ekonomia
Batzuentzat hotz, besteentzat bero
June Romatet Ibarguren
Frantziarrak ez, euskal herritarrak dira Acedoko kanpinaren (Nafarroa) bezero nagusiak. Ireki zutenetik beteta egon da. Kanpineko zuzendariak, Eugenio Tardientak, azaldu du konfinamenduaren ondoren bezero askok kanpinetara jo dutela, «aire freskoa nahi baitute, eta naturatik gertu egon», eta horrek guztiak kanpinen alde egin duela. Tardientarentzat ona izan dena txarra izan da Alvaro Diaz Munio Destino Bilbao hotel elkarteko lehendakariarentzat. Hark ere nabarmendu du kanpinetara jo dutela herritar askok, eta bezeroak asko urritu zaizkiela hoteletan.
INEren 2019ko ekaineko datuak aurtengoekin alderatuz gero, beherakada handia egon da hoteletako bezero kopuruan: 2019an, 395.000 bezero eduki zituzten Hego Euskal Herriko hotelek, eta, iaz 60.000ra jaitsi ondoren, aurten 222.000ra iritsi dira. Landetxeen kasuan, 2019ko 29.800 bezeroen %30 eduki zituzten 2020an, eta %64 aurten. Egoera horren harira, kanpinek berreskuratu dituzte bezero gehien: duela bi urteko 54.100 pertsonaren %42 izan zuten iaz, eta %75 aurten.
NATURA ETA AIRE GARBI BILA
Datuek diotena baieztatu du Acedoko kanpineko nagusiak: «Maiatzean ireki genuenetik, jende asko dugu hemen». Bungalow, partzela eta apartamentuak beteta izan dituzte. «Astean zehar lasaiago bagaude ere, asteburuetan dena betea izaten dugu; ostiral eta larunbatak izugarriak dira». Cedric Txasko Chibau Berria Donibane Lohizuneko (Lapurdi) kanpineko nagusiak ere Tardientarekin bat egin du: «Azken bi urteak zailak izan badira ere, aurten kanpina betea izan dugu uztail osoan».
Uda okerragoa pasatzen ari direla esan du, aldiz, Zarauzko kanpineko zuzendariak (Gipuzkoa), Irati Sesmak. «Hemen, normalean, europar asko izaten ditugu, eta, aurten, penintsulako jendea bakarrik dugu». Horregatik, ez dute dena betetzea lortzen. Gainera, kanpinean edukiera mugaturik ez badute ere, aldaketa batzuk egin behar izan dituzte gune komunetan distantziak mantentzeko eta kutsadurarik ez egoteko: «Gela zuri bat prestatu dugu, ohe eta komun eta guzti, positiborik balego bertan sartzeko, eta dutxetan kartel batzuk jarri ditugu, erabili ondoren desinfektatu egin behar direla abisatzeko».
Acedoko kanpinean ere moldaketak egin dituzte. Igerilekuan, edukiera muga jarri behar izan dute, eta maskara jartzea bete beharrezko araua da. «Hala ere, mugek ez dute jendea atzera bota, eta, zenbait erreserba bertan behera geratzen bazaizkigu ere , segituan okupatzen dira berriro», dio Tardientak. Zarauzko kanpinean ere joan den hilabetean atzera egin dute bezero batzuek. Gauzek hobera egitea espero du Sesmak: «Abuztuan beteago izaten dugu kanpina, eta, eguraldia hobea izanez gero, hurrengo hila agian hobea izango da».
Donibane Lohizuneko kanpinean ere, erreserba batzuk bertan behera geratu zaizkien arren, zuzendariak esan du ez dutela halakorik izan COVID 19agatik. «Beldurra izan genuen, aldaketak egin behar baikenituen neurriak betetzeko, baina jendeak ondo erantzun du, eta orain beteta dugu kanpina». Azaldu du garbiketan egin dutela esfortzurik handiena, eta garbiketa hori mantentzen laguntzeko eskatu dietela bezeroei; bisitariek ondo erantzun dute. Txaskok azaldu du hurrengo asteetan ere kanpina beteta izango dutela, ia dena erreserbatua baitute.
Acedon, abuzturako aurreikuspen ona egiten dute: %80-90eko okupazioa espero dute. Tardienta zuzendariak argi du azken hilabeteen ondoren jendeak nahiago duela naturatik gertu egon, eta zera aitortu du: «Espero dut egoera honetatik ateratzen garenean orain kanpinetara lehen aldiz datorren jendea etorriko dela aurrerantzean ere, eta okupazio bera izango dugula».
EDUKIERA MUGEN MENPE
Landetxeek eta landa apartamentuek ez dute izan kanpinen igoera handirik, familia ezberdinak eta lagun kuadrilla handiak ezin elkartzeak zailtasun handiak ekarri baitizkiete. Nafarroako Landetxeen Federazioko lehendakari Maria Angeles Ezkerrek honako hau azaldu du: «Landetxe asko handiak direnez, normalean familia batek baino gehiagok alokatzen dituzte, baina, konfinamenduaren ondoren ezin denez, turismo mota hau jaitsi da».
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako egoera Nafarroakoaren antzekoa dela berretsi du Idoia Ezkurdia Nekaturreko kudeatzaileak. Edukiera mugek egin diete min handien. «Hogeirentzako etxe indibidual batean lauko taldeak bakarrik elkartu bazitezkeen, ezin zuten ordaindu; beraz, ez zituzten alokatzen». Mugen eraginez, Nekaturreko datuen arabera, 2020ko fakturazioa %80 jaitsi zitzaien. Orain, berriz, edukiera mugak eremu komunetan bakarrik dituztenez, datuak gorantz doazkie berriro.
Landa ostalaritzan, beste hainbat eremutan bezala, aldaketak egin behar izan dituzte etxeetan eta apartamentuetan. Ezkurdia eta Ezker bat datoz garbiketarako erabiltzen dituzten produktuetan egin dutela aldaketarik handiena. Birusen aurkako garbiketa produktuak erabili behar dituzte, eta, gainera, dekorazioa eta beharrezkoak ez ziren altzariak kendu dituzte leku gehiago izateko eta distantziak mantentzeko. Horrez gain, digitalizazioa sartu dela ere aitortu du Nekaturreko kudeatzaileak: «Ordainketak, giltza ematea eta erregistratzea, aurrez egin beharrean, modu digitalean egiten hasi gara, kontaktua ekiditeko».
Bosgarren olatuaren eragina sumatu dutela azaldu dute bi elkarteek; batez ere, azken orduko erreserben erritmoa jaitsi dela aipatu dute. «Noizean behin, erreserbak bertan behera geratzen dira, positiboak direla eta, edo kontaktuak izateagatik, baina beti azken orduko erreserba asko izaten ditugu, eta, azken hamabost egunetan, horien falta nabari da», esan du Ezkerrek.
Olatuak olatu, Ezkurdiak datu onak iragarri ditu. «Duela bi urteko datuetara iristea espero dugu, nahiko gertu gabiltza, eta, txertaketak aurreratuta egonda, uste dugu bezero kopurua gorantz joango dela».
OKUPAZIO TXIKIA
Ez du aurreikuspen onik egin Alvaro Diaz Muniok, Destino Bilbaoko lehendakariak. «Uztailean %40ko okupazioa izan dugu, eta abuzturako ere horrelako datuak izatea espero dugu». Gainera, horri gehitu dio gelak merkatu egin behar izan dituztela: « %50 inguru jaitsi behar izan ditugu prezioak, eta, hala ere, ez dugu lortu hotel erdia baino gehiago betetzea».
Nahiz eta gela guztiak sal ditzaketen, gune komunetan gehienez %35eko edukiera dute, eta horrek buruhausteak ekarri dizkie; batez ere, otordu garaietan. «Bezeroek uste dute etortzean gosaltzeko lekua izango dutela, eta, jantokian jende gutxi izan dezakegunez, ordutegiak moldatu behar ditugu». Nahi baino bezero gutxiago dituzte, eta langileak ere ohi baino gutxiago: haien %50, hain zuzen, ABEE aldi baterako enplegu erregulazioan.
Bizkaiko hotelen egoeraren guztiz bestelakoa da Ezpeletako Euzkadi hotelarena (Lapurdi). Haren jabe Isabelle Darraidouk kontatu du maiatzean ireki zutenetik ia beti okupatua dutela: «27 gela ditugu, eta horietatik bi edo hiru izaten ditugu hutsik; bestela, beteak ditugu beti». Darraidoutarren hotelean ez dute edukiera mugarik, baina batzuetan taldekatze mugak izan dituzte jantokian: «Lauko edo seiko taldeetan banatu behar genituen bezeroak jatetxean, baina, edukiera mugarik gabe dena betea genuenez, berdin zitzaigun».
Bezeroen jatorrian ere ezberdintasunak daude bi lekuetan. Diazek azaldu du Madril eta Bartzelona ingurutik etortzen zaizkiela batik bat, eta batez ere familiak direla. Darraidouk, berriz, Frantziako jendea du hotelean.
Bosgarren olatua bezeroen dudak eta beldurrak sortzen hasia da batean zein bestean. «Bezero batzuek erreserba bertan behera utzi dute beldurragatik. eta beste batzuek galdezka deitzen dute», kontatu du Diazek. Euzkadi hotelera ere deitzen dute abuztuan erreserba dutenek: batzuek, kutsatzeko beldurragatik eta beste batzuek, txertatu gabe joan daitezkeen galdetzeko. «Txertatu gabe etor daitezkeela esaten diegu, noski, baina ezin dutela gure jatetxean jan».
Diazek eta Darraidouk egoera ezberdina bizi badute ere, biek esan dute egoera kontraesanezkoa dela. «Kaleak beteta daude eta asko maskararik gabe dabiltza, baina guk neurri asko bete behar ditugu aurrera jarraitzeko», salatu du Darraidouk.