astekaria 2021/08/08
arrowItzuli

gizartea

Jakinarazi dute eutanasia bat egin dela lehen aldiz Euskal Herrian

Maria Ortega Zubiate

Jakinarazi dute eutanasia bat egin dela lehen aldiz Euskal Herrian

Osakidetzak egindako lehen eutanasia kasuaren berri eman du DHE Duintasunez Hiltzeko Eskubidearen Elkarteak, eta esan du Euskal Herrian egindako lehena izan dela; areago, zehaztu du Espainiako Kongresuak eutanasia legea onetsi zuenetik izandako lehenbiziko kasua dela. Elkarteak emandako informazioaren arabera, 86 urteko emakume bat izan da osasun profesionalen laguntzaz hil den pazientea. Gehitu du beste bi lagunek ere abiatu dituztela eutanasia eskeak Osakidetzan. Dena den, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ez du deus ere esan: zehaztu du ez duela prozesuei buruzko informaziorik emango.

Ekainaren 25ean sartu zen indarrean eutanasia herritarren esku dagoen osasun zerbitzu bat bihurtu duen legea Hego Euskal Herrian, eta hilabete pasatxoren buruan heldu da lehen kasua. Eutanasiarako eskubidea Hego Euskal Herrian baino ez dago aitortuta, Ipar Euskal Herrian legez kanpokoa baita oraindik ere.

Hegoaldean indarrean dagoen legeak, Espainiako Kongresuak onartutakoak, atariko testuan jasotzen duenez, «era informatuan, argian, eta denboran errepikatuan egindako» eskaerak baino ezingo dira prozesatu. Horrez gain, «pairamendu» egoeran egotea ezinbestekoa izango da prozesua abiatu ahal izateko: eutanasia egin ahalko zaio «pertsona horrek ezin onartuzkotzat duen eritasun edo pairamendu sendaezin bat nozitzen duelako, ezin izan dena baretu beste bide batzuen bidez».

Legeak berak eskatzen dituen baldintzak direla eta, eutanasia gauzatu ahal izateko, 40 egun inguruko prozesu bat pasatu beharko du pazienteak; zeinetan bere nahia argi azaltzen duen eta eta osasun profesionalek berresten duten pairamendu egoeran dagoela. Horregatik, eskubidea egikaritzeko pasatu beharreko galbaheak ugariak dira: pazienteak bere medikuari eskaera egin beharko dio, eta hamabost egunean eskaera berretsi. Baina mediku horrez gain, beste mediku batek eta berme eta ebaluazio batzorde batek ere aztertu beharko dute haren kasua, «baldintzak betetzen direla ziurtatzeko».

Legeak berak eskatzen dituen baldintza guztiengatik «berme juridiko nahikoa» eskaintzen duela iritzi diote zuzenbideko zenbait adituk. Baina kritikarik izan du, legea onartu zenetik indarrean sartu arte hiru hilabete besterik ez zirelako pasatu. Tarte hori laburregia den iritzia azaldu dute hainbat eragilek, ez baita astirik egon eskariei erantzuteko protokoloak ondo txertatzeko, eta osasun profesionalei behar adinako trebakuntza emateko.

BERRIAn argitaratua (2021/08/02)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA