astekaria 2021/07/04
arrowItzuli

gizartea

Maskararekin, «badaezpada»

Edurne Begiristain

Maskararekin, «badaezpada»

Aldaketa handirik ez da sumatu. Ez espero zitekeen bezainbestekoa, bederen. Astebete da Hego Euskal Herrian bertan behera utzi zela kalean maskara jantzita eramateko derrigortasuna, baina neurria leundu izanak ez ditu sobera aldarazi herritarren ohiturak. Herritar askok maskara janzten segitu dute kalean, baita segurtasun distantzia mantentzea posible den tokietan ere. Zalantzarik ez da, hala ere, arindua ekarri duela neurriak, ahoa maskararekin estaltzeari uzteko aski gogo baitzegoen gizartean; herritar askok eskertu egin dute kaleko airea iragazkirik gabe arnasteko aukera izatea.

Gasteizko auzo handienetakoa da Zabalgana, berdegune askorekin eta kale zabalekin, eta goizetik ikus daitezke familia asko bizikletan paseoak ematen. Aspaldiko partez, uda giroko eguna dute hirian, eta eguzki izpiez gozatzeko aukera baliatu dute gasteiztar ugarik goizean goiz. Gutxi batzuk ikus daitezke maskara jarrita; gehienek kokotsean edo ukondoan daramate. «Bizikletan baldin bagoaz, ez dugu inolako arriskurik ikusten, eta aire freskoa arnastea baino gauza osasuntsuagorik ez dago». Bi seme-alabekin batera paseo bat ematen ari da Ernesto Cuadrado bizikletaz, eta kenduta darama maskara. Kazetaria galdezka hurbildu zaionean, ordea, berehala jantzi du. «Badaezpada», esan dio.

Maskararen erabilera arindu zenetik, goraldian da berriro birusa, eta zuhur jokatzearen alde egin dute herritar askok hirian. Batez ere jendea pilatzen den tokietan. Umeen parkeetan, esaterako, ez da samurra izaten segurtasun distantzia mantentzea. Eneko Rubiok maskara jantzi du bi urteko semea kolunpioetan gora eta behera dabilen bitartean. «Kalean bakarrik baldin banoa, ez dut janzten, eta ezta bizikletaz noanean ere. Baina umeen parkera iritsi bezain pronto, jantzi egiten dut, jendea dagoelako». Rubiok argi du izurriak errotik eraldatu duela herritarren jokaera, eta baita «subkontzientea» ere: «Gure espaziora egokitu gara, bi metroko segurtasun distantzia horretara, eta ez gara hain erraz gerturatzen besteengana».

Erdigunean, gehiago

Begi bistan dago izurriak herritarren ohiturak aldatu dituela, eta denbora beharko dela errotuak diren jokabide batzuk lehengora bueltatzeko. Kanpoaldean maskara janzteko derrigortasunak hamahiru hilabete iraun du, eta egoera berrira moldatu beharra dago orain. «Nire asmoa zen kalera irten orduko maskara kentzea, baina ikusi dut gehienek erabiltzen jarraitzen dutela, eta hasieran uste nuen baino gehiago eramaten dut kalean jantzita». Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan dago Oihane Gabirondo, eta etxetik irten denetik ez du maskara kendu. «Auzotik ibiltzen banaiz, noiz edo noiz kendu egiten dut, baldin eta jende gutxi badago edo bakarrik baldin banoa, baina hemendik beti daramat jarrita». Erosotasunagatik ere erabiltzen jarraitzen du, toki itxietara sartu behar duen bakoitzean jantzi behar ez izateko: «Etxetik ogia erostera baldin banoa, tarte horretan ez dut kentzen».

Eguerdirako, lepo daude hiri erdiguneko tabernetako terraza ia denak, eta maskara gutxi ikus daitezke tragoak hartzen daudenen artean. «Kalera atera orduko, kendu egiten dut», aitortu du Sergio Martinezek, lagunekin mahai baten bueltan dagoela. «Jende pilaketak daudenean jartzen dut; bestela, ez», erantsi du.

Kaletik ahoa biluzik daramatenak ere ikus daitezke karriketatik. Josune Garaialdek ukondoan darama maskara, leku itxietara sartu behar duenean erraz janzteko. Neurria arindu izana txalotu du: «Ez nuen beharrezkoa ikusten; are, antsietate pixka bat ere sortzen zidan kalean eramateak. Arduraz jokatuz gero, ez dut uste beharrezkoa denik».

BERRIAn argitaratua (2021/07/03)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA