astekaria 2021/07/04
arrowItzuli

bizigiro

ILAZKI LILI ETA LEIRE AIARTZAGUENA

«Balioen transmisio bat lortu nahi dugu»

Enekoitz Telleria Sarriegi

«Balioen transmisio bat lortu nahi dugu»

Dinagu kolektiboaren izenean ari dira Ilazki Lili (Azpeitia, Gipuzkoa, 1987) eta Leire Aiartzaguena (Iurreta, Bizkaia, 1994), baina beste lau sortzailek osatzen dute taldea: Maider Gaztelumendik (moda etikoa), Agara Agirrek (bitxigintza), Edurne Kortabarriak (ilustrazioa) eta Karmele Salsamendik (osagarriak). Sortzaile nomadak denak, bidean sareak josi nahi dituztenak. Lehen geltokia: Azpeitia (Gipuzkoa), uztailaren 18an.

Hika egingo dinagu?

ILAZKI LILI: Hala nahi baduk, bai.

LEIRE AIARTZAGUENA: Nik ez dut kontrolatzen. Aitak ez zidan erakutsi, neska nintzenez, eta ez dut ikasi.

Nondik dator izena?

LILI: Ahal izate horretatik dator. Hika aritzea bera ahalduntzeko tresna gisa bizi izan dugu askok. Gure inguruko gizonezkoek hizkera hori erabiltzen zuten haien artean, eta lotura bat sortu. Guk ere horrela nahi genuen erabili, gure artean ere lotura hori sortzeko.

Emakumeak, sortzaileak eta nomadak. Zergatik?

AIARTZAGUENA: Sortzaileak izan eta azoka batetik bestera ibiliko garelako. Ez da izango beti toki berean.

Ibiltariak, eta bide urratzaileak?

AIARTZAGUENA: Euskal Herri osoa aintzat hartuta egiten dutenik ez dut uste asko daudenik, ez.

Eta emakumezkoena?

LILI: Sarean begira hasten bazara, ikusiko duzu moda, bitxigintza, ilustrazio... mundu horietan asko eta asko emakumezkoak direla. Gehien batzen gaituena da Euskal Herrian euskaraz komunikatzen garen emakumezko sortzaile ezberdinak garela. Hortik abiatzen da gure proiektua.

AIARTZAGUENA: Gure azoka ziurrenik ezberdina da, hain justu, alderdi horretatik. Balio batzuk transmititu nahi ditugu. Kontua ez da postua jarri eta ea nork saltzen duen gehiago. Balioen transmisio bat dago atzean.

Diozue modaren zein irudigintzaren leiho bat nahi duzuela izan. Baina zer ikusten da leihotik?

AIARTZAGUENA: Modaren arloan nabaritzen da aldaketa bat. Urte asko egin ditugu moda azkarraren zurrunbiloan sartuta. Gaurkoa jasangarriagoa eta geldoagoa da, nolabait. Baina oraindik zaila da gure artisau mundura jendea erakartzea. Etsaia handia eta indartsua delako.

Nor da bada, etsaia?

AIARTZAGUENA: Kontsumo azkarreko moda hori.

LILI: Erakusleiho baten beharra ikusten dugu ari garelako kontsumo eredua aldatu behar dugula esaten, baina jendeak ez daki zer dagoen, zer sortzaile dauden, eta zer egin behar duen produktu geldoago horiek eskuratzeko.

Baina kontsumo eredua ez ote da orain indartu den hori? Etxetik eta Amazon bidez?

ARRUTI: [Barrez] Guk ere baditugu online dendak!

AIARTZAGUENA: Guk ere saltzen dugu Internet bidez, baina azokak daukan bereziena da aurrez aurrekoa: tratua, gure lanak gertutik ikustea, azaltzea. Horrekin lortzen duzu jendeak zure produktua beste era batera baloratzea.

Ahizpatasuna ere nabarmentzen duzue. Alegia, elkarrekin hobeto?

LILI: Hasieratik ikusi dugun zerbait izan da elkarrekin leku gehiagotara iristeko gaitasuna dugula, elkarrekin ikasi egiten dugula, eta elkarren babes bat sentitzen dugula.

AIARTZAGUENA: Batzeak berak sortzen du gure arteko konplizitate bat. Batzuetan badirudielako konpetentzia sortzen dela alboko postuarekin, eta kutsu txarreko irudi horiek kentzea ere bada helburua: «Denok batzen bagara, askoz indartsuagoak izango gara». Eta ez dela lehia bat, elkar babesteko sare bat ere badela, elkartasun gune bat.

Dinagu egitasmoaren bigarren urratsa da hau?

AIARTZAGUENA: Helburua hasieran zerbait berria sortzea zen, baina Dinaguko hasierako lantaldearekin juntatu ginenez, pentsatu genuen baliatzea lehen egindako ibilbide guztia eta bigarren pauso bat ematea; hura indartzea.

LILI: Mezua, azkenean, berbera zelako. Eta han zegoen tiraderan gordeta. Berriro heldu genion.

Zuen sortzaile sena nondik dator?

LILI: Jantziak egiten ditut nik, arropa marka bat daukat [Biziki]. Txikitatik jaso dut etxean eskuekin egin eta konpondu daitekeen guztiarekiko halako erakarmen bat.

AIARTZAGUENA: Amarekin batera sortzen ditut kakorratz eta makrame lanak [Ehule]. Ama ezagutzen dudanetik izan da sortzailea, eta familiako guztiok daukagu zerbait sortzaile sen horretatik.

Ziur askotan galdetu dizuetela, eta ez zaizuela gustatzen: baina bizi daiteke honetatik?

LILI: Hori ere bada Dinaguren helburua. Erakusleiho honen bitartez proiektu hauei ikusgaitasuna ematea, eta, neurri batean, bizitzeko modukoak egiten hastea.

AIARTZAGUENA: Gorabehera handiak dituen ofizioa da. Baina bizi daiteke? Zuk duzun bizitza ereduaren araberakoa da hori.

BERRIAn argitaratua (2021/07/01)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA