamika ona dela, ilusioa handituz joaten zaizu. Izan ere, jada bigarren entrenamendua lehena baino hobea bada, hilabete barru are hobeagoa izango da.

Lagunarteko neurketek ere balioko dute martxa hartzen joateko.

Lehenengo lagunartekoek jokalariak nola moldatzen diren ikusteko balioko dute, eta ez hainbeste nola jokatuko dugun probatzeko. Geroago izango dugu tartea alor taktikoa eta jokatzeko estiloa lantzeko. Noraino irits gaitezkeen erreparatzeko balioko digu lehen lagunartekoak.

Ligako lehenengo jardunaldian etxean hartuko duzue Sevilla.

Egutegiaren berri izan genuenean, egutegi ona genuela pentsatu genuen. Lehenengo lehia etxean izatea nahi genuen, eta hala egokitu zaigu. Sevilla aurkari indartsua da; urteak daramatza multzo berarekin, eta ez da talde erraza garaipena lortzeko. Baina gu talde zaila izango gara.

Derbiak goiz datoz; lehena, 3. jardunaldian, Athleticen aurka.

Derbirako gogoa dut, eta are gehiago Iraia Iturregiren aurka aritzeko. Izan ere, joan den sasoian Athletic B-ren aurka lehiatu nintzen harekin, Seagulleko entrenatzailea nintzela, eta, sei hilabeteren ostean, berriro ere ikusiko dugu elkar. Niretzat lehendabiziko euskal derbia izango da.

BERRIAn argitaratua (2021/08/02)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA