astekaria 2021/07/04
arrowItzuli

gizartea

Iñaki Larrañaga hil da, euskal soziolinguistikaren «aita pontekoa»

Irati Urdalleta Lete

Iñaki Larrañaga hil da, euskal soziolinguistikaren «aita pontekoa»

Euskalgintzari estuki loturik aritu izan zen Iñaki Larrañaga (Lazkao, Gipuzkoa, 1933-2021), gazte-gaztetatik. Apaiz, soziologo eta soziolinguista zereginetan aritu izan zen urteetan. Atzo hil zen, 88 urterekin. Besteak beste, Siadeco sozioekonomiaren eta hirigintzaren ikerketarako taldearen sortzaileetako bat izan zen, eta, hain zuzen ere, berak hartu zuen euskararen kale erabileraren neurketa egiteko sistema diseinatzeko ardura.

Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak «harreman handia» izan zuen Larrañagarekin, eta euskal soziolinguistikaren «aita ponteko» gisara definitu du: «Iñaki izan zen soziolinguistika aplikatua Euskal Herrira ekarri zuen pertsona». Amonarriz hamar urtez aritu zen Siadecon Larrañagarekin lanean, eta azaldu du harengandik ikasi zuela soziolinguistikaz dakien gehiena.

Euskara ez ezik, Eliza ere izan zen Larrañagaren bizitzako ildo nagusi. Apaiz egin zen, eta horretan jardun zuen Hernanin eta Itsasondon (Gipuzkoa), besteak beste. Dena den, Amonarrizek azaldu duen eran, «hierarkietatik oso urruti» sentitu izan zen beti. Euskalgintzari lotutako jardunean, ordea, zenbait arlotan aitzindari izan zela nabarmendu du Amonarrizek: «Ikerketa soziolinguistikoan, plangintza soziolinguistikoan, herrietako plangintzan... Arlo horien guztien aitzindariak Iñaki Larrañaga eta Siadeco izan ziren».

Larrañagak hainbat eskualdetako eta herritako egoera aztertzeari ekin zion Siadecorekin, eta lan horren balioa mahai gainean jarri du Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak: «Ikerketa horiek ere akuilu bat izan ziren erakundeetako hizkuntza plangintzei hasiera emateko, baita herri horietan euskararen inguruan zeuden euskalgintzako orduko eragileak astintzeko eta martxan jartzeko ere». Horiez gainera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako soziolinguistika mapa eta euskararen familia bidezko transmisioaren azterketa egin zituen, besteak beste.

Amonarrizek goraipatu egin du Larrañagak taldean aritzeko zuen gaitasuna: «Beti talde lan gisa pentsatuta egin zuen bere lana: Siadecoren babesean eta haren izenarekin plazaratu zituen lan gehenak». Gainera, Jose Maria Sanchez Carrion Txepetx-ekin elkarlanean aritu izan zen zenbaitetan: esaterako, Bilboko Zenbat Gara elkartearen eta Kafe Antzokiaren prestatze eta gogoeta lanean. Egunkaria Sortzen —Euskaldunon Egunkaria-ren akziodun nagusia izango zena— sozietate mugatuaren sortzaileetako bat ere izan zen.

BERRIAn argitaratua (2021/07/03)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA