astekaria 2021/07/04
arrowItzuli

kirola

Askok jantzi zuten Xalaren txapela

Imanol Magro Eizmendi

Askok jantzi zuten Xalaren txapela Imanol Magro Eizmendi

«Zeruak eman dit txapel hau. Hurrengoan enpresek bi aldiz pentsatuko dute horrelako erabaki bat hartu aurretik». Bihar hamar urte beteko dira Yves Salaberri Xala-k esaldi hura esan, eta artikulu hau janzten duen argazkia atera ziotenetik, Bilbon. Bere ibilbidean irabazi zuen buruz buruko txapel bakarra izan zen, eta, era berean, pilota profesionalak azken urteetan jasan duen lurrikara handienetako baten puntu gorena. Final ikusgarria izan zen: 17-10 galtzen hasi ondoren, itsu-itsuan arriskatzea erabaki, eta 22-19 nagusitu zitzaion Aimar Olaizolari. Aldapa gora hasitako finala ausardiari esker irabazi zuen. Final haren inguruko gorabehera guztien laburpen perfektua izan zitekeen, baina kantxan ez bezala, aurrekoetan Xala ez zen bakarrik egon.

Final hark ikusle datu oso onak lortu zituen ETB1en: %36,2ko ikusle kuota izan zuen, 2010ekoak baino hamabi puntu gehiago, eta une erabakigarrietan %47ra iritsi zen. Pilotazale guztiek ikusi zituzten kantxa gainekoak, baina final hark asko gorde zuen ezkutuan, eta partida bera bezain harrigarriak izan ziren. Efemeride biribilak atzera begiratzeko aukera aproposak dira, eta, kasu honetan, bere garaian azaldu ez ziren hainbat xehetasun azaleratzekoa. Horietako bi Eugin (Nafarroa) eta Azkainen (Lapurdi) kokatu behar dira.

Ezer baino lehen, komeni da testuingurua gogoratzea, Xala finaletik kanpo gelditzeko zorian egon baitzen. Uztailaren 3an jokatu zen, baina hasierako data ekainaren 12a zuen. Olaizola II.ak astebetez atzeratu zuen lehenbizi, 19ra arte, eta, handik gutxira, ekainaren 6an, Xalari apendizitis ebakuntza egin zioten. Finala atzeratzeko eskatu, eta ez zioten onartu, eta Oinatz Bengoetxea hirugarren sailkatua izendatu zuten haren ordez jokatzeko. Xalak, baina, ez zuen Enpresen Ligaren (EPEL) ebazpena onartu, eta epaitegietara joatearekin mehatxu egin zuen, ekainaren 14an Irunen (Gipuzkoa) emaniko prentsaurrekoan. Iskanbila handia sortu zen, eta ondoren Enpresen Ligaren epaileak «salbuespenez» finala uztailaren 3ra atzeratzea erabaki zuen. Baina zergatik?

Eugiko bilera

Xalak esker bereziak eman zizkien enpresakideei eta Ipar Euskal Herriko alkateei haien babesarengatik. Baina zer izan zen babes hori? Keinu sinbolikoez haratago joan zen. Orduko Aspeko pilotariek Xalaren aldeko jarrera irmoa erakutsi zuten aldagela barrutik. Ez zeuden konforme EPELen erabakiarekin, ezta azken hilabeteetan harturiko beste batzuekin ere. Lau hilabete lehenago Abel Barriolari ez zioten utzi binakako finala astebetez atzeratzen, eta Mikel Beroizek ordezkatu zuen. Urte hartako 2. Mailako binakakoan, Olazabal- Ladis Galarzari finalerdietako partida bat 22-0 galdutzat eman zieten, ez zegoelako Galarzaren ordezkorik. Larrua bueltaturiko pilotak eta Cipri pilotagilearenak ere desagertu berriak ziren. Aspen askok zituzten gustuko.

Xalaren kinka larria ikusita, Aspeko pilotariek bilera egin zuten Fernando Goñi pilotari ohiak Eugin duen hotelean. Ia guztiak bildu ziren han, eta beraien ezinegonak hizpidera ekarri zituzten. Pilota munduko barne gatazka gehienak Asegarcek -Baikoren orduko izena- irabazten zituela uste zuten. Bileratik bertatik enpresari deitzea erabaki zuten haien jarrera eta kezkak azaltzeko. Xalaren finala atzeratu ezean, neurriak hartzeko prest zeudela esan zioten. Neurriak zeintzuk izango ziren ez zuten zehaztu. Handik gutxira, Enpresen Ligak finala atzeratzea erabaki zuen.

Hura, baina, ez zen izan enpresek jaso zuten dei bakarra. Ipar Euskal Herrian haserrea zen nagusi, erabakiarengatik. Haserre hori bideratzeko bidea, baina, Lapurdiko hainbat herritako auzapezak izan ziren. Xalaren prentsaurrekoan hitza hartu zuen Jean Louis Ladutxe Azkaineko alkateak, eta laguntzeko baimena eskatu zion pilotariari. Hark onartu, eta Ladutxek hainbat pertsona ezagunen eta beste alkate batzuen sinadura eta babes bilketa publikoa hasi zuen.

Alkateen deia EPELi

Babesa urrunago eraman zuen. Ladutxek, hainbat alkateren onespenarekin eta haien izenean, Borja Oses Enpresen Ligako epaileari deitu zion telefonoz. Asperekin harremanetan jartzen saiatu zen, ohiko zuen bidetik, baina ez zuen lortu, eta Osesengana jo zuen. Xalak finala jokatzen ez bazuen, Enpresen Ligak Ipar Euskal Herrira sartzea zail izango zuela esan zion. Fax bat ere bidali zion. Lapurdin ohikoa da udalek jaialdien kontratazioan parte hartzea. Urte hartan, Xalak eta Sebastian Gonzalezek Ipar Euskal Herrian antolaturiko hamar jaialditan hartu zuten parte - ezker paretan eta trinketean-. 2010ean, berriz, zazpi izan ziren. Merkatu txikia zen, baina merkatua, hala ere. Esker on keinu moduan, Xalak auzapez horietako batzuk gonbidatu zituen finalera. Osesek bakarrik daki pilotarien eta alkateen jarrerak zenbateraino eragin zuten bere erabakian, eta zenbat arrazoi gehiago egon ziren.

Eta Asegarcek zer egin zuen? Olaizola II.ak ez zion inolako trabarik jarri atzerapenari, eta Xalari behar adina itxarongo ziola esan zuen. Bengoetxea VI.ak ere onartu zuen lasaitua hartu zuela Xalari atzerapena onartu ziotenean. Hainbat pilotarik Interneten antolaturiko elkartasun eskaera sinatu zuten. Enpresak, aldiz, ez zituen gauzak erraztu. Xala garaiz sendatu ez, eta finala bertan behera gelditu izan balitz, Aspek 144.000 euro ordaindu beharko zizkion «finalaren ustiapen ekonomikoa konpentsatzeko» -Bizkaiko Aldundiarekin nola banatuko zukeen ez da argitzen-. Bainet Publizitatea enpresak, berriz, eskatu zuen 120.000 euroko kalte ordaina emateko partida bertan behera gelditzen bazen. Datu publikoak dira, Aspek eta Xalak 2017an izandako auzibidearen ebazpenean ageri dira. Era berean, finala jokatu ez balitz, Olaizola II.a izendatuko zuten txapeldun.

Elkartearen kimua?

Final hark, baina, beste atal bat izan zuen, Aspeko pilotariak berriz ere elkartu zirelako ondoren. Bigarren bilera Etxarri Aranatzen (Nafarroa) izan zen. Ordukoan gehiagok egin zuten kale. Pilotari elkarte bat osatzeko egitasmo argia zegoen mahai gainean. Ez sindikatua, baina bai elkarte bat. Gerora, baina, grina apalduz joan zen, eta ez zen hezurmamitu.

Pilota ziklikoa dela diote, eta errealitateak berresten du. Hamar urte geroago, buruz buruko finala atzeratu edo ez eztabaidatu da. Eta hamar urte geroago, enpresa bateko pilotariak berriz ere elkartu dira buruari deitu, kasu honetan greba antolatu, eta elkarte bat osatzeko lehen pausoak emateko. Hobe dute egitasmoa hozten ez uztea. Iraganeko lezioak dira ikasgai onena. Xalak eskertuko zukeen duela hamar urte elkarteren bat egon izan balitz, baita Baikoko pilotariek ere, iaz.

BERRIAn argitaratua (2021/07/01)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA