astekaria 2015/10/16
arrowItzuli

iritzia

Izoztutako bizikletak

Zihara Enbeita

Izoztutako bizikletak Zihara Enbeita

Israeleko gobernuak ez omen ditu segurtasun indarrek hildako palestinarren gorpuak bueltan euren senitartekoengana eramango. Asteon eman dute erabaki horren berri. Ez diote familiari senidearen gorpua euren lurrean lurperatzen utziko. Hiletak manifestazio bihurtzen omen dituztelako hartu omen dute erabaki hori, martir moduan, heroi moduan, lurperatuak izan ez daitezen; baina senideak ere zelan edo halan akabatzea izango da egingo duten bakarra. Ingurukoen azken agurrik gabe, duintasuna lapurtzeko azken ahalegina dirudi. Israelen lurperatuko omen dituzte bertako agintariek. Militarren hilerri zaharren batean, antza. Erabaki hori hartu duen gobernu batek nola lurperatuko dituen pentsatu ere ez dut egin nahi.

Bat-batean, Jose Ariztimuño Aitzol apaiz euskaltzalearen ondorengoa den Aitzol Azpirozek egunkari honetan esandakoak datozkit burura. «Aitona-amonek loreak uzten zituzten hilobia hutsik zegoen». Eta hustasun hori sentitzea zeinen gogorra izan behar duen imajinatzea ere zail egiten zait.

«Argentinako kereilan dauden kasuekin alderatuta, nirea tortura kasu xume bat da», dio Azpirozekin batera Servini epailearen aurrean deklaratuko duen Pedro Estonbak, eta tortura xumea nola izan daitekeen galdetu diot neure buruari. Eta hotzak harrapatu nau. Neguak hartu du dena. Eta Siriako errefuxiatuek Europara sartzeko ahaleginetan orain Artikoko bidera jo dutela irakurri dut egunkari batean, Errusia eta Norvegia arteko mugatik urrian bakarrik 500 errefuxiatu pasatu direla (irakiarrak eta afganiarrak ere bai tartean). Ezin omen da oinez gurutzatu muga bera eta bizikletan egiten omen dute eta irudian ageri diren izoztutako bizikletei begira gelditu naiz. Geldi-geldi. Eta hotza sentitu arren, etenik gabeko negua bizitzea zer den imajinatu ere ezin dezakedala konturatu naiz.

BERRIAn argitaratua (2015/10/14)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA