astekaria 2021/07/04
arrowItzuli

gizartea

Martxan da ziurtagiri berdea ia Europa osoan

Juanma Gallego

Martxan da ziurtagiri berdea ia Europa osoan

Gaurtik aurrera indarrean dago EBko COVID ziurtagiria Europako Batasuneko herrialde gehienetan, eta baita Schengen eremuko beste hainbat herrialdetan ere, hala nola Islandian, Liechtensteinen, Norvegian eta Suitzan. Hitzordura etxeko lanak eginda iritsi ez den estatu kide bakarra Irlandako Errepublika izan da. Maiatzean Dublinek nozitutako zibereraso bati egotzi zion atzo atzerapena Didier Reynders Europako Justizia komisarioak.

Greziak eskatu zuen urtearen hasieran ziurtagiria ezartzeko, batez ere turismoari lotutako jardun ekonomikoa sustatzeko. Europako Batzordeak maiatzean adostu zituen ziurtagiri komuna bideratzeko joko arauak, baina oraindik ere badira estatu kide bakoitzaren irizpideen araberakoak izango diren erabaki asko.

ESKURATZEKO MODUA

Hego Euskal Herrian, Osasunbideak eta Osakidetzak beren webguneen bitartez ematen dute ziurtagiria eskuratzeko aukera. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, gaurtik aurrera Jaurlaritzaren Zuzenean zerbitzuko egoitzetan ere jaso ahalko da, aldez aurretik ordua hartuta. Nafarroan, osasun zentroetan ere eskatu daiteke. Orain arte, 185.000 ziurtagiri inguru eman dituzte Hegoaldeko osasun sistemek. PCR eta antigenoen probei dagokienez, osasun agintariek onartutako laborategietan egin daitezke, eta haiek arduratzen dira informazio hori osasun agintariei helarazteaz.

Ipar Euskal Herrian, gizarte segurantzaren webgunera jo behar da ziurtagiria hartzeko, Ameli.fr helbidera.

EMATEN DUEN INFORMAZIOA

Ziurtagiriak hiru informazio mota ematen ditu: EMA Sendagaien Europako Agentziak edo OME Osasunaren Mundu Erakundeak onartu dituzten txertoetako bat hartu ote den, ziurtagiria lortu aurreko azken sei hilabeteetan gaitza igaro ote den, edota azken 72-48 orduetan PCR edo antigeno proba batean negatibo eman ote den.

FORMATUA

Ziurtagiria paperean edota PDF agiri batean eraman daiteke, bidaiariaren egoeraren inguruko informazioa QR kode batean bilduta dagoelako. Kode hori da mugetan eskaneatzen dutena. Iparraldearen kasuan, TousAntiCovid izeneko aplikazioan ere eraman daiteke ziurtagiria.

BIDAIATZEKO ASKATASUNA

Europako Batzordeak beti argi utzi du ziurtagiria ez dela beharrezkoa izango estatu kide batetik bestera bidaiatzeko, «mugimendu askatasuna» bermatuta dagoela argudiatuz. Baina, bide beretik, beti erantsi du ziurtagiririk gabe bidaiatzen duten herritarrei proba eta bestelako betekizun bereziak eskatu ahal zaizkiela, estatu bakoitzak jarritako irizpideen arabera. Horiek, ordea, berdinak izan beharko lukete ziurtagiria duten herritar guztientzat, Europako Batzordearen arabera.

Hasierako planteamendua hori izanik ere, hasi dira sortzen lehen arrakalak. Adibidez, asteartean Alemaniak iragarri zuen berrogeialdia eskatuko diela Portugaldik iritsitako herritarrei, ziurtagiria izan ala ez, Delta aldaeraren zabalpenaren karietara. Alemaniak bezala, herrialde askok zerrenden sistema ezarria dute, eta jatorrizko estatuaren osasun egoeraren arabera jokatzen dute.

BERRIAn argitaratua (2021/06/30)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA