kultura
JOXEMARI ITURRALDE
«Soldaduska garai penagarrian hasi nintzen haikuak idazten»
Gorka Arrese
Azpititulua du liburu berriak: Ia ehun haiku.
Mila haiku eta bat gehiago izeneko liburu bat prest daukat, euskaraz eta gaztelaniaz. Hori argitaratzeak liburu oso mardula egitea esan nahi du. Pamiela argitaletxeak nahi izan du orri bakoitzeko haiku bana ipintzea, arnasa ematea, independentzia eta izaera propioa eduki dezaten. Orduan, 99 aukeratu ditut, eta hitzaurre labur bat egin diet.
Aspalditik idazten al dituzu haikuak?
Haikuen lehen erreferentzia Octavio Pazen liburu batean izan nuen, unibertsitate garaian. Ondoren, 1971n, uda Londresen pasatzen ari nintzela, Japoniako poesia mota horri buruz sakontzen hasi nintzen. Soldaduska garai penagarrian hasi nintzen haikuak idazten, 1973an; efektu baltsamikoa izan zuten. Eta 1978an, Berkeleyn, Kaliforniako Unibertsitatean, Allen Ginsberg eta Peter Orlovsky ikusi nituen errezitatzen. Ordutik gaur arte ari naiz haikuak idazten. Hiru mila inguru izango ditut.
Zer garaitakoak aukeratu dituzu? Eta zein dira gaiak?
Pixka bat denetik. Batzuk aspaldi idatzitakoak dira, eta pandemia garai honetakoak berrienak. Natura, unibertsoa, denbora, eguraldia, harremanak, amodioa eta desamodioa, bakardadea... denetik dago gaien aldetik. Eta sartu ditut gaizki egindako batzuk ere, keinu moduan; benetan haikuak ez direnak ere bai. Apropos egindako jokoak dira.
Lehen poema liburua duzu Udaberria sutan.
Tira, hau haiku liburu bat da. Poema asko idatzi dut, eta han eta hemen argitaratu. Esate baterako, Pott aldizkariko lehendabiziko alean agertzen den aurreneko poema nik idatzitakoa da; eta hirugarren zenbakian, poema pila bat Pragari buruz. Poema liburu batzuk ere bukatuta dauzkat, karpetetan gordeta. Garai batean lagunei esaten nien lehenengo nobela 40 urterekin plazaratuko nuela, eta lehenengo poema liburua 60 urterekin; eta urrian beteko ditut 70 urte.
5-7-5 edo hamazazpi silaba. Neurria ez da arrotza egiten, ezta?
Kontu egin ezazu gure poemagintzan badaudela antzeko neurriak. Ziur aski, Espainiako letrillas haietatik etorriko zaigu hori. Kopletan 7-6-7-6 silabako bertsoak egiten dira hemen. Esaten dute Juan Perez Lazarragaren eskuizkribuan badirela Estibalitz Sasiolaren hiru poema, XVI. mendekoak beraz; hartu dut poema bat, haiku moduan jarri dut, eta oso-oso gertu daude. Arrotzak izan litezke haikuen arauak, hau da: hiru bertso, 5-7-5 neurria, errimarik ez, kigo edo urtaroa iradokitzen duen hitza, trinkotasuna...
Malenkonia du haikuak.
Bai, malenkonia kutsu bat. Baina ez dakit zergatik diren malenkoniatsuak. Ez du zerikusirik oroiminarekin, ezta tristurarekin ere. Zaila da esplikatzen.
Isiltasuna ere badu.
Haikuaren hiru lerroak irakurri, oihartzuna barneratu, begiak itxi eta ikusi egiten duzu. Eta derrepente, isiltasuna. Ekialdekoa da hori. Hemen gehiago gara kontakizunari lotuak. Eta zarata, eta txaloak.
Iheskorrak al dira haikuak?
Zerbait igaro da. Zerbait bukatu da. Zerbait hasiko da. Ez dut horri buruz pentsatu behar ordea. Nahiago dut, ibaia bezala, joaten utzi. Eta egin, baina ez hasi arrazionalki ulertzen edo aztertzen.
Zer diozu plastizitateaz?
Hori bai, ezaugarri garrantzitsua da. Irudi biziak baitira haikuak. Dena isiltzen denean, margo baten antzera, hor geratzen da momentu jakin baten irudia.
Lore itxura al dute?
Naturari begiratzen dio haikuak. Lore bat bezala, bai, zaindu egin behar da, ureztatu. Hazi egingo da. Kolorea eta usaina emango dizkizu.
Nola itzuli haiku bat? Eta zein hizkuntzatara hobe?
Nire ustea da poesia ezin dela itzuli. Egin beharko da hurbilketa bat. Bidean asko galdu behar izanez gero, egokiena da bertsio bat egitea. Eta eskatzen hasita, euskaratik zuzenean japonierara itzultzea izango litzateke ederrena.