astekaria 2016/03/11
arrowItzuli

gizartea

Aroztegiko planak «eragin larria eta kritikoa» luke euskarari dagokionez

Garikoitz Goikoetxea

Aroztegiko planak «eragin larria eta kritikoa» luke euskarari dagokionez

Ingurumenarekin lotutako argudioak, arrazoibide juridikoak eta herritarrei hitza emateari buruzkoak, horrelakoak jarri dituzte mahai gainean Lekarozen (Baztan, Nafarroa) egin nahi duten hirigintza proiektuaren kontra. Nafarroako Gobernua ari da gaia aztertzen -ez dago adostasunik lau alderdien artean-. Aroztegiko planak eragin handia izango du euskarari dagokionez: «larria eta kritikoa», BERRIAk eskuratu duen txosten baten arabera. Baztango Udaleko teknikariek egin dute ikerketa, eta ohartarazi dute euskaraz ez dakitenen portzentajea igotzea litekeena dela -arnasgunea da Baztan: euskaldunak dira lautik hiru-. Hori ikusita, adituek proposatu dute batzorde bat eratzea proiektua gauzatuko balitz «neurri zuzentzaileak» hartzeko.

Berriak dira gisa horretako azterketak. Gipuzkoako Aldundiak, Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak eta Kontseiluak sortu zuten ELE eragin linguistikoaren ebaluazioa orain bi urte. Asmoa da aztertzea zer eragin duten hirigintza proiektuek-eta hizkuntzaren aldetik, prebentzio gisa; alegia, plan horiek ingurumenean duten eragina aurretik aintzat hartzen duten bezala, gauza bera egitea hizkuntzarekin.

Aroztegiko proiektua eztabaida handia sortzen ari da, eta zatiketa ere eragin du Nafarroako Gobernuari eusten dioten alderdien artean -izatez, akordio programatikoan adostu gabe geratu zen gai hori-; Baztango Udalean, gehiengoa dute proiektuaren aldeko alderdiek -Geroa Bai, UPN eta Baztan Auzolanean-, nahiz eta alkatetza EH Bilduk duen -harekin batera, Ezkerra ere kontra dago-.

Hirigintza eta demografia aldetik, munta handiko proiektua da Aroztegikoa. Horregatik erabaki zuen Baztango Udalak eragin linguistikoa ebaluatzea, proiektuak «udalerrian lekarkeen hizkuntza eraginaz kezkaturik».

Jaitsiera zantzuak

Beste arnasgune batzuetan gertatzen ari den gisan, Baztanen ere jaitsiera ageri da adierazle soziolinguistikoetan. Elebidunen portzentajea ez da hainbeste gutxitu -%75,5 dira euskaldunak; orain hamar urte, %76,2-, baina bai euskara lehen hizkuntza dutenena -%71etik %61era jaitsi da- eta etxeko erabilera -%57tik %46ra-.

Egoera horretan iritsi da Aroztegiko egitasmoa. Jende multzoari dagokio lehen ondorioa: nabarmen handituko da biztanle kopurua. Hotelaz gain, 228 etxebizitza egiteko asmoa dute; batez beste bakoitzean hiru lagun biziko direla joz gero, 684 lagun dira -Lekarozen 341 lagun bizi dira; Aroztegian, bikoitza izan liteke kopurua-. Baztan osoa hartuz gero, %9 biztanle gehiago izango lirateke.

Adituen ustez, Aroztegira joandako gehienak ez lirateke bertakoak. «Baztangoak eta inguruko eskualdeetakoak etortzea ez da ikusten aukeren artean. Baztanen bertan dagoeneko 800 etxebizitza huts daude, eta Baztango bizimoduan txertatzera datorrenak errazago erosiko du herriguneetan dagoen etxebizitzaren bat».

Beste jende tipo bat espero dute Aroztegian: beste leku batzuetatik heldutako familiak, «deskantsua eta aisialdia» nahi dutenak. Zehazki nondik iritsitako biztanleak diren ez dakite, enpresak ez baitu adierazi helburutzat nongo herritarrak hartu dituen, baina ziurtzat jo dute ingurune erdaldunagoetakoak izango direla. Euskarari dagokionez, horrek eragin handia izango du Baztanen.

Turistak batu behar zaizkie biztanle berriei -135 logelako hotel bat dago planean, lau izarrekoa-; gehienak erdaldunak izango direla diote. «Argi ikusten da, biztanle izan zein ez, orain arteko hizkuntzaren egoerari nabarmen eragingo diola esku hartze horrek».

Eraginik handiena Baztango bi herritan izango dela esan dute. Batetik, Lekarozen, «proiektua bertako auzune batean eraikiko delako». Bestetik, Elizondon, «bizitegi berriak zerbitzuz horniturik egonen ez direnez, bisitari nahiz biztanleek ondoko herri nagusira joko dutelako hainbat eginkizun egitera: erosketak direla, osasun zerbitzuak direla...».

Jardun ekonomikoa, nola?

Helduleku nagusietako bat hori dute proiektuaren sustatzaileek: jardun ekonomikoa ugaritu egingo dela Baztanen. Baina zein hizkuntzatan? Horri buruzko kezka ere badago ebaluazioan: «Proiektuak bisitariak eta biztanleak erakarriko ditu, horietako gehienak erdaldunak izanen dira, eta litekeena da horrek eragina izatea udalerriko dendetan eta ostalaritza establezimenduetan batik bat». Alegia, dendak eta tabernak «bezeria erdaldunaren etorrera handiari egokitzeko» prestatuko lituzketela. Erdaldunduta, alegia.

Alde ekonomikoari dagokionez, adierazi dute onurak izango direla: bai enpleguaren aldetik  -Nafarroako Gobernuaren arabera, eraikuntzan 50 postu sortuko dira, eta azpiegituren funtzionamenduan, 52-. Gainera, espero dute «erosteko ahalmen handia» dutenak joango direla Aroztegira. Diruari dagokion eragin txar baten inguruan ere ohartarazi dute, hala ere: etxeen prezioa igotzeko arriskua sumatzen dute.

A eredua indartzea

Hezkuntza da beste aztergai bat: Aroztegiko biztanle berriek haurrak Baztanen eskolatzeak zer eragin izango lukeen. Elizondoko eta Iruritako ikastetxeetan nabarituko litzateke batez ere, adituen esanetan. Gazteen artean erabat nagusi da euskara Baztanen: 5-14 urte artean, %93 dira elebidunak; %3k ez dute ulertzen euskaraz. Familia erdaldun asko heltzearekin alda liteke hori. «Elizondoko eskolan iraungitzeko bidean dagoen A eredua berrindartzea litekeena da». 2013-2014ko ikasturteko datuen arabera, Haur eta Lehen Hezkuntzan 272 ume ari ziren Elizondon ikastetxean; 235 D ereduan eta 37 A ereduan. DBHn eta Batxilergoan, Lekarozen dute institutu publikoa, eta han ere D eredua da nagusi -385 ikasle ziren 2013-2014an; A ereduan, 41-.

Familien tipologiaren arabera, eragina handiagoa edo txikiagoa izango da, beraz. Bizileku nagusia Aroztegian badute eta haurrak Baztanen eskolatzen badituzte, sumatuko da. «Ikasle erdaldunen kopurua eta euskaldunen eta erdaldunen artean dagoen harremana aldatzea litekeena da». Kaleko egoeran ere badu eragina familien tipologiak, bizimodua herrian bertan egingo duten edo ez. «Gizarte bizitzan sartu ahala, kanpotik etorritako familia horiek elkarteetan ere hartuko dute parte, eta litekeena da horietako hizkuntza erabileran eragina izatea».

Aroztegiko proiektua udalerriz gaindiko eragina duen plan gisara hartua dute, eta, hortaz, Nafarroako Gobernuaren esku dago hari buruzko erabakiak hartzea. Udalak zer egin, adituek aholku eman dute diziplina arteko batzorde bat eratu beharko lukeela, «balizko eragin horien aitzinean har litezkeen neurri zuzentzaileak udalari proposatzeko». Aurrerantzean hirigintza proiektuek-eta euskararen egoeran izan dezaketen eragina neurtzea ere proposatu dute.

Gobernuak aurrera jarraitzen du planaren tramitazioarekin; Geroa Baik «babes osoa» agertu zion planari joan den astean, parlamentuan -UPN, PSN eta PP ere ados daude-. Aurkako plataformak herri galdeketa egiteko eskatu du, eta babestu egin dute EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak.

BERRIAn argitaratua (2016/03/07)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA