astekaria 2021/07/04
arrowItzuli

gizartea

GEMA VARONA MARTINEZ

«Abusu salaketak auzitan jarrita, biktimen mina areagotzen du Elizak»

Ion Orzaiz

«Abusu salaketak auzitan jarrita, biktimen mina areagotzen du Elizak»

Zortzi urte daramatza Gema Varona Martinezek (Donostia, 1969) Eliza katolikoaren menpeko ikastetxe, komentu eta bestelako zentroetan salatutako sexu abusuak ikertzen. Delitu horiek «izaera berezia» dutela uste du EHU Euskal Herriko Unibertsitateko eta Kriminologiaren Euskal Institutuko ikerlariak.

Proiektu berria aurkeztu duzue. Zertan datza?

2018an hasitako ikerlan bat da, eta aurten bukatu dugu. Unibertsitate bakoitzak ikerketa lerro bat hautatu du: Bartzelonako Unibertsitateak, adibidez, Elizaren barruko abusuen eraginak aztertu ditu; Kataluniako Unibertsitate Irekiak, berriz, inkesta egin du elizgizonen artean, abusuei buruz zer iritzi duten jakiteko; eta EHUn, azkenik, 48 biktima elkarrizketatu ditugu.

Zeintzuk dira ondorioak?

Bartzelonako Unibertsitatearen ikerlanari dagokionez, ondorioztatu dugu Elizaren barruko abusuek eragin berezia dutela biktimengan: traizio espirituala izena eman zaio fenomeno horri. Sexu abusu orok eragina du duintasunean, osasun fisikoan nahiz psikologikoan, konfiantzan, sexualitatean... baina Elizan gertatzen direnek badute kalte gehigarri bat ere, biktimaren fede edo sinesmenei eragiten diena. Abusatzaileek jainkoaren ideia erabiltzen dute, adingabearen zaurgarritasunean sakontzeko. «Hau da Jaungoikoaren borondatea», «hau inori kontatzen badiozu, Jainkoa haserrearaziko duzu»... Biktima ugarik salatu dute halakoak esaten zizkietela, azpiratzeko eta erasotzaileek eurengan zuten boterea sendotzeko.

Kataluniako Unibertsitate Irekiak inkesta bat egin du elizgizonen artean. Zer galdetu diete?

Abusuen auziaren gainean Elizaren barruan nagusi den ikuspegia ezagutu nahi zuten, eta erantzun argigarri batzuk jaso zituzten: besteak beste, interesgarria da gehienek delitu izaera aitortzen dietela abusuei. Begi bistako baieztapena dirudi, pellokeria hutsa, baina duela gutxi arte, ez zen oso ohikoa Elizako kideen artean: askorentzat, adingabeez abusatzea ez zen delitua, bekatua baizik. Bestalde, oso hedatua dago sagar ustelen teoria: alegia, abusatzaileak sagar ustelak direla Elizaren saskian, baina gehienak ez daudela kutsatuta. Hortaz, nahikoa litzateke fruitu ustelak ateratzea arazoa konpontzeko.

Ez da hala?

Gure ikerketan parte hartu zuen biktimetako batek ongi azaldu zuen: sagar ustelak detektatzen badira, agian erreparatu beharko zaio saskiari, ez ote den hori sagarrak kutsatzen dituen faktoreetako bat. Bestalde, sagar ustel bat atzematean, ez da nahikoa hori baztertzea: harekin lan egin beharko da, tratamendua eman eta arduraz jokatu, inor gehiago kutsa ez dadin.

Elizak parte hartu al du zuen ikerketan?

Ez dugu haien laguntzarik jaso, ez. Ikerketa honen aurretik ere, 2013an, Espainiako Elizaren artxiboetara jotzeko baimena eskatu genien, uste genuelako elkarlanerako jarrera izanen zutela, AEBetako eta Alemaniako elizek beren dokumentazioa unibertsitateko ikerlarien esku utzi zuten bezala. Ez zen posible izan. Ate asko jo genituen, baina ia ez genuen erantzunik jaso, eta jasotako erantzun bakanak ezezkoak izan ziren: batzuek esan ziguten ez zutela inongo abusuren berri, eta beste batzuek, berriz, agiriak sekretuak zirela.

Elizaren jokabide horrek nola eragiten die abusuen biktimei?

Oso kaltegarria da, bigarrenez biktimizatzen dituelako. Botere gehiegikeriaren espiralaren parte da hori ere. Alde batetik, boterea erabiltzen dute delitua egin duten apaizek, egoera zaurgarrian diren adingabeen aurka; eta, bestetik, biktima batek abusua salatzea erabakitzen duenean ere boterea eragiten du Elizak, erakunde gisa: salatutakoa zalantzan jartzen dute; xantaia emozionala egiten diote biktimari, Elizari kalte izugarria eginen diola esanez; biktima bera gutxiesten dute... Gurekin hitz egin duten biktima askorentzat, bigarren faseko biktimizazio hori da sexu abusua edo bortxaketa bera baino mingarriagoa.

BERRIAn argitaratua (2021/07/01)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA